Ohiko moldeak puskatuta

Realarekin partida gehien jokatu duen bosgarren atzerritarra da Claudio Bravo: 127Atezain txiletarra erabat egokituta dago hirian eta klubean, eta, aspaldiko partez, inork ez du deitu Anoetara berataz galdezka

Donostia
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Colo-Colon baino partida gehiago jokatu ditut Realean. Horrek Munduko Kopa jokatzeko bidea eman dit, esaterako. Garrantzitsua naizela sentitzen dut, eta ohore handia da atezain bikainak pasatu diren toki batean hainbeste urtez aritzea», adierazi zuen duela egun gutxi Zubietan Claudio Bravok (Buin, Txile, 1983). Gustura dagoela ikusten zaio. Gustura taldekideekin eta gustura bere familiak gure artean sustraiak bota dituela ikusita. Ez alferrik, seigarren denboraldiari ekin dio, eta laugarrena izango du hasierako hamaikakoan. Tarte horretan, 127 aldiz jantzi du elastiko txuri-urdina,joan zen larunbatean azkena, Bartzelonaren aurkako neurketan. Aintzat hartzeko kopurua da, zalantzarik gabe. Gainera, dena ondo bidean, Valeri Karpinen (195 partida) atzetik amaituko du sasoia. Nihat Kahveciri (142 partida) eta Meho Kodrori (146 partida) aurrea hartuko die Realarekin norgehiagoka gehien jokatu duten jokalari atzerritarren zerrendan. Arrastoa uzten ari da atezain txiletarra, inondik ere. Nork esan behar zuen halakorik 2006ko uztailean, Realak haren fitxaketa baieztatu zuenean.

Txintik atera gabe iritsi zen Colo-Colotik, ezustean, Jose Mari Bakeroren eskutik. Bost denboraldirako kontratua sinatu zuen, eta Realak ia bi milioi euro inguru ordaindu zizkion Bravoren talde ohiari. Hilabete batzuk lehenago izan zuten Anoetan haren berri. Irekieta torneoa irabazteko asmoz, Colo-Colok eta Universidadek indarrak neurtu zituzten. Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko lehien antzekoa da, baina Txilen. Penaltietara heldu ziren, eta orduantxe agertu zen Bravorik onena, titulua eskuratzeko.

Txuri-urdinek aspaldi zabaldu zizkien ateak atzerritarrei, nahiz askok sekula ulertu ez zergatik ekarri zituzten atezainak. Nora eta Zubietara. Tradizioa burugogorra baita. Agustin eta Iñaki Eizagirre, Pello Artola, Javier Urrutikoetxea, Jose Ramon Esnaola, Luis Miguel Arkonada... Izen handiak ageri dira zerrendan. Mattias Asper suediarrarekin puskatu nahi izan zituen Javier Clementek ohiko moldeak, 2000. urtean. Porrota nabarmena izan zen. Gerora, Sander Westerveld herbeheretarrak maila hobea eman zuen arren, Asier Riesgo haztegiko harribitxiari tokia egin zion orduko zuzendaritzak. Etorkizuneko atezaina omen zen. Horregatik sortu zuen errezeloa Bravoren etorrerak. Riesgo debarrak lehiarik izan ezean, ez aurrera, ez atzera geratzeko arriskua ikusi zuen Bakerok. Argudio horrekin jantzi zuen txiletarraren fitxaketa. Lehia horretatik, Bravo atera da gailen. Eta ez soilik Riesgorengatik. Gehienak konbentzitu dituelako. Ohitura puskatuz.

Etxean jarraituko du

Bravobatez ere goitikako eta hankako jokoan nabarmentzen da. Indartsu eta luze jotzen du baloia, eta nahi duen tokian ipintzen. Bestela, ez dago ulertzerik nola utzi zioten orain dela bi sasoi Gimnasticen aurkako falta famatu hura jaurtitzen. Txuri-urdinen historian inork ez du gisa horretako lorpenik. Bera da gol bat sartu duen atezain bakarra. Munduari bira eman zion jokaldi hark, Txilerekin egindako bi hutsek bezalaxe. Bata, iaz, Hegoafrikako Munduko Kopan, Espainiaren kontra. Torresen barneraldia oztopatzeko asmoz, bere areatik irten zen; baina Villari eman zion baloia, kanpora bota beharrean. Hark ez zuen barkatu, eta gol ikusgarria sartu zuen ia zelai erditik. Bestea, duela hilabete bi, Amerikako Kopako final-laurdenetan, Venezuelaren aurka. Ezin izan zuen hegaletik zetorren erdiraketa bereganatu, eta hurbil-hurbil utzi zion baloia kontrarioari.

Esker txarreko ogibidea da sarritan atezainarena. Berdin dio aurrez zure taldea salbatu izana meritu handiko geldiketekin. Zenbat eman ote dio Bravok Txileri edo Realari? Izugarri. Erakusleihoan egon denean itzali da haren distira, eta horregatik uste du agintari batek baino gehiagok ezin izan dutela saldu. Urtez urte egon baita salgai. Bartzelona eta Real Madrilekin izan ziren hartu-emanak. Serioenak, Valentziarekin. Esaterako, 2009ko ekainean Reala Valentziarekin batzartu zen. Unai Emeryren eskaera zen. Ez ziren ados jarri. Txiletarrak, bien bitartean, bi aldiz luzatu du kontratua. 2015era arte azkena. Behin eta berriz esan du ez duela besterik gabe utziko taldea. Zerbait eman nahi diola trukean, negozioa egin beharko lukeela Realak berarekin. Konprometituta dagoen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.