Oiartzun: pasioaren geltokia

Nerea Abancens Oiartzun taldeko jokalaria eta Sandra Ramajo Realekoa irrikan daude gipuzkoarren arteko gaurko derbirako. Lehen itzulian, 3-0 nagusitu zen Reala. Elkarri errespetu handia diote bi taldeek.

unai zubeldia
Donostia
2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herri guztia partida honen zain dago». Atzelaria izanagatik, erasora jotzea erabaki du Nerea Abancens Napo-k, Oiartzun taldeko jokalariak (Pasaia, Gipuzkoa, 1987). «Zozketa egin zutenetik gorriz markatuta daukagu eguna, eta bete egingo da zelaia. Giro ederra egongo da». Lehen Mailara igo berritan, denboraldi on-ona egiten ari da Oiartzun, eta esku-eskura dauka maila gorenean jarraitzeko erronka. Hori bai, pare bat koska gorago dagoen proiektua izango du gaur parez pare Karla Lekuonan: Realarena. «Errespetu handia diogu Oiartzuni, baina beldurrik ez». Defentsa lanean zorrotza dela erakutsi du, beste behin, Sandra Ramajok, Realeko jokalariak (Irun, Gipuzkoa, 1987).

Atzelariak dira biak. 28 urte dauzkate biek. Realean eta Oiartzunen zortzina urte daramatzate biek. Eta gaurko derbiari begira daude biak. Elkarri begiratu, eta berehala jarri dute mahai gainean zelaia: Karla Lekuona. «Oso zelai berezia da», hasi du azalpena Ramajok. «Bereziari» azalpen zehatzagoa gehitu dio Abancensek. «Negu honetan ondo ari da eusten, baina gure zelaiak ez dauka zerikusirik Zubietakoekin». Pasaitarrak gogoan dauka joaneko partidan «alfonbra gainean bezala» sentitu zutela euren burua. «Ugaldetxon, berriz, korrika hasitakoan, erne ibili behar izaten da orkatilekin». Gorabehera askoko zelaia da. «Xarma handikoa». Eta, umore giroan, sekretu txiki bat ere gehitu du Oiartzungo jokalariak: «Zaintzaileei zelaian koska gehiago sortzeko esan diegu aste honetan». Zelaiak zelai eta gorabeherak gorabehera, hori bai, Realak ez duela aitzakiarik jarriko argitu du, berehala, Ramajok.

Jokoari helduta, badaukate ispilu izan daitekeen adibide bat: ligan, lehen itzulian, Zubietan jokatu zuten partida. «3-0 irabazi genuen, bai, baina zelaian ez zen izan halako alderik». Realeko jokalariaren hitzetan, «presio handia» egingo du gaur Oiartzunek. «Ziur. Eta indar handiarekin jokatuko dute. Oso adi ibili beharko dugu, ez delako izango batere erraza». Bestela ezin eta, Ramajoren esanei balioa eman die Abancensek. «Partida bikaina jokatu genuen lehen itzulian; uste baino hobeto zelairatu ginen, nahiz eta bigarren zatian jada pixka bat behera egin genuen eta eurek pauso bat aurrera eman zuten».

Derbiak egun bakarrean ez, aste guztian jokatzen diren seinale, ondotik zirikan hasi da pasaitarra. «Esan beharra daukat Realak gure zelaian jokatu zuen azken partidan, Euskal Kopan [2013ko ekainaren 22an], guk irabazi genuela, 3-2. Etxean partida ofizial bakarra jokatu dut euren aurka, eta gure aldekoa izan zen emaitza». Egun hura gogoan, barrez hasi dira biak, eta Ramajok buruarekin baietz eginez onartu behar izan du egoera. «Igande honetan etorriko da buelta, lasai». Bitartean, domina horri heldu dio Oiartzungo jokalariak. «Gure aldeko garaipena» erantzun du Realeko jokalariak emaitza galdetuta. Oiartzungoak, berriz, emaitza zehatza eman du. «2-1».

Laugarren postuan dago Reala sailkapenean, hamabi partida irabazi, hiru berdindu eta bost galduta. «Baina galdu egin genuen azken partida, Valentziaren aurka [0-1], eta beharrezkoa dugu garaipena, atzekoekiko aldea mantentzeko. Oiartzun, berriz, 13. postuan dago, bost partida irabazi, beste hainbeste berdindu eta hamar galduta. Etxean oso emaitza onak lortu dituzte oiartzuarrek, bederatzi partida jokatuta, bost irabazi, bat berdindu eta hiru galdu dituztelako. «Etxetik kanpo nekez lortzen ditugu emaitza onak; asko kostatzen zaigu belar artifizialean jokatzea. Baina etxean zaleen babes handia sentitzen dugu, berdegunea ondo ezagutzen dugu...».

Zergatik ez? errezetari helduta, beheko postuak ahaztu eta, zeharka bada ere, zortzigarrenari begira hasi al da Oiartzun, Kopa buruan duela? «Ez, ez. Oso argi daukagu gure helburua zein den. Lor dezagun, lehenengo, mailari eustea, eta gero hasiko gara ametsetan». Ez jaisteko borrokan, Collerensek azken unean galdu zuen herenegun Tenerifen, 3-2, eta Oviedo Modernok partida zaila dauka gaur Espanyolen aurka. Oiartzunek hamabi puntura urrunduta dauzka bi taldeak, eta, gaur-gaurkoz, hamarrera dauka Kopa jokatzeko erronka.

Aurkaria ondo-ondoan edukita, egia erdiak edo gezur txikiak esan behar izaten dira tarteka, baina «Oiartzunen talde lanari» dio errespetua Ramajok. «Ondo uztartu dituzte gaztetasuna eta esperientzia, eta badakite nola jokatu behar duten. Oso talde indartsua da, eta oso zelai gutxitan elkartzen da hainbeste zale». Realari buruz hizketan hasi, eta «Nahikari Garcia» aipatzen dute gehienek. «Baina Nahikari baino askoz gehiago da Reala», argitu du Abancensek. «Jokalari batzuk urte askoan dabiltza taldean, Sandrak esaterako, eta kalitate handia daukate. Hegaleko abiadura, zelai erdiko lana, atzeko lerroaren indarra... Oso talde sendoa dauka Realak».

Profesionalizaziotik urrun

Sendotasuna aipatuta, txuri-urdinen defentsako lana da bereziki goratu beharrekoa, azken urteotan, besteren artean, Irene Paredesek eta Ane Bergarak taldea utzi duten arren. «Jokalari garaian atzelaria izan zen Igor San Miguel, entrenatzailea, eta nabaritzen da hori». Denboraldi honetan, Athleticek, Bartzelonak eta Atletico Madrilek soilik jaso dute donostiarrek baino gol gutxiago. «Asko landu dugu defentsako lana, eta oso maila ona ematen ari dira udan iritsi ziren jokalariak». Paola Soldevilla eta Nuria Mendoza kataluniarrak. «Oso gazteak dira, eta arrisku pixka bat bazeukan apustuak, baina oso jokalari onak dira biak».

Ahaleginean parekatuta edo goitik ibili arren, profesionalizaziotik oso urrun dago, oraindik, emakumezkoen futbola. Noiz arte iraun daiteke egurrean? «Nire kasuan, beste bi urterako berritu dut kontratua, eta ilusioa mantentzen dudan arte jarraituko dut futbolean jokatzen». 2018ra arteko bidea lortuta dauka, beraz, Ramajok. «Baina gure kasuan Lehen Mailara iritsi berriak gara, eta ez dakit noiz arte iraun ahal izango duen Oiartzunek maila honetan. Daukagunarekin gozatzea da helburu bakarra». Beste bi urterako kontratua dauka, «berez», pasaitarrak. «Baina auskalo zer gertatuko den».

Donostian, Matia Fundazioan ari da lanean irundarra. «Elbarritasunen bat daukaten pertsonekin, laguntzaile gisa». Eta Orereta ikastolan, DBHko 3. eta 4. mailan, gizarteko irakasle lanetan, «eta Oiartzunen emakumezko helduen gimnasia tailerreko irakasle lanetan» Abancens. «Futboletik ezin gara bizi», argitu du Oiartzungo jokalariak. «Baina pixkanaka ari gara pausoak ematen». Pausoka bidea egiten den seinale argia izango da gaurko derbia. Ilusioari profesionaltasuna gehituta, futbola pasioz bizi duten Gipuzkoako bi talde izango dira, aurrez aurre, Oiartzunen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.