Olaizola I.ak min hartu du, eta bertan behera geratu da partida

Irujok eta Merino II.ak hirugarren puntua lortu dute, eta sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute txapelketan

jon eskudero
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Olaizola I.ak eta Belokik apenas zuten finalerdieta pasatzeko aukerarik, baina pilotari bati gerta dakioken gauzarik okerrena gertatu zitzaion atzo goizuetarrari Tafallan. Partida 7-4 zegoela, Irujok txokoan utzitako pilota batera abiatu, eta belaunean min hartu zuen, eta norgehiagoka bertan behera geratu zen. Lesioa zertan den jakiteko erresonantziari itxaron behar bazaio ere, itxura txarra zeukala adierazi zuten adituek. Olaizola I.a ere ez zen batere baikor: «Belaunak krak soinua egin dit, eta meniskoa edo lotailuak minduta izango ditut ziurrenik. Min handirik ez daukat, baina nahiago izan dut ez jarraitu, badaezpada ere».

Zoritxarra gertatu zen arte partida ez zen batere ona izan, huts asko egin baitzituzten bi bikoteek. Hala ere, azken bi tantoak oso onak izan ziren, eta bazirudien partidaren norabidea aldatzen ari zela. Baina orduan Olaizola I.ak min hartu zuen. Hala, Irujok eta Merino II.ak finalerdietara pasatzeko aukera dute oraindik; garaipena ez ezik, tanto alde izugarria ere bildu baitzuten atzo. Sailkapenean seigarren dira bi bikoterekin berdinduta.

Sasoiko daudenak Gonzalez eta Laskurain dira, herenegun ere irabazi egin baitzieten Berasaluze VIII.ari eta Apraizi (22-18). Behetik gora datoz iazko txapeldunordeak, eta konfiantzaz beterik daude. Finalerdietara sartzeko hautagai sendo bihurtu dira. Bestalde, Olaizola II.ak eta Beginok eta Titin III.ak eta Pascualek gaur itxiko dute jardunaldia Logroñoko Adarragan. Aspekoek irabaztea beharrezkoa dute aukera izaten jarraitzeko, baina, aurkariak nola dabiltzan kontuan hartuta, ez dute lan erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.