Ez da erraza aurkezpen zehatza egitea. «Euskal Herrian izugarri gustura bizi den australiar bat naiz ni». Nahikoa txukun geratu zaio aurkezpena Neil Stephensi (Canberra, 1963). «Allanek [Allan Davis (Ipswich, Australia, 1980)] berak esan beharko du berak zer sentitzen duen». Txirrindulariak zalantza handirik gabe osatu du azalpena. «Australiar-euskalduna naiz ni». Stephensi eta Davisi alde banatara joan zaizkie bizitzaren gurpilak azken urteotan. Behin baino gehiagotan, gainera. Eta oinarrian bat egin dute berriz ere. Greenedge Australiako talde sortu berriak elkartu ditu.
«Oraintxe sortu ditugu taldeko lehen bizikletak, lehen autoak, lehen autobusak… Dena. Australiar askoren ametsak daude proiektu honen atzean». Gaztetu egin da Stephens Greenedgeren abenturarekin. Txirrindularitzarekiko pasioa areagotu dio. «Txirrindulari izateari utzi nionetik ez dut hainbeste gozatu txirrindularitzarekin. Oso gustura ibili naiz urteotan, ezin dut kontrakorik esan. Baina berezia izaten ari da bizitzako tarte berri hau». Davisek bere buruarekin bat egiteko aukera izan du Australiako proiektu berrian. «Galduta ibili da azken bi urteotan», zehaztu du Stephensek. «Talde berria izanagatik, aspalditik ezagutzen ditut taldekideak eta bertako langileak. Oso proiektu interesgarria da Australiarentzat».
Hamar urte badira Davis Euskal Herrira etorri zela; Oiartzunera (Gipuzkoa), hain zuzen. «Eta pixkanaka-pixkanaka ari naiz bertako hizkuntza barneratzen». Kazetariarekin hizketan hasterako aldamenetik zirika hasi zaio taldeko mekanikari bat. «Hitz egin ezazu euskaraz, Allan». Barre txikiarekin erantzun dio txirrindulariak, baina buruarekin ezetz egin du. Australiarra du emaztea. «Baina Oiartzungo ikastolara eraman genuen alaba». English School-en ere ibili zen gerora. 10 urte dauzka orain, eta euskaraz naturaltasunez hitz egiteko gai da.
Stephensen kasuan, Maialen alaba zaharrenak berak erakutsi du gaitasun hori, Greenedgeko autobusa Gueñesko irteerara iritsi denean. Autobusetik jaisterako euskaraz hasi da alaba. Lotsatu antzean jarri da aita kazetariarekin berari buruz hizketan ari dela ikusita. Baina hark ere naturaltasunez hitz egiten du euskaraz. Emaztea euskalduna du Stephensek, eta beste bi seme-alabek ere euskaraz hitz egiten dute euren artean.
Familiaren gaitasunak dotore goratu ditu Stephensek. Bera zer moduz moldatzen ote da, ordea, askok eta askok hain zaila dela esaten duten hizkuntza horrekin? «Alaba gazteenaren lagunen gurasoei gutxi gorabehera ulertzen diet euskaraz hasten direnean, baina hitz egin… Indioen gisan aritzen naiz gehienetan». Saiatzen da euskaraz hitz egiten, baina ingelesera jotzen du beti australiarrak. «Maialenek gaztelaniaz hitz egiten didanean, berriz, frantsesez edo italieraz erantzuten diot nik. Niri gaztelaniaz ez hitz egiteko esaten diot berehala».
Hamabost minutuko hizketaldi goxoan argi geratu da hizkuntzei dagokienez aberastasun handia dagoela Stephens eta Davis sendien etxe barruan. «Hiru seme-alabek talentu handia daukate hizkuntzekin», argitu du Greenedgeko zuzendariak. «Txikienak 5 urte beteko ditu datorren astean, eta hiru hizkuntzatan hitz egiten du jada». Bi familiak sarritan elkartzen dira Oiartzunen dauzkaten etxeetan. «Hori bai, oraintxe bakarrik nago Euskal Herrian, familia Australian dagoelako», argitu du Davisek.
Australiarrek australiarrentzat sortutako proiektu bat da Greenedge, baina Stephensek berehala alboratu du Euskaltel-Euskadirekin egindako alderaketa oro. «Euskaltel Euskaltel da, eta gu gu gara. Australiako txirrindularitza hobetzea da gure helburua». Are gehiago, zuzendariak ez du uste osasungarria litzatekeenik australiar guztiak Greenedgen elkartzea. «Osasungarriagoa da Cadel Evansek BMCn eta Michael Rogersek Skyn jarraitzea. Australiako txirrindularien oinarri ona sortzen ari gara gu».
Harrobiko lana egin nahi dute proiektu berrian. «Australiako txirrindulari gazteek hazten jarraitzeko toki bat izatea da helburua». Hori bai, hazten laguntzea ez da opariak egitea. Stephensek hausnarketa interesgarria egin du hori entzunda. «Ez dugu nahi Australiako txirrindularitzaren monopolio bat. Txarra litzatekeela uste dut, gainera, Australiako txirrindulariek euren beharra daukagula sentitzea».
Lagunak eta lankideak
«Nire seme-alabentzat Allan ez dakit zer den, osaba edo anaia bat gehiago». Elkarri babesa eskainiz, lotura handia sortu da bi familien artean. «Baina oso profesionalak gara lanean ari garenean». Nola lortzen da hain lagun onen artean arauak zehatz-mehatz finkatzea? Zuzendaria izan ote daiteke txirrindulariaren lagun on-ona? «Galdera ona da hori, eta ez da erraza. Batzuetan lagun gisa hitz egiten diot, baina une jakin batean ate hori itxi, eta zuzendari gisa hasten naiz hizketan».
Stephensek berak onartu du batzuetan «gogor» jokatzen duela zuzendari gisa. «Baina Allanek badaki maitasunez esaten dizkiodala gauza guztiak. Asko maite dut, eta batzuetan horregatik izaten naiz hain zorrotza eta gogorra berarekin». Davisek badaki oso serioak izan beharra daukatela alor horretan. «Neil laguna da lehenik eta behin, baina enpresa berean ari gara lanean, eta enpresetan arauak egoten dira beti. Gure artean ere argi dauzkagu arauak».
Davis ez da iritsi bere onenean itzulira, edo hori aitortu dio, behintzat, kazetariari, etapa hasi aurretik. «Astebete daramat tripako minez, eta ahulduta iritsi naiz». Arrabolan beroketa lanak egiten hasi direnean, begiratu batera Davis bera ari da gehien sufritzen. Baina bi besoak altxatuta iritsi da gero helmugara, bigarren, Daryl Impey taldekidearen garaipena ospatuz. Zuzendariaren erabateko konfiantza dauka, eta atzo ere erakutsi zuen barru horretan badagoela gaia.
Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea
Oinarrian egin dute bat
Oiartzunen bizi diren australiarrak dira Allan Davis eta Neil Stephens. Talde batetik bestera ibili dira azken urteotan, baina Greenedge Australiako proiektu berrian bat egin dute berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu