Edu Etxeberria. Kayak surfeko euskal selekzioko hautatzailea

«Olatuak ondo aukeratzeko, funtsezkoa da patxada izatea»

Duela 22 urte hasi zen kayak surfean ibiltzen Edu Etxeberria. Urte hauetan jende dezente erakarri du kirol horretara, eta uste du trasmisio lan ona egiten ari direla egungo gazteekin.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Urteetan egindako lanaren emaitza jasotzen ari da kayak surfeko euskal selekzioa. Hamar domina lortu zituzten uztailean, Perun jokatutako Munduko Txapelketetan, eta lanean segitzen dute garaipen uzta handitzeko, Edu Etxeberria hautatzaileak azaldu duenez (Donostia, 1973).

Urte biribila izan da kayak surfeko euskal selekzioarentzat. Huanchacoko (Peru) Munduko Txapelketatik hamar domina lortuta itzuli zineten. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Ni kayaketik nator. Gerora, modalitate askotan ibilitakoa naiz, baita Al filo de lo imposible programarako kolaboratzaile ere. Urte asko izan dira honetan, 1997tik. Orain, emaitza on hauek lortzeak ez du parekorik.

2017ko Munduko Txapelketan, Ipar Irlandan, bi urre lortu zenituzten. Orain urreak sei izan dira. Nolatan igoera hori?

Uste dut aurten izan ditugun baldintzak gure onerako izan direla. Olatu oso onak izan genituen, eta horrelakoetan errazagoa izaten da onenek beren ahalmenak erakustea. Olatu txarrekin zorteak zeresan handiagoa izaten du.

Dominen gorakada espero al zenuten?

Egia esan, ez. Izan ere, bi urte hauetan antzeko lana egin dugu. Peruraino joateak, gainera, gastu gehiago ekartzen zuen, eta jende gutxiago joan ginen.

Surfarekin antz handia duen diziplina bat da kayak surfa. Itsasoaren aukerak ondo baliatzea da gakoa horretan ere?

Bai, nik tenisarekin hartzen diot antza. Lau lehiakideko txandak izaten dira. Estrategiak zeresan handia izaten du, eta, olatuak ondo aukeratzeko, ezinbestekoa da lasaitasuna. Gauza asko daude jokoan, eta niri beti iruditzen zaitemaitzak justifikatu egin behar ditugula. Askok esaten didate ea nola den posible hainbeste domina irabaztea, alegia, ea ez den beste inor gehiago joaten. Nik denei gauza bera erantzuten diet: egindako lanaren ondorioa izaten dela. Kirol honetan maiz gertatzen da ondo ibili eta hogei minutuko tarte txar batean etxerako bidea hartzea. Halakoetan ez dugu esker onik izaten.

Kirol arriskutsua dela esango zenuke?

Orain urte batzuk, ez zuen oso fama ona kayak surfak. Askorentzat erotuta geunden, arriskutsuak ginen. Badago horrelako jendea, baina orokorrean ez dago arrisku berezirik. Gainera, argi utzi nahi dut gauza bat: arriskutsua ez da piragua edo taula, pertsona bera baizik.

Nolatan hasi zinen hautatzaile lanetan?

2005ean Munduko Txapelketara joan nintzen, eta han ikusi nuen gure lur eremura ondo egokitu zitekeela kayak surfa. Beste diziplina batzuetako jendeari komentatzen hasi nintzen, selekzio on bat osatu genezakeela. Handik gutxira, beste modalitate batzuetako jendea hurbiltzen hasi zen. Ez nuen hain gaizki egingo, geroztik zerbait irabazi baitugu [barrezka].

Selekzioa osatzeko arazoak izaten dituzu?

Taldea osatzeko lau senior, bi master [40 urtetik gorakoak], bi junior eta bi neska behar izaten ditugu. Alde horretatik ondo gabiltza: badago nahiko jende. Surfaren inguruan dauden modalitateak badirudi modan daudela, eta horrek asko laguntzen digu.

Gazteen artean zein da egungo egoera?

Mutiletan ez daukagu arazorik, oraintxe bertan oso talde jatorra dugulako, baina nesketan arazo oso handia dago. Oso hutsune handia nabaritzen da.

Hautatzaile gisa zer eskatzen diezu gazteei?

Konpromisoa, ezeren gainetik. Esaterako, nik garrantzi handiagoa ematen diot saiatua izateari, emaitzei baino. Emaitzak hobetuko dituen asko etorriko dira atzetik, baina saiatua izatea oso zaila da. Gazteekin, lan handia dugu aurretik.

Nola egin ohi dituzu txapelketa handietarako hautaketak?

Lekeition, Mundakan, Bakion, Zarautzen, Sopelan eta Donostiako Zurriolan jokatutako txapelketak izaten dira denentzat mugarri. Nire taldekoez gain, kanpora begiratu behar izaten dut askotan. Aurten, esaterako, lau edo bost junior kanpoan utzi behar izan ditut, eta niretzat, behintzat, hori da hautatzaile baten gauzarik zailena, baten bati ez doala esan beharra. Asko kostatzen zait erabakiak hartzea.

Zerk erakarrita hasi zinen zu kayak surfean?

Hamar urterekin hasi nintzen piraguan, eta geroztik modalitate guztiak pasatu ditut. Gozatu egiten dut, eta olatu gogorretan murgiltzea da nire pasioa. Itsasoa nola dagoen ikustea eta entzutea, korronteak nondik datozen aztertzea, eta, amaitzeko, olatuan zaudenean jaisten hasten zareneko uneak ederrak dira. Olatuaren indarra sentitzea izugarria da.

Gauzak asko aldatu al dira urte hauetan?

Bai, kirol ikuspegitik oso maila ona dago. Jarrera aldetik ere gauzak asko aldatu dira. Uretako diziplinen artean lehia dago. Baina ezeren gainetik pertsonak gara, eta errespetua behar dugu elkarrenganako. Gero eta jende gehiago ibiltzen da, eta uste dut oso lan ona egin dugula hori transmititzeko garaian.

Zu hasi aurretik, norbait ibiltzen al zen kayak surfean?

1997an Eskozian jokatu zen lehen Munduko Txapelketan partu hartu zuten bi hasi ziren gehienbat honetan:Txema Carreto eta Luis Abando. Haiek Munduko Txapelketa gehiagotan parte hartu zuten, baina selekzio moduan ez zegoen ezer.

Gazteak entrenatzen denbora asko pasatzen duzu orain Donostian. Kanpora bidaiatzen al duzu?

Urte askotan asko bidaiatu nuen, baina orain kostu handia du kayakarekin bidaiatzeak. Gustatuko litzaiguke gehiago bidaiatzea, baina Euskal Herriko, Portugalgo eta Frantziako txapelketekin konformatu beharko dugu [barrezka].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.