Sugoi Uriarte Olinpiar diplomarekin geratu da Jun-Ho Cho hegokorearrak brontzezko domina lortzeko borroka irabazio ostean. Oso estua izan da bi judoken arteko lehia eta berdinketarekin bukatu dute urrezko borroka. Uriartek iniziatiba gehagi izan du, baina epaileek Hego Koreako judokaren alde erabaki dute. Londresko Excel kirolgune ikusgarrian jokatu da bart Uriarte, 66 kiloz azpiko lehian. Olinpiar Jokoetan lehen aldiz aritu da, baina dominen borrokan sartzeko aukera ez du alferrik galdu.
Sugoi Uriarterekin hitz egiteko aukera izan du saioaren ostean BERRIAk eta haserre eta triste zegoen. Garaipena berea zela uste zuela aitortu du, eta harrituta geratu dela epaileen erabakiarekin; "ziur nengoen borroka irabaziko nuela, baina badirudi epaileek ez dutela borroka bera ikusi. Oso parekatua izan da, baina garaipena lortzeko merituak egin ditudala uste dut. Neurri batean, nire errua da, epaleei erabakitzeko aukera emateagatik", esan du Uriartek.
Finalerdietan, Uriartek ezin izan du Miklos Ungvari Hungariako judoka menderatu. Aurretik, Tarlan Karimov Azerbaijaneko judoka hartu du mendean final-laurdenetan. Karimoven erasoak kontrolatu eta borroka hasieran lortutako yukoa mantentzen jakin du Uriartek. Azerbaijaneko kirolariak erasora jo behar izan du eta arabarrak beste yuko bat markatzeko aprobetxatu du. Final-zortzirenetan Daniel Garcia Gonzalez Andorrako judoka erraz hartu du mendean arabarrak.
Piraguismoa
Piraguismoari dagokionez (C1 eslaloma), seigarren denbora onenarekin sailkatu da Ander Elosegi. Finalerdietan ariko da bihar. Gaur Maialen Chorraut lasartearra lehiatuko da.