Hutsune garrantzitsuak izan arren, joaneko 0-3koa baliatu behar du Osasunak finalerdietarako sailkatzeko
ASIER LEGARDA-EREÑO
Iruñea
Joanekoan Leverkusenen lortutako aldea handia da, eta Osasunak ez luke estutasunik igaro beharko Bayer Leverkusen kanpoan utzi eta UEFAko finalerdietarako sailkatzeko. Halere, alemaniarrek 90 minutu dituzte ezinezkoa dirudiena posible dela erakusten ahalegintzeko, eta gorritxoek ezin dute erabat lasaitu itzulerako lehia amaitu bitartean. Ondo hasitakoa ondo bukatzea da gaur Osasunako jokalariek duten erronka. Bayer Leverkusenen aurkako kanporaketa erdizka dagoenean, finalerdietarako Sevilla ala Tottenham zein nahiago duten pentsatzen hasiak dira osasunazaleak, baina 90 minutu geratzen dira.
Esaterako, Erromak joanekoan Italian lortutako gol bateko aldeari eutsi nahi zion herenegun Manchester Uniteden aurka, baina ingelesek zazpi gol sartu zizkieten Old Trafforden. Juanfranek beste adibide bat jarri zuen astelehenean: «Liverpoolek 45 minutu besterik ez zituen, Milanen aldeko 3-0ekoari buelta emateko orain bi denboraldiko Txapeldunen Ligako finalean, eta lortu egin zuten bigarren zatian», esan zuen gorritxoen eskuin hegalekoak. Osasunak ere 4-3 galdu zuen orain bi denboraldi Athleticen kontra, 60. minutuan 0-3 nagusi bazen ere.
Dena dela, inork ez luke Osasunaren egoera Bayerrenarengatik aldatzea nahiko. Hankasartze ugari egin beharko dituzte gorritxoek gaur finalerdietatik at geratzeko. Dena alde dute, eta hori baliatzen jakin beharra dago. «Oraingoan bai, faboritoak sentitzen gara, presio hori daukagu, eta ezin dugu huts egin. Inguruko giroa iritsi egiten da aldagelara ere, eta gaur [atzo] oso ondo entrenatzen ikusi ditut mutilak, jendea kontzentrazio handiz ari da lanean. Dena dela, profesionalak garela erakutsi behar dugu, eta serio aritu behar dugu futbolean. Joanekoan gu hobeto aritu ginen eta hiru goleko aldea dugu, baina Bayer baino talde hobea ez garela jakitea garrantzitsua da haiek hemen guk han egindakoa egin ez dezaten», adierazi zuen atzo Zigandak. Partida serio jokatuz gero, Osasunak ez du arazorik izango.
Leverkusengo taldearen entrenatzaileak, Michael Skibbek, kanporaketa gainditzeko inolako aukerarik ez dutela esan zuen atzo, eta badirudi ezohiko jokalari askorekin zelairatuko dela Alemaniako taldea. Skibbek esandakoa ez du aintzat hartzenZigandak, dena dela: «Seguru nago ez duela sinesten bere taldeak batere aukerarik ez duela. Hori esan beharra dauka, baina seguru ez duela esandakoa benetan sinesten. Dena dela, nahiago badu, ez dugu partida jokatuko, nekatu ere ez gara egingo, eta denok pozik egongo gara», erantzun zuen ironiaz Zigandak.
JOSETXO EUSKARRIAN. Hasierako hamaikakoa osatzeko buruhauste ugari izan du Kuko Zigandak. Hiru euskarri min hartuta dauzka Larraintzarko entrenatzaileak: Javad Nekunam irandarra eta Patxi Puñal eta Raul Garcia nafarrak -joanekoa lehian hartu zuen min Raul Garciak, Leverkusenen, eta kolpe bat soilik izan arren, minez dago oraindik; gaur erabakiko du Zigandak deialdian sartu edo kanpoan utziko duen-. Ion Erize gaztea erabili du Zigandak azken hiru partidetan -Sevilla eta Real Madrilen aurka Ligan, eta Bayerren aurka UEFAn-, baina 2.B Mailatik iritsi berri batentzat gehiegi izan daiteke hamar egunean lau partida jokatzea maila gorenean, eta gaur gaueko partidarako beste proba batzuk egin ditu Zigandak. Azkenean, Raul Garcia erabat osatu ezean, behintzat, atzelari bat zelai erdian jartzea izango da irtenbidea. Josetxo erdiko atzelaria euskarri postuan ariko da gaur, Iñaki Muñozekin batera.
Delportek, Puñalek, Nekunamek, Miguel Flañok eta Raul Garciak min hartuta jarraitzen dute, eta David Lopez eta Corrales zigortuta daude. Joanekoan Osasunaren zelai erdian aritu ziren lau gizonek ez dute gaur jokatuko, ondorioz -Erize, Raul, Juanfran eta David Lopez aritu ziren Alemanian-. Juanfranek soilik zituen jokatzeko aukerak, baina Valdo ariko da eskuin hegalean.
Bezperakoak
«Orain bai, faboritoak gara eta ezin dugu hutsik egin»
Jose angel ziganda
Osasunako entrenatzailea
«Orain bai, faboritoak gara, sentitzen gara eta ezin dugu hutsik egin. Inguruko giroa aldagelara ere iristen da eta jokalariak ondo entrenatu dira. Bayer baino talde hobea ez garela jakitea garrantzitsua da, guk han egindakoa egin ez dezaten. Euren entrenatzaileak aukerarik ez dutela diola? Ez diot sinesten esandakoa».
«Aurrera egiteko batere aukerarik ez duguune honetan»
michael skibbe
bayer leverkuseneko entrenatzailea
«Ez dakit portzentajeekin adierazi ote dezakedan, baina une honetan ez dugu aurrera egiteko batere aukerarik. Halere, Bayer Leverkusenek den-dena emango du. Ez dugu opari bat bera ere egiteko asmorik, eta gure helburua azken partidetan emandako itxura hobetzea da. Aldaketa batzuk egingo ditut hamaikakoan».