Erik Jaka. Aspeko pilotaria

«Oldarkorra naiz, onerako eta txarrerako»

Donostia
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pilotalekuan beste edozein lekutan baino denbora gehiago igaro du Erik Jakak (Lizartza, Gipuzkoa, 1994). Hamaika sari eta txapel irabazi ditu afizionatuetan, Amezketako Zazpi Iturri elkartean, eta 19 urterekin, profesionaletara jauzia emateko aukera jaso du.

Bi urtez Asperekin entrenatzen ibili ostean, iritsi da zure unea.

Urte hauetako lanaren eta ahaleginaren ordaina izan da profesionaletara eman dudan jauzia. Dudarik gabe orain arteko lorpenik handiena izan da, nahiz eta oroitzapen on asko ditudan afizionatuetako txapelketetatik: Antiguako txapelketa, GRAVN, Bergara Hiria, Elgeta eta DV torneoak...

Zer eman eta zer kendu dizu pilotak?

Pilotak dena eman dit; zerbait banaiz, pilotarengatik naiz. Gainera, ez dut ezer alboratu, ez dit ezer kendu pilotak. Entrenatzera gustura joaten den horietakoa naiz. Nire bizitzaren parte oso garrantzitsua da; atsegin dudana, gainera.

Nola ikusi zenuen zeure burua debuteko partidan?

Profesionaletako partida batek ez du zer ikusirik afizionatuetako batekin alderatuta. Erritmoa askoz biziagoa da. Gainera, tantoak askoz gehiago landu behar dira. Hiru pilotakada on jota, ez da tantoa amaitzen, zuloak ez direlako hain erraz egiten. Gauzak oso ondo egin behar dira tantoa lortzeko; bestela, aurkariak ez du barkatzen.

Debuteko partidan, hamar tanto egin eta zazpi galdu zenituen.

Nire jokoa oso oldarkorra eta erasokorra da. Hori da nire bertuterik handiena, gainera, baina baita nire ahuleziarik handiena ere, oldarkortasun horrek hutsak egitera bainarama. Apur bat lasaiago jokatzen ikasi behar dut, presarik gabe. Gaztea naiz oraindik, eta asko daukat ikasteko. Horretarako nago hemen; aukera baliatzea espero dut.

Zazpi airez eginak izan ziren.

Aire jokoa trebatu dut azkenaldian. Egun, profesionaletan, ezker gantxoa menderatu behar dugu aurrelariok, eta horretarako, ausarta izan behar da, nahiz eta batzuetan kale egin.

Nor da zure pilotari eredua jokatzeko orduan?

Ezingo nuke bakarra aukeratu. Denek dituzte dohain bereziak. Irujoren oldarkortasuna,Aimar Olaizolaren oreka eta Xalaren klasea nabarmenduko nituzke.

Bi urteko kontratua duzu. Luze ala motz iruditzen zaizu?

Aurrerantzean mantentzea eta mailari neurria hartzea da nire helburua, presa eta presiorik gabe. Hobetzea besterik ez dut buruan; ez dut helburu finkorik ezarri nahi. Orain enpresak emandako aukera baliatu behar dut, eta eskaini didaten konfiantzari pilotalekuan erantzun.

Pilotari jaio ala hezi?

Pilotaria jaio eta hezi egiten da, bien arteko oreka bat bilatu behar da. Sufritu gabe profesionaletara iritsi nahi duenak jai dauka; ez pentsa bide erraza denik.

Irabaztekotan, nori eskainiko zenioko lehenengo txapela?

Profesionaletako txapel bat amets bat baino gehiago litzateke; hitz handiak dira horiek. Hori bai, egunen batean lortuko banu, amonari eskainiko nioke, berarekin dudan harremana berezia izan baita betidanik. Gainera, pilotarako sena berak transmititu zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.