MOTOZIKLISMOA. MUNDUKO MOTOZIKLISMO TXAPELKETA

Ohorearen trumoia

Igande goizaldean azken urteetako motoziklismo txapelketarik lehiatuena hasiko da Hegoafrikan, Rossi eta Hondaren arteko borroka begi bistan

jon ordonez garmendia
DONOSTIA
2004ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Lehen lerroan gizon bat eta etxe bat, parez pare, Valentino Rossi eta Honda. Bigarren lerroan laguntzaileak, Yamaha lehengoarena eta hanka artean Honda motoa jarriko duten Rossiren aurkariak bigarrenarenak. Hirugarren lerroan gainerakoak, eta atzean ikusmina. Igandean jarriko da Munduko Motoziklismo Txapelketaren semaforoa berde, Hegoafrikan, azken urteetako txapelketarik interesgarrienean.

2003ko motoziklismo denboraldia amaitu zenean inor gutxik zekien Mendebaldean, nortzuk ziren Zatoichi, Katsumoto edo Izenik Gabekoa. Hiru samurai ohorearen defentsan, hurrenez hurren, Zatoichi, The Last Samurai eta Hero filmetan. Iristear da azkenean apirilaren 18a motoziklismo denboraldiaurre hau orain arteko luzeena izan da, eta motoak ezpata bihurtu dira, ohorearen izenean egingo den borroka baten arma eta lekuko.Valentino Rossi gidari italiarrarena ausardia da, bere buruan konfiantza. 25 urterekin motoziklismoaren gailurrean, Hondak bere garaipenei egiten zizkien xehetasunez aspertuta motoak irabazten zuela, ez berak, erronka bat jarri dio bere buruari: txapelketa munduko moto onena ez denarekin irabaztea.

Eddie Lawsonen arrastoan

Lortuko balu etxe ezberdinekin txapelketa irabazten duen bigarren gidaria izango litzateke Rossi. Lehena Eddie Lawson izan zen, 1988 eta 1989an lortutako garaipenekin. Rossiren kontrako bidea egin zuen: lehen urtean Yamaharekin irabazi zuen eta bigarrengoan Hondarekin.

1994tik Hondaren nagusitasuna erabatekoa izan da. 2000. urtean egin zuen kale soilik, Kenny Robertsek Suzukirekin irabazi zuenean. Aurretik Michael Doohanekin eta Alex Crivillerekin eta ondoren Rossirekin, inork ezin izan du jarri bere parean. Zer gertatuko zatekeen txapelketa irabazi zuen bost urteetan Doohan beste moto batekin aritu izan balitz? Horrek erantzunik ez du, baina bai aurten samuraien arteko borrokan nor gailenduko den galderak.Yamahak 1992. urtean irabazi zuen txapelketa azkeneko aldiz, 500cc-etan. Wayne Raineyk eman zion garaipena. «Ez dago moto onena eduki beharrik tituluak irabazteko», esan du orain. Yamahak bi urteko kontratu batekin egin du apustu Rossiren alde, Hondaren kontra. Ez dirudi Ducati txapelketa irabazteko hautagaien artean egongo denik, eta horrek bakarrik uzten du Yamaha Hondaren aurrean. Australian egin zituen probetan ez zen orduko 300 kilometroko abiadurara iritsi Rossi, baina bera eta Jeremy Burgess mekanikari buruak aste gutxi batzuk baino ez zituzten behar izan motoa puntuan jartzeko. M1 motoa beste bat da. Yamahak Rossik behar zuen motoa egin du, bere neurrira, Hondari irabazi nahi dion motoak behar duen mailakoa. Moldaketen ondoren, Kataluniako zirkuituko entrenamendu ofizialetan lehenengoa izan zen, eta Xerezen zirkuituko marka hautsi zuen.

Honda, lasai

«Une honetan ez dut uste txapelketa irabaz dezakedanik», esan berri du Rossik. Gehienentzat, ordea, bera da faborito. Honda harrituta gelditu da italiarraren denborekin. Baina Rossiri ez zaio eskatzen denboraldi honetan txapelketa irabaztea, eta bai behintzat eta hori da Yamaharen apustua azkenera arte lehian aritzea. Lasai dago Honda. Rossi alde batera utzita, gainerako gidari faborito guztiek RC211V motorra dute eskuetan. Horrek irabaztera behartzen du, Rossiri eskatzen zaionaren aurrean bere ohorea defendatzera eta motoaren baliabide guztiak muturreraino eramatea.

Yamahak Rossi du, eta Hondak RC211V motoa. Gainerakoek, ez bat eta ez bestea. Litekeena da Rossi eta Hondaren arteko borroka horretan kaltetuena Ducati etxe italiarra izatea. Kataluniako entrenamendu ofizialetan 347,4 kilometro orduko abiadura lortu zuen Loris Capirossik zirkuitu batean lortu den gehieneko abiadura. Baina denboraldi hau ikusgarria bezain gogorra izango da, eta Ducati hasiberriarentzako bigarren urtea baino ez da MotoGPn. Kaltea, baita ere, ikusminak Munduko Txapelketako beste bi mailei eragingo diena. 250 eta 125 cc-etan gidari italiar eta kataluniarren arteko lehia izango da.

-

Datua





Irteeretan, MotoGPn, hiru moto aterako dira lerro bakoitzean: Araudia aldatu egin da, eta berritasunen artean bat izango da igandean guztien artean begi bistan nabarmenduko dena. Aurten lasterketan irteeretan hiru moto bakarrik aterako dira lerro bakoitzean, eta ez lau iaz egiten zen moduan. Segurtasunaren mesedetan egin dutela argudiatu dute antolatzaileek, baina gidariek diote orain arriskutusagoak izango direla. Antolatzaileek eman duten bigarren argudioa sinesgarriagoa da, alegia, babesleen izenak eta markak hobeto ikusiko direla.

-

Faboritoak





Valentino Rossi (46)

Urbino (Italia), 25 urte

Motoa: Yamaha YZR-M1

Taldea: Gouloises Fortuna Yamaha

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,571, eta Xerezen 1:42,656



Sete Gibernau (15)

Bartzelona (Katalunia), 31 urte

Motoa: Honda RC211V

Taldea: Telefonica Movistar Honda

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,669, eta Xerezen 1:43,408

Max Biaggi (3)

Erroma (Italia), 32 urte

Motoa: Honda RC211V

Taldea: Camel Honda

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:43,980, eta Xerezen ez zuen korritu



Nicky Hayden (69)

Owensboro (AEB), 22 urte

Motoa: Honda RC211V

Taldea: Repsol Honda

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,634, eta Xerezen 1:43,457





Alex Barros (4)

Sao Paulo (Brasil), 33 urte

Motoa: Honda RC211V

Taldea: Repsol Honda

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,631, eta Xerezen 1:42,974

Colin Edwards (45)

Houston (AEB), 30 urte

Motoa: Honda RC211V

Taldea: Telefonica Movistar Honda

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,653, eta Xerezen 1:42,771





Loris Capirossi (65)

Bolonia (Italia), 30 urte

Motoa: Ducati Desmosedici GP4

Taldea: Ducati Marlboro

2004ko entrenamendu ofizialetako denborak: Katalunian 1:44,871, eta Xerezen 1:44,544
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.