Iragan sasoiaren bigarren itzulian Osasunara etorri zenetik zaleen bihotzean tokia irabazia zuen Jose Luis Mendilibarrek. Bikain aritu zen taldea denboraldiaren azken txanpan, eta Jose Antonio Camachok utzitako zapore garratza gozatu egin zuen zaldibartarrak. Halere, zaleen artean irabazita zeukan miresmen osoa galtzeko zorian izan da bi egunen bueltan. Herenegungo partidaren bezperan eman prentsaurrekoan hutsegite larria izan zuen. Bilboko taldeak Osasunako jokalariak fitxatzen dituelako osasunazaleek Athleticekiko esker ona soilik izan dezaketela adierazi zuen. Horrekin eragin egonezinari, San Mameseko euskal derbian Osasunak harturiko jipoia gehituta, Iruñera iritsi zenetik egoerarik zailenean dago Jose Luis Mendilibar. Atzo, ordea, bere borondatez prentsa aretoan agertu zen, eta okerrak onartzen dituela argi utzi zuen. Barkamena eskatu zuen.
«Nire adierazpenen oihartzunaz jabetu orduko banekien hanka sartu nuela. Egin nituen adierazpenak egiteko tokia eta unea ez zela argi daukat. Partidari buruz soilik hitz egin behar nuen; ez nintzen gai horri buruz mintzatu behar. Nik esandakoak gaizki ulertu zenituztela ez dut esango, gainera, ez da kazetarion errua, ez nuen asmatu esan nahi nuena esaten. Etete klausulak osorik ordaintzen dituen talde bakarra Athletic dela esan nahi nuen, baina tronpatu egin nintzen, eta nire errua onartzen dut», esan zuen Osasunako entrenatzaileak hitza hartu orduko.
Osasunako zuzendaritzak ezer ez diola esan argi utzi eta gero, prentsaurrekoetan jatorregi aritzeari leporatu zion Mendilibarrek bere hanka-sartzea: «Egunero hemen zaudetenok badakizue nolakoa naizen, baina zale guztiek ez. Taxoareko tabernan garagardo bat hartzen egongo bagina bezala hitz egiten dut zuekin, eta beste entrenatzaileenak baino prentsaurreko luzeagoak izaten dira nireak. Laburragoak egiten hasi beharko dut agian. Zer, noiz eta non esaten dudan argiago izan behar dut».
Hori bai, afera horrek aurrerantzean eraginik ez izatea espero du Mendilibarrek, ez behintzat taldearengan. «Ez dakit jendeak nola hartuko nauen. Taldeak irabaztea da gehien kezkatzen nauena. Astelehenean buruari bueltaka aritu nintzen partida ordua iritsi bitartean, baina, gero, arreta guztia San Mameseko partidan jarri nuen. Orain arte bikain hartu nau jendeak Iruñean, eta orain arte gustuko izan nauenak berdin jarraitzea espero dut. Beste kontu bat izango da bi hilabete barru horrelako beste inozokeria bat egiten baldin badut, baina behin tronpatzeak ez du esan nahi etengabe tronpatuko naizenik», esan zuen bere burua ergeltzat jo ondoren.
Politikoki zuzen hitz egitearena ez da Mendilibarren dohain nagusia, zalantzarik gabe. Iruñera iritsi orduko jokalariei ezizenak jarri zizkien hainbat hedabideri eskainitako elkarrizketetan. Jokalari batzuek ez zuten pozik egoteko arrazoirik entrenatzaileak nola definitzen zituen ikusita. Mendilibar horrelakoa da, ordea. Zuzen hitz egiten du; aurpegira esaten ditu gauzak. Ez da zeharka aritzen den horietakoa, eta entrenamenduetan jokalariei errieta gogorrak egiteko, edota partidak berak nahi bezala ateratzen ez direnean atsedenaldia baino lehen jokalariak aldatzeko arazorik ez du. Tipo jatorra dela ukatzerik ez dago, baina bere ogibidean diplomazia edo faltsukeria apur bat gehiago izatea komeni da, kazetarientzat askoz okerragoa izanagatik. «Zale batzuk beste batzuk baino gehiago minduko nituen nire hitzekin, eta, igandean txistu egiten badidate, ezin dut ezer egin; ez naiz haiekin muturtuko. Taldea babesten jarraitzen badute, gustura izango naiz niri oihu egiten badidate ere». Argi, beste behin.
David Lopezen truke sei milioi euro ordainduko zituen beste klubik ez dagoela badakite osasunazaleek, baina horregatik Athletici eskerrak eman beharko lizkioketela esatea gehiegi esatea da. Iruñean bai, behintzat. Oraingo honetan argi geratuko zitzaion Mendilibarri ere. Eta okerrak onartzeko lotsarik ez daukala argi utzi zuen.
Okerrak onartzen badaki
Athleticek Osasunako jokalariak fitxatzea gorritxoek «eskertu» egin beharko luketela esan ondoren, atzera egin du MendilibarrekEntrenatzailearen hitz aldrebesek eta azken porrotak osasunazale asko haserrearazi ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu