Caja Laboral Baskonia. Heurtel (2), Oleson (10), Nemanja Bjelica (8), San Emeterio (2) eta Lampe (5) —hasierako bostekoa—; Nocioni (11), Cabezas (12), Pleiss (5), Milko Bjelica (2) eta Causeur (7).
Anadolu Efes. Farmar (18), Lucas (6), Guler (2), Savanovic (7), Erden (9) —hasierako bostekoa—; Vujacic (7), Tunceri (2), Shipp (6), Gonlum (10) eta Batista (9).
Markagailua. 19-15, 48-30 (atsedenaldian); 55-52 eta 64-76.
Epaileak. Cerebuch, Jovcic eta Bissang. Kanporatua: Nemanja Bjelica.
Bestelakoak. 11.119 ikusle Buesa Arena pabiloian.
Multzoko beste partidak. Zalgiris Kaunas-Emporio Armani (92-87); Olympiakos-Zagreb (gaur, 20:00).
Baten batek azalpen sinesgarriren bat eman dezala, azalpen logikoren bat ematea zaila baita. Baskoniak harrikara bota du azken 10 egunetan irabazitako izen on osoa, barregarri, penagarri aritu baita bigarren zatian. Onartezina da Europan hainbeste balentria egin dituen taldeak halako ezina, tristura eta gaitasun eza erakustea. Baskonia 48-30 zen aurretik atsedenaldian, baina Efes Pilsenek 16-46ko partziala lortu zuen bigarren zatian. Defentsa lan bikaina egin zuen Efesek, eta Baskoniaren eraso jarduna ikaragarri murriztu. Zazpi puntu hirugarren laurdenean, eta bederatzi azken laurdenean. Etorkizuna belztu egin da berriro, eta neurriren bat hartzea komeni. Zein Baskoniako zuzendaritzak erabaki beharko du, baina Top 16tik kanpo geratzen bada erabakiak hartu behar dira.
Baskoniak 29 jaurtiketa egin zituen bigarren zatian. 14 bikoak, 15 hirukoak. Bikoetan lau saskiratu zituen, hirukoetan bakarra! Bost saskiratze 20 minututan! Zer lortu nahi da zenbaki horiekin? Nora iritsi nahi da? Erasoan asmatzen ez bada, defentsan saiatu, behintzat, baina hori ere ez. Efesek ondo jokatu zuen, bere defentsa bikainak lagunduta, baina erasoan sekulako erraztasunak bilatu zituen, Baskonia biguntasun onartezinarekin aritu zelako defentsan. Efes Pilsenek bere zona ixtea lortu zuen, Baskonia urruneko jaurtiketak egitera behartuz, eta 13 huts egin zituen. Asmatu ez, eta halere, hirukoak bota eta bota.
Beste biderik aurkitzeko gai ez zelako izan. San Emeterio zerutik infernura pasa zen. -2ko balorazioa atzo. Nocioni ere balaztarik gabe, azkarregi. Heurtel eta Cabezas galduta, Farmarren erakustaldiarekin txundituta, eta Lampe, kantxa gainean paseatzen, batere odolik gabe Erdem-Gonlum bikoa izar bilakatuz. Dinamika txarrean sartu, eta ezin norabidea irauli. 20 minuitutan! Horrek sortzen du zalantza, galdera sorta. Nora joan nahi du Baskoniak horrela? Baskoniak ez al du oihu batzuk bota eta taldearengan oso ohikoa den izaera hori esnarazteko? Entrenatzaileak, bistan da, ez du lortu, edo ez daki lortzen.
Eta orain, berriro 0tik hasi eta besteen emaitzen baitan geratu. Gaur zortzi Zagreben irabazita 2-3 balantzearekin bukatuko du ligatxoko lehen itzulia, baina ezin ahaztu dagoeneko bi partida galdu dituela etxean, eta horri buelta ematea ez dela batere erraza. Ivanovicen partida bukaerako adierazpenak ere ez ziren, baikorregiak izan: «Ez da partida logikoa izan, baina ez dakit zergatik ez den izan azaltzen. Ez daukat arrazoi garbirik. Hobeto defendatu behar dugu, eta erasoan pazientziarekin jokatu, baina ez aurrera ez atzera gabiltza».
Caja Laboral Baskonia 64. Anadolu Efes 76
Onartezina eta tristea
Baskoniak 18 puntuko errenta erabakigarria zuen atsedenean, baina negargarri aritu da bigarren zatian; sailkapena okertu egin daBaskonia hirukoekin itsutu da, Efesen zonan itota: 16-46, bigarren zatiko partziala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu