Distirarik gabe, zenbaitetan baloiari uko eginda, finean ofizioz, hiru puntuak lortu ditu Realak Bartzelonarekin jokatutako partidan. Txuri-urdinek ederki baliatu dute partida hasi eta berehala kataluniarrek egin dieten oparia, eta latzak igaro ditu markagailuari bere horretan amaierara arte eusteko.
Indartsu hasi dute partida donostiarrek, eta alde jarri zaie lehia bigarren minuturako; Canalesek baloia erdiratu, eta Jordi Albak bere atean sartu du baloia, buruz. Hasiera ezin hobea. Hortik aurrera, ordea, partida traketsa jokatu dute bi taldeek hainbat minututan, eta baloiaren jaun eta jabe izan dira kataluniarrak. Arrisku gutxi sortu dute, hala ere.
Neymar eta Messi izarrak aulkian utzi ditu hasieran Luis Enrique Bartzelonako entrenatzaileak, eta bigarren zatian biak zelairatu ditu, ikusirik Realak ondo eusten ziela erasoei. Atze-atzean defendatu, eta baloia berreskuratzean kontraeraso azkarrak egitea izan da David Moyesen taldearen estrategia. Arriskua bazuen horrek; hain atzean sartuta, gola egiteko aukerak sortzen hasi da Bartzelona, baina ongi eutsi diote donostiarrek abantailari.
Hamahirugarren postuan dira orain txuri-urdinak, hemezortzi puntu pilatuta.