Esku Pilota

Olaizola II.ak eta Albisuk nagusitasunez irabazi diete Elezkano II.ari eta Rezustari

Garaipenari esker, sailkapen buruan bakarrik gelditu dira irabazleak, lau punturekin.

Jon Aner Albisu atzelaria, pilota astintzen, Beñat Rezusta atzean duela, gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu duten partidan. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2018ko abenduaren 23a
11:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Neurketa paretsu hasi dute sailkapenean puntutara berdinduta zeuden bi bikoteak. Olaizola eta Albisu 4-0 aurrreratu diren arren, 5-4ra hurbildu dira Elezkano eta Rezusta. Bi atzelariek pilotakada ikusgarriak jo dituzte lehen tanto horietan, eta ez zegoen argi nork aginduko zuen atzeko koadroetan.

Pixkanaka, baina, Albisuk mendean hartu du Rezusta, eta Olaizolak aukerako pilota ia guztiei atera die etekin. Ez du barkatu ezker gantxoarekin. Hortxe apurtu dute partida. 12-5 urrundu dira lehenik, eta 19-6 hurrengo tanto sailean.

Ez zirudien Elezkanok eta Rezustak aurkarien tanto erauntsiari erantzuteko ideia argirik zutenik. Atsedenik ere ez dute eskatu Olaizolaren eta Albisuren joko erritmoa apurtzen saiatzeko.

Neurketa galduta ikusi dutenean atera dute jokorik onena urdinek. Bost tanto gehiago egin dituzte; 11.eraino. Hor gelditu dira.

Nabarmentzekoa izan da Albisuk erakutsi duen joa eta Olaizolaren erremate zorrotza. 14 tanto egin ditu Goizuetako aurrelariak. Gaurkoan, bikote handia osatzen dutela frogatu dute, aurretik inork zalantzarik baldin bazuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.