Olinpiar Jokoak

Auzoa eta ziklismoa elkarri lotuta

Errepideko iraupen luzeko txirrindularitza probak jokatuko dituzte asteburu honetan. Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideek zirkuituaren «zoko guziak» ezagutzen dituzte, etxean baitute lasterketako gunerik erabakigarriena.

Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideak Lepic karrikako igoera hasten. MONTMARTRE VELO CLUB-CAFE DU CYCLISTE
Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideak Lepic karrikako igoera hasten. MONTMARTRE VELO CLUB-CAFE DU CYCLISTE
mikel rodriguez
2024ko abuztuaren 2a
05:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez Tourmalet, ez Alpe D’Huez, ez Mortirolo, ezta Angliru ere. Asteburu honetan eliteko errepideko txirrindularitzako igoerarik erabakigarriena Lepic karrika izanen da, Paris iparraldeko Montmartre auzoan. Eta inguruan ez dira ikusiko ez tontor elurtuak, ez bihurgune segida bukaezinak, ezta baso eta zelaiak ere; Moulin Rouge, Amelie filmak famatu egin zuen Cafe des Deux Moulins ostatua, Galetteko errota eta Jesusen Bihotzaren basilika izanen dira igoeraren mugarrietako batzuk. Mathieu Van der Poel, Remco Evenepoel, Wout van Aert, Julian Alaphilippe, Lotte Kopecky, Demi Vollering, Marianne Vos, Elisa Longo Borghini eta bertze izar anitz igoko dira kilometro inguru luze den eta batez bertze %6,5eko pendiza duen karrikatik —baita Alex Aranburu eta Oier Lazkano euskal ziklistak ere—. Eta bertze zailtasun bati ere buru egin beharko diote. «Parisen lasterketa bat egiteko lekurik onena da: harbidedun maldak. Zer gehiago behar duzu?», erran du Edouard Blanquart Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideak (Lille, Frantzia, 1990).

Bihar jokatuko dute gizonezkoen proba, eta etzi, berriz, emakumezkoena. Trocadero plazan hasi eta bukatuko dira biak. Paris inguruko eskualdean eginen dituzte kilometro gehienak, eta, ondotik, hirira itzuliko dira, hemezortzi kilometro pasatxo dituen zirkuitu batera. Gizonen lasterketak 273 kilometro izanen ditu, eta emakumeenak 158, baina hirian zirkuitu berbera egin behar dute. Hiru aldiz igoko dute Montmartreko gaina, eta, azken aldiz igo ondotik, zirkuitua utzi eta ziztu bizian jaitsiko dira Trocaderora. Blanquartek eta haren kideek «zirkuituko zoko guziak» ezagutzen dituzte, eta igoera nagusikoak bereziki. «Uste dut Lepic karrikara 30 edo 40 txirrindulari ailegatuko direla, eta gero igoera bakoitzean selekzio bat eginen da». Maldak parterik gogorrenean %10eko pendiza du, eta, hain zuzen, huraxe da zatirik deserosoena. «Harbideak hagitz zaharrak dira, eta ez dute formarik onena. Zaila izanen da %10era harbide horiekin».

Montmartreko Txirrindularitza Klubekoak asteburua ailegatzeko irrikan daude. «Hasieran ez genuen sinesten lasterketa Montmartretik pasatuko zela, erokeria bat zela uste genuen. Baina ibilbide ofiziala argitaratu zenean, sorpresa handia hartu genuen». Blanquartek azaldu duenez, klubeko kideak kontent daude lasterketa auzotik pasatuko delako, uste baitute lagungarria izanen dela Montmartre eta txirrindularitza lotzeko. Hori baita klubak sortu zenetik izan duen helburu nagusietako bat: auzoa eta ziklismoa lotzea. «Kluba sortu genuenean, ez genuen bakarrik txirrindularitza klub bat izan nahi; Montmartre beti izan da artearen eremu bat, artistena eta anarkistena, hiritik aparte beti, eta gustuko dugu identitate hori». Berde koloreko maillotak janzten dituzte klubeko kideek, eta Montmartreko Errepublika dute idatzita horietan. «Klub berezi bat gara: agudo eta gogor korritzea gustuko dugu, baina ez gaude lehiaketetarako. Zaila da taldearen espiritua azaltzea: adiskidetasuna, sozializazioa, Montmartreren identitatea, artista anitz ditugu kideen artean... hori guzia da muina».

Itxialdiaren ondorio bat

Taldea nola sortu zen jakitea da klubaren izaera entenditzeko modu on bat. 2020ko udazkenean sortu zuten, Frantziako Gobernuak COVIDaren pandemiarengatik bigarren itxialdia agindu zuenean. Kirola egiteko ordubeteko baimena eman zuen gobernuak, betiere norbere etxetik gehienez kilometro bat urrutiratuta. «Hemezortzigarren barrutian bizi ginenez, soluzio bakarra zen Montmartrera etortzea eta igoerak egitea», azaldu du Blanquartek. «Bi lagunekin etorri nintzen, goizeko zortziak eta bederatziak artean, eta ordubetez gogor aritu ginen goiti eta beheiti, KOMak egiten saiatzeko». Ingelesez Mendiko erregea esamoldearen siglak dira KOM, eta Strava aplikazioan erregistratuta dauden ibilbideetan denbora onena duen ziklistari ematen zaion izendapena da. Bertze dozena erdi bat ziklista ikusi zituzten gauza bera egiten, eta hurrengo larunbaterako ordu berean geratu ziren. Hiru hilabetean larunbatero aritu ziren horrela, Montmartreko maldetan goiti eta beheiti. «Itxialdia bukatu zenean, geure buruari galdetu genion: ‘Zer eginen dugu orain?’. Jarraitzea erabaki genuen, eta Paristik kanpora joaten hasi ginen, 70 kilometroko bueltak, 80koak, 90ekoak...». Eta kilometroekin batera, taldeko kide kopurua ere handitu egin zen: gaur egun 50 bat kide dira, eta larunbatero ordu berean hutsik egin gabe elkartzen direnak, «hogei inguru».

 

«Kluba sortu genuenean, ez genuen bakarrik txirrindularitza klub bat izan nahi; Montmartre beti izan da artearen eremu bat, artistena eta anarkistena, hiritik aparte beti, eta gustuko dugu identitate hori»

EDOUARD BLANQUARTMontmartreko Txirrindularitza Klubeko kidea

Larunbateroko txango luzeek zuten arrakasta ikusita, bi erronkari heltzea erabaki zuten: bata, kluba antolatu eta garatzea; eta, bertzea, auzoko bizitzan txertatzea. «Antolakuntza bat dugu, eta elkarte bat sortu dugu», kontatu du Blanquartek. «Irabazi asmorik gabeko erakunde bat gara, Frantziako legediaren arabera, eta irailerako Frantziako Txirrindularitza Federazioarekin bat egin nahi dugu». Errepublikaren bertze muturrean dagoen «bazkide bat» ere lortu dute proiektuak garatzeko: Nizako Cafe du Cycliste arropa etxea. Horren laguntzari esker lortu dute aurten lehenbiziko aldiz Montmartreko Kriteriuma antolatzea. «Lepic karrikan antolatu genuen, Olinpiar Jokoetako igoera izanen delako». Klubeko kideek parte hartu zuten, eta modu original batean antolatu zuten: malda nork agudoago igoko elkarren aurka lehiatu ziren kanporaketen bidez, finaleraino ailegatu arte. Ez zenez proba ofizial bat, ez zuten «anitz iragarri», eta goizean goiz egin zuten, «autorik ez zegoenean». Helburutzat daukate «herri proba bat» egitea, eta espero dute hurrengo urterako Frantziako Federazioaren laguntzarekin antolakuntza ofizial bat lortzea.

Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideak Moulin Rougeren ondoan, Montmartre auzoan. MONTMARTE VELO CLUB-CAFE DU CYCLISTE
Montmartreko Txirrindularitza Klubeko kideak Moulin Rougeren ondoan, Montmartre auzoan. MONTMARTRE VELO CLUB-CAFE DU CYCLISTE

Kriterium horrekin, gainera, keinu sinboliko bat egin nahi izan diote historiari, auzoak bazuen-eta proba bat: Montmartreko ziklo-krosa. 1940ko urteetan jokatu zuten, eta azken urteotan lasterketa horren zuri-beltzeko irudiak anitz zabaldu dira txirrindularitzaren zaleen artean, sare sozialen bidez. Bertzeak bertze, ikus daiteke ziklistek nola igotzen zituzten Jesusen Bihotzaren basilikarako eskailera ospetsuak bizikletak bizkarrean kargatuta, eta nola lehiatzen ziren elkarren kontra harbideetan goiti-beheiti. Parte hartzea, gainera, ez zen edonolakoa; errate baterako, azken bi aldiak, 1947koa eta 1948koa, Jean Robic bretoiak irabazi zituen, 1947ko Frantziako Tourra eta 1950eko Munduko Ziklo-kros Txapelketa irabazi zituen berberak. «Piñoi finkoko bizikletak erabiltzen zituztela uste dut, eta irudiak ikusgarriak dira», erran du Blanquartek, sakelakoan lasterketa haren bideoa begiratzen duen bitartean. «Gustatuko litzaiguke gu izatea iragan horrekiko lotura».

Mahats biltzearen bestan

Kirolekoak ez diren ekintzetan ere parte hartzeko asmoa dute. Auzoko ohitura «inportante» batean, adibidez, pauso hori eman dute: mahats biltzearen bestan. Montmartren dago Parisko mahasti bakarra, eta urrian, bilketa egiten denean, besta izaten da auzoan. «Elkarte guziek desfile bat egiten dugu, inauterien antzekoa. Mota guzietako elkarteak daude, eta gu haietako bat gara». Topagune bat ere badute klubeko kideek: Au Reve ostatu eta jatetxea. «Behin hemen ginen jarrita klubeko kontu batzuk antolatu behar genituela eta, eta ondoan zegoen gizon batekin solasean hasi ginen», kontatu du Blanquartek. «Ezaguna egiten zitzaigun, eta halako batean ohartu ginen Fabien Galthie Frantziako errugbi selekzioko hautatzailea zela». Galthie auzoko bizilaguna zutela jakin zuten, baita txirrindularitzaren zalea dela ere. «Maillot bat oparitu genion, eta hitzeman zigun gurekin irteera bat eginen duela. Gauza horiek gerta daitezke Montmartren».

Luzera begirako planak dituzte kluba garatzeko, baina luze gabe asteburuarekin gozatzea dute xede. Kide batzuek Lepic karrikako etxe batetik ikusiko dute proba, eta afixa bat paratuko dute, kluba munduari ezagutarazteko. Blanquartek uste du «lasterketa ero bat» izan daitekeela «maldengatik eta bihurguneengatik», iaz Glasgown (Eskozia) jokatu zuten Munduko Txapelketan gertatu zen bezala, haren gisara hiri zirkuitu bat delako Pariskoa. Desio bat ere badu, nahiz eta uste duen «zaila» izanen dela: «Espero dut Julianek [Alaphilippek] irabaztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.