Jose Angel Iribarrek 1962ko irailaren 23ean egin zuen debuta Athleticen lehen taldearekin, Malagaren aurka, La Rosaleda futbol zelaian. Lehen partida izango zen hura, eta ondoren beste 613 etorriko ziren. Hemezortzi denboraldiz gorde zuen Iribarrek Athleticeko atea (aurretik beste batean Baskonian aritu zen), eta aro bat ezarri zuen Bilbon.
Atzo estraineko partida jokatu zuenetik 50 urte bete ziren, eta klubak omenaldia eskaini nahi izan zion San Mamesen, hain justu Malagaren aurkako partida hasi aurretik. Horretarako Iribarren ondoren Athleticeko atea gorde duten ia atezain guztiak elkartu zituen (Dani Aranzubiak partida zuen Deportivorekin).
San Mamesen berriro izan ziren Karmelo Cedrun eta Andoni Zubizarreta atezain ohiak, horiek ere, klubaren historian lekua egin zutenak. Omenaldia Andoni Egañaren bertsoarekin hasi zen, eta Iribar eskertuta agertu zen klubarekin bere debuta gogoratzeagatik. Raul Fernandez eta Gorka Iraizoz egungo atezainek euren eskuzorroak eman zizkioten.
Atezainen eguna zen atzoko zalantzarik gabe, eta partida husna bukatu zuten Athleticek eta Malagak.