Aspaldikoa da euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena Euskal Herrian. Eta, helburua lortzeari begira, urrats bat gehiago egin nahi du sortu berri den Jauzia egitasmoak. «Gizartearen gehiengoak bat egiten du euskal selekzioaren aldeko aldarrikapenarekin». Hala azaldu zuen Garazi Muniain egitasmoko kideak atzo Durangon (Bizkaia) egindako egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Aldarrikapen horretan indarrak bildu eta elkarlana bultzatuko du Jauziak. Eta argi adierazi zuen Muniainek egitasmoaren azken asmoa zein den: «Euskal Herriko kirolariak euskal selekzioa ordezkatzen ikusi nahi ditugu Europako eta munduko txapelketetan edota Olinpiar edo Paralinpiar jokoetan».
One country, one team. Herri bat, talde bat. Lelo hori aukeratu du Jauzia egitasmoak bere ibilbideari ekiteko. 1995ean Hegoafrikako errugbi selekzioak Munduko Kopan erabilitako lelo bera, alegia. «Eskubideen domina eskuratu nahi dugu, beste inor ukatu gabe, baina, aldi berean, inposaketarik jasan gabe».
Herritarren, kirolarien, federazioen eta instituzioen arteko elkarlana bultzatuko dutela adierazi zuen Muniainek: «Badakigu ofizialtasunaren aldarrikapenak bat egiten duela hiritarren sektore zabal baten gogoarekin». Eta, horregatik, talde lana izango dute ardatz. Kirolarien artean hasiak dira atxikimenduak jasotzen. Baina babes handiagoa izateko lan egingo dute aurrerantzean ere. Muniainek azpimarratu zuen garaia dela euskal selekzioaren alde jauzi egiteko: «Talde berean eta elastiko berarekin lan egingo dugu. Batzen gaituenaren inguruan indarrak bildu eta harremanak gaurkotzeko parte-hartze mekanismoak sortuko ditugu». Eta kirolaren balioak oinarri izanda lan egin nahi dute. «Elkarlana, elkartasuna, esfortzua, errespetua eta enpatia izango ditugu oinarrian».
Bilbon egingo du sortu berri den egitasmoak lehen ekitaldia; hilaren 28an, hain zuzen ere. Euskal selekzioak eta Kataluniakoak futbol partida jokatuko dute egun horretan San Mamesen. Baina argi utzi zuen Muniainek: Jauziak ez du futbola soilik hartuko. «Kirol arlo guztiak hartu nahi ditugu aintzat,eta guztiek euskal selekzioan jokatzeko eskubidea izan dezaten lan egingo dugu». Dei egin dute hilaren 28an antolatuko dituzten ekitaldietan parte hartzeko: «Kirol giro sanoan pasatuko dugu eguna». Jauziako kideak aurreratu zuen orotariko eskaintza antolatuko dutela. «Euskal Herriko kirol selekzioek nazioarteko txapelketetan parte hartzeko eskubidea dutela eskatzeko, tsunami berdea osatuko dugu».
«Tsunami berde bat Bilbon»
Kirolak gizartean duen garrantzia nabarmendu zuen Jauziako kideak. «Gizartearen zati handi batentzat, poztasunaren edo sentipen komun baikorren iturria da kirola». Eta askotariko onurak ikusten dizkiote Euskal Herriak selekzio ofiziala izateari. Kirolarientzat «ona» litzateke, egitasmoko kidearen arabera. Azaldu du «propiotzat sentitzen dituzten koloreak» defenditzeaz gain aukera izango luketela «maila hobetu, beharrezkoak dituzten azpiegitura eta planak eskuratu eta gaztetatik munduko kirolari onenen aurka aritzeko». «Zaleek ere gozatu ederra izango lukete». Horiez gain, bestelako etekinak ere ekarriko luke selekzio propioa izateak, Muniainen hitzetan: «Mundu zabalean Euskal Herriko marka eta balioak zabaltzeko aukera emango liguke». Ekonomikoki ere onurak ikusten dizkiote.
Euskal selekzioaren aldarrikapena errealitate bihurtu nahi du Jauziak. Eta helburuarekin bat egiten dutenei parte hartzeko deia egin zien Muniainek. «Denok dugu tokia. Etorkizuneko garaipen kolektiboa eraikitzeko aukera izango dugu bertan».
Ofizialtasunerako Jauzia
Jauzia egitasmoa sortu dute, euskal selekzioaren aldeko lanean orotariko indarrak biltzeko xedearekin.Hainbat esparrutako kirolarien babesa jaso du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu