Olatu gainean segitu nahi du

Tolosaldeak hasiera bikaina eman dio ETE ligari, bi estropada irabazita. Taldeak lortu duen heldutasuna gakoa izan da, Naroa Becerril eta Estibaliz Segurola arraunlarien arabera.

Tolosaldeak denboraldi honetan jokatutako bi estropadak irabazi ditu, eta ETE ligako lehenak dira. TOLOSALDEA.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Bere txikitasunean sortu zen Tolosaldeako emakumezkoen arraun taldea, orain dela hiru urte. Harro ziren kostaldekoa ez den herri baten izenean trainerua uretaratzeaz. «Arraun elkarte batzuek, sortu eta berehala, irabazteko taldea egiten dute. Tolosaldea ez zen horrela jaio. Luzerako proiektua zen gurea, talde oso gaztea baikenuen». Estibalitz Segurola (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) arraunlariaren aitorpena da. Hiru urteren ondoren, ordea, arraunlarien «heldutasunak» salto kualitatibo handia ematera bultzatu du Tolosaldea, ETE ligan sailkapeneko postu gorena ukitzeraino, baita egonkortzeraino ere. «Aurretik egindako lanak merezi izan du», biribildu du Naroa Becerril arraunlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 2001).

Aurtengo denboraldian, jokatutako bi estropadetan nagusi izan da Tolosaldea. Pasaian astindu zuten lehen trapua, «benetan berezia», Segurolaren eta Becerrilen esanetan. Bigarrena, berriz, Getarian, aurkariak aise menderatuta. Oraindik goiz da, baina tolosarrek garbi utzi dute, gaur-gaurkoz, banderen lehian egoteko eta Euskotren Ligako kanporaketa jokatzeko hautagai ziurra direla. Segurolarentzat ez da ezustekoa izan: «Lehian hasi aurretik, nahiko garbi nuen denboraldi ona egingo genuela, eta lehen estropadan ikusi zen ontziak misil baten antzera hegan egin zuela». Becerril ere eroso sentitu da traineruan. «Arraunketa ona hartuta, ontziari abiadura emateko gaitasuna izan dugu. Sentsazio onak ditugu». Harago doa Segurola: «Aurten, beste urteetan ez bezala, geure buruarekiko konfiantza edukitzea izan da gakoa. Hemen indar handia dago».

Gipuzkoako Txapelketan laugarren izan ziren, Arraun Lagunak-engandik ehuneneko gutxira. Ondorio garbia atera du orain artekoaz: «Hemendik aurrera badakigu postu apalen bat lortzen badugu ez dela izango daukagun mailagatik, egun txar bat izan dugulako baizik».

Becerrilen arabera, arraunean «gozatzea» dute helburu. «Itsasoan, adibidez, lehen ez ginen ongi moldatzen, baina orain ez dugu arraunketa galtzen». Baina, behin sailkapeneko lehenak izanda, helburuak aldatu dituztenik ez dute ezkutatu: «Euskotren ligako kanporaketak ditugu buruan». Baina badakite edonoiz kale egiten badute atzekoek ongi baliatuko dutela aukera. Becerrilek uste du talde gehientsuenak indarrez «berdintsu» daudela. «Aurkariek oraindik ez dute eman daukaten guztia. Egia da gu koska bat gorago gaudela, baina ez dago fidatzerik».

Batasuna eta heldutasuna

Taldeak batasuna eta heldutasuna ditu oinarri, eta indargune horiei ahalik eta zuku gehien ateratzen dabiltza Tolosaldeakoak. Becerrilek traineruan dagoen esperientzia azpimarratu du. «Nabaritu da hirugarren urtea daramagula arraunean». Bat dator Segurola ere: «Aurten eginiko blokea indartsuago dago, zentzu guztietan: Bakoitzak bere burua kontrolatzen eta ondokoari laguntzen ikasi du».

Tolosaldea olatu aparretan egotearen errua Patxi Frances entrenatzaileak du. Biek balioa eman diote Francesen lanari. «Ez du amore ematen. Profesionaltasun handia dauka, eta indar asko ematen digu. Entrenatzaile guztiek bezala, bi aldeak ditu; egoskorra da, baina baita pertsona ona ere. Ea olatuaren gainean jarraitzen dugun luzaro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.