Cedevita Zagreb 76. Caja Laboral Baskonia 69

Onartezina, bigarrenez

Baskoniak harrika bota du Euroliga ia-ia, Zagreben jarrera txarra erakutsita; miraria behar du bigarren itzulian

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Cedevita Zagreb. Green (6), Wright (14), Suput (12), Babic, Bilan (16) —hasierako bostekoa—; Andric (8), Suton, Ilievski (3), Gelabale (11), Tomas (6), Car eta Nurkic.

Caja Laboral Baskonia. Heurtel, Causeur (6), Nemanja Bjelica (7), San Emeterio (15), Lampe (11) —hasierako bostekoa—; Nocioni (12), Milko Bjelica, Cabezas (?), Pleiss (2), Oleson (8) eta Rochestie (2).

Markagailua. 24-24, 39-34 (atsedenaldian); 58-46 eta 76-69.

Epaileak. Ziemblicki, Chiari eta Trawicki. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 3.500 ikusle inguru Drazen Petrovic pabiloian.

Nor da harri berean estropezu bi aldiz egiten duen ugaztuna? Gizakia. Baskoniako jokalariak. Bigarrenez, hamar egunean, onartu ezin den norgehiagoka jokatu du Gasteizko taldeak Euroligan, eta Zagreben galduta, ia-ia ezinezkoa du Top 16a. Bost partidetatik lau irabazi beharko ditu bigarren itzulian, eta Kaunas eta Istanbulen jokatu behar da. Norberak atera ditzala kontuak, baina erabiltzen duen kalkulagailua erabilita ere, zenbakiak ez datoz bat. Eskerrak Milano ere oso fin ez dabilen. Kontsolamenduren bat bilatu behar, eta horixe, multzoko laugarren postua da arabarren azken heldulekua. Oso helduleku tristea.

Baskoniak hondoa jo duelako. Cedevitak merezimendu osoz nagusitu zen, une bakoitzean egokia zen jokaldiak eginez. Erdiko blokeoarekin, blokeoa eta jarraipenarekin, sistema guztiei etekina aterata... Eta ezin zenean, baloia Bracey Wright edo Gelabaleri, haiek erabaki zezaten. Partida biribila jokatu zuen Cedevitak, eta ahazteko modukoa Baskoniak. Gurina baino bigunago defentsan, bizitasunik gabe, zabarkeriaz, jokoan zer zegoen jakingo ez balu bezala. Ivanovicen taldeak zazpi falta bakarrik egin zituen lehen 25 minutuetan, jokalarien grina faltaren erakusgarri.

Eta jakina, beti pasatzen dena. Defentsan asmatu ez, eta erasoan zer egin jakin ez. Jokalari bakoitza bere kasa, talde lanik gabe, eta gorabehera ikaragarriekin. Batzuetan, txukun; besteetan, galduta. Liga hasieratik, arazo handia dauka gidaritzan Baskoniak, eta horrela zaila da eraginkor izatea. Heurtelen hamaikagarren partida txarrari Cabezas eta Rochestieren laguntza eskasa gehitu behar zaio. Pibotei dagokienez ere, berri onik ez. Lampek ez du piperrik defendatzen, baina erasoan puntuak sartzen dituela balio dio jendeari. Pleiss ere ezin jakin non dabilen, baina hura bezala Oleson, Causeur, Milko Bjelica eta Nocioni. Argentinarra azken hamar minutukoan esnatu zen, baina berandu, zer eginik ez zegoenean, eta hori ezin da baimendu.

Cedevitak %59 saskiratu zuen bikoetan, eta asmatu ez zuenean erraz-erraz bereganatu zuen erasoko errebotea: 11, guztira. Gehitu horri emandako baloi kopurua, 14, eta 25 jabetza ateratzen dira. Zenbaki horiek egin eta irabaztea lortzea utopia da. Okerrena, sentsazioa. Baskoniak Cedevita talde ahultzat jo zuela, aise irabaziko ziola pentsatu zuela, eta muturreko handia hartu zuela.

Baskoniak nahi baino askoz lehenago egin beharko dio aurre partida erabakigarri bati. Hurrengo ostiralean, Olympiakosen aurka. Bostetik hiru etxean jokatuko ditu, eta Milanek ere ez du egutegi errazik. Horiek atzoko ondorio ez hain txarrak. Txarrena, bost partida jokatu eta lau galdu dituela Baskoniak: estatistika negargarria. Balantze hori daukanak merezi al du Top 16a jokatzea? Erraza da erantzuna: ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.