Olinpiar Jokoak

Lehiakideen bizitokia

Olinpiar hiria izan ohi da Jokoen antolakuntzak gogotsuen erakusten duen azpiegitura. Pariskoan biztanle kopurua «zerotik 8.000ra» igaro zen egun gutxian, eta 6.000 lagunentzako auzo bihurtuko dute Jokoen ondotik.

Olinpiar hiriko karrika bat. Bazterretan, hainbat herrialdetako ordezkaritzen egoitzak. MIKEL RODRIGUEZ
Olinpiar hiriko karrika bat. Bazterretan, hainbat herrialdetako ordezkaritzen egoitzak. MIKEL RODRIGUEZ
mikel rodriguez
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Olinpiar Jokoetan atleten hiria izan ohi da arretagune nagusietako bat. Antolatzaileek gogotsu erakutsi ohi dute beti, lau urtean behin bakarrik gertatzen baita munduko kirolaririk onenak elkartzea lehian ez ezik bizitokian ere. Aurten Parisko Jokoen antolakuntzak Parisen ipar-mendebaldean ezarri du hiria, Sena ibaiari itsatsita eta hiru udalerriren lurretan: Saint-Denisen, Saint-Ouenen eta Ile-Saint-Denisen. Laurent Michaud olinpiar hiriaren zuzendariaren arabera, atletek egin dioten balorazioa «hagitz ona» izan da. «Aunitz pozten naiz atletak irribarretsu ailegatzen ikusten ditudanean, Parisen daudelako sentitzen duten poztasunarengatik ailegatu delako hainbertze denboran esperatu duten momentu hau».

Jokoak hirian bertan egitea eta hiriaren parte izatea izan da Parisko antolakuntzaren xedeetako bat, eta olinpiar hiria garraio publikoaren bidez erdigunearekin eta bertze gune olinpikoekin lotuta egotea helburu horrekin lotu du. Metroko geltokitik atera bezain pronto sentitzen da olinpiar hiria inguruan dagoela, Jokoen kamisetak dituzten boluntarioak, akreditazioak lepotik zintzilik duen jendea eta atleta taldeak inguruan ikus baitaitezke harat-honatean oinez. Eta, noski, polizia pila bazter guzietan. Hiriaren sarreran askotariko jendea biltzen da —kazetariak eta kameralariak, kirolari ospetsuren bat ikusteko esperantzan joan diren herritarrak...—.

Errefuxiatuen taldeak hiri olinpikoan duen egoitza. MIKEL RODRIGUEZ
Errefuxiatuen taldeak olinpiar hirian duen egoitza. MIKEL RODRIGUEZ

Tradizio bitxi baten jarraitzaileak daude sarreran elkartzen diren horien artean: espaloiaren bi aldeetan oihal batzuk zabaldu, eta hamaika pin dituzte erakusgai hainbat lagunek. Baina ez dira saltzeko, kolekzioan ez dituzten bertze pin batzuengatik aldatzea dute helburua. Geoffrey Johnson Atlantakoa (AEB) da, eta helburu horrekin etorri da Parisera. «Ekitaldi handiena hor barrenekoa da [olinpiar hiria seinalatu du], eta hau da handienetan bigarrena [pinak seinalatu ditu]».

Johnsonek azaldu duenez, babesleek, komunikabideek eta Jokoekin zerikusia duten erakundeek egiten dituzte pin horiek, eta horien ehizan aritzen dira txapa horien zaleak. Eta ez nolanahi, gainera; Johnson, errate baterako, hamabi Jokotan izan da guztira pin horien xerkan. «Los Angelesera [AEB] joan nintzen lehenbiziko aldiz, 1984an, eta ondoren 1988an Calgaryra [Kanada], Negukoetara ere joaten bainaiz. Guztira, hamabi edo hamahiru Jokotan izan naiz». Parisera helburu zehatz batekin etorri da: bere jaioterriko Jokoetako pinak aurtengokoengatik aldatzera —1996an izan ziren Atlantan—. «Lortzen badituzu eta berriz ere elkar ikusten badugu, trukatu ditzagun».

Bananak 1,99 euroan kiloa

Olinpiar hiriak sarrera ezberdinak ditu harat sartzeko motiboaren arabera. Nagusia, bistan denez, kirolarientzat eta horien delegazioentzat da. Prentsarena kaotiko samarra izan daiteke kazetari anitz ordu bertsuan joaten badira, eta are gehiago akreditazio kontrolak gurutzatu ondoren hirira jaisteko bi norabideko arrapala estua Sergio Mattarella Italiako presidentearen segizioak alderik alde betetzen badu, sartu nahi dutenak ez aitzinera, ez gibelera egin ezinda utzita une batez.

Sarrera horretatik hurbil dago lehenbiziko eremua,Plaza erraten diotena. Hor daude, bertzeak bertze, Samsung multinazionalaren denda —atleta dezentek bisitatu ohi dutena eta Johnsonek aipatutako pin horietako hamasei eredu erakusgai dituena—, baita supermerkatu bat ere. Hona hemen erosketa saskiaren prezio batzuk: Martinikako bananak 1,99 euroan kiloa, Nutella potoak 2,80 euro, kafe pakete garestienak 4,28 euro, hamabi aleko komuneko paper paketeak 3,81 euro.

Ibai bazterrean pasealeku bat dago, eta jarlekuak ditu luzera guzian, atseden hartzeko. Poliziek txalupa motorizatu batean abiadura bizian patruilatzen dute ibaia alde batera eta bertzera, 1990eko hamarkadako Baywatch telesaileko sarrerako bideoa grabatzen ari balira bezala. Kartel batzuek ohartarazten dute ezin dela ibaian igeri egin —igerilariei edo triatletei zuzendutakoak izan beharko dute—, eta ibaiaren bertze aldean hiriko bertze auzoa ikus daiteke, ekialdeko hegikoa baino txikiagoa. Hainbat herrialderen egoitzak daude mendebalde horretan, baina gehienak ekialdean daude.

Blokez bloke ikus daiteke zein herrialde dagoen zein eraikinetan: batzuek banderak dituzte balkoi guzietan, bertze batzuek bandera handi bakarra izenarekin, bertze batzuek ikur diskretuagoak... «Nazioek baimena dute banderak paratzeko nahi badute, baina batzuek ez dute nahi segurtasun arrazoiengatik, eta hori errespetatu egiten dugu», azaldu du Michaudek. Errusiako atletek, ordea, ez dute haien herrialdeko ikurrak erakusteko baimenik, hango batzorde olinpikoa zigortuta baitago Ukrainako inbasioarengatik, eta kirolari errusiarrak norbanako neutral gisa ari dira parte hartzen. Michaudek erran du atleta horiek ez dutela jakinarazi nahi zein eraikinetan dauden, eta antolakuntzak errespetatu eginen duela. «Bertze delegazio batzuekin partekatzen dute egoitza, ez dugu aparteko bereizketarik egin».

Irlandarren mendeurrena Jokoetan

Irlandako taldea Kenyakoaren bizilaguna da. «Harreman ona egin dugu, bai», erran du Jim Clover Irlandako medikuetako batek. Ez da edonolako medikua talde olinpikoan, boxeolariez arduratzen baita. Irlandak historian irabazi dituen 35 dominetatik hemezortzi lortu ditu kirol horretan. «Bai, kirol nagusia da». Tokioko Jokoetan bi irabazi zituzten duela hiru urte: Kellie Harringtonek urrea eta Aidan Walshek brontzea, eta berriz ere dominen lehian izanen dira.

Clover hilaren 22an ailegatu zen Parisera, eta Jokoak bukatzean joanen da. Irlandako talde olinpikoa lehenengoz lehiatu zenetik mende bat beteko da aurten, eta aldi hura ere Parisen izan zen, 1924ko Jokoetan. «Aurtengo Jokoak hagitz bereziak dira guretzat, eta inoizko talderik handiena ekarri dugu. Lehen ministroa izan dugu bisitan, eta argazki bat egin zuen atleta guziekin».

Poztu da euskaraz argitaratzen den egunkari bati mintzatu zaiola jakitean. «Hagitz inportantea da hori, eta eutsi egin behar zaio. Guk ere irlandera dugu, eta saiatzen gara gure hizkuntzari eta kulturari eusten. Hagitz ongi dago hori». Cloverren herrikide Daniel Wiffen igerilariak ere badu Euskal Herriaren berri. «Frantziako Tourra iaz hor hasi zen. Txirrindulari onak daude hor». Munduko marka dauka 800 metroko estilo libreko proban igerileku laburrean —urrea irabazi zuen atzo proba horretan, baita errekor olinpikoa lortu ere: 7.38,19—, eta Darregh Greene taldekidearekin batera harro erakutsi du Tokioko 2020ko uztaien tatuajea, Pariskoak bigarren Olinpiar Jokoak dituztela adierazteko. Ez dute kexarik olinpiar hiriarekin.

«Aurtengo Jokoak hagitz bereziak dira guretzat, eta inoizko talderik handiena ekarri dugu»

JIM CLOVERIrlandako boxeo taldeko medikua

Dave Farmer igeriketa entrenatzailea ere oro har kontent dago olinpiar hiriak eskaintzen dizkien zerbitzuekin, batekin izan ezik: «Garraioa agian ez da aproposena. Hor badu zer hobetu». Janaria nabarmendu du alde onen artean.

Farmer ez da Irlandako taldeko kidea, Barbadoskoa baizik. «Barbadosko igerilari bakarraren entrenatzailea naiz». Jack Kirby da igerilari hori: 24 urte ditu, eta lehenbizikoz aritu da Olinpiar Jokoetan. Atzo geratu zen lehiatik kanpo. «Gure helburua esperientzia hartzea da, Los Angelesko Jokoetan gauza handiagoak egin ahal izateko». 2028an izanen dira Jokoak Los Angelesen (AEB). Farmerrek azaldu duenez, Barbadosentzat bereziagoak izanen dira horiek, Amerikan lehiatuko direlako.

Karibeko herrialdeak lau atleta ditu Parisen: Tristan Evelyn eta Sada Williams atletismoan, Matthew Wright triatloian eta Kirby igeriketan. «Domina bakarra daukagu: 2000koetan atletismoan», kontatu du Farmerrek —Obadele Thompsonek brontzea lortu zuen 100 metroko lasterketan—. «Hagitz inportantea da gurea bezalako herrialdeak Olinpiar Jokoetan egotea».

«Gure helburua esperientzia hartzea da, Los Angelesko Jokoetan gauza handiagoak egin ahal izateko»

DAVE FARMERBarbadosko igeriketa entrenatzailea

Olinpiar hiriko biztanle kopurua «zerotik 8.000ra» handitu zen hasiera ekitaldiaren aitzineko egunetan, Michaud hiriko zuzendariak jakinarazi duenez, eta denera 14.000 baino gehiago hartuko ditu Jokoetan. «Lau urte egin ditut nire taldearekin batera proiektu hau garatzen eta orain ikusten ditugun zerbitzu hauek guziak antolatzen. Baina niretzat hagitz interesgarria zera da, ez dugula bakarrik olinpiar hiri bat sortu: barruti berri bat sortu dugu Sena Saint-Denis hiriarentzat, eta Jokoak bukatzean hirian biziko diren hurrengo 6.000 biztanleengan pentsatu dugu, hori zen lehenbiziko helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.