Ondokoa oilartzeko beldurrez

Ezkurratarren etxean giro berezia sortu du Binakako Txapelketako finalak. Koteto eta Josetxo osaba-ilobak aurreko koadroetan direla, belaunaldi aldaketaren isla izango da gaurko partida.

Koteto eta Josetxo Ezkurra osaba-ilobak, asteazkenean, pilotak aukeratzen hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Hernani
2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Nik ezin dut hartu berak daukana: gaztetasuna. Berak bai, ordea, nik daukadana: esperientzia». Osabaren esana entzunda, barrez hasi da iloba. «20 urte gutxiago dauzka berak. Pentsa!». Zirikatzeko gogoz dago Koteto Ezkurra (Doneztebe, Nafarroa, 1973). «Zein pilota aukeratu ere ez dakite. Ikusi duzu nola ibili diren pilotak frontisera bota eta bota? Bote altukoak nahi zituzten, baina gora botata denek egiten dute bote altua. Ez zekiten zein hartu». Ostegunean hasi zen Erremonteko Binakako Txapelketako finala, Galarretan, zirika giroan; eta gaur izango du kirol amaiera, partida handiarekin.

«Lasai nago oraingoz, baina tamaina honetako nire lehen finala da, eta ikusiko dugu nola erantzuten dugun». Hitz bakoitzean osabari begira ari da Josetxo iloba (Doneztebe, Nafarroa, 1992). «Esperientzia handia dauka berak, badaki kantxan ibiltzen, ona da defentsan, eta oso ona tantoak amaitzen». Gazteenak hura izan du ispilu beti. «Aurrelari askori begira egoten nintzen, baina osabari begiratzen nion gehien». Begiradarekin erantzun dio hark ondo egiten zuela berari begiratuta. «Nirekin alderatuta, azkarrago ibiltzen da bera kantxan, eta ez daukat bere txisparik. Baina kokapenarekin estaltzen ditut nik hutsuneak». Azterketa zehazten jarraituta, ilobak oraindik ere «estatikoegi» jokatzen duela uste du Kotetok. «Baina oso ondo aritzen da pilotan, eta oso gustura egoten naiz berari begira».

Giroa baretzen ari dela ikusita, eta gazteena oilartu aurretik, ordea, erasora jo du, berriz ere, txapeldun handiak. «Orain ikusiko dugu finaletan esaten zizkidatenak egiteko gai den edo ez». Barru-barrutik atera zaio. «Behin finalak amaituta, askotan esan izan didate bi pareta gehiago bota behar nituela edo jokaldia txokoan egin behar nuela, edo... Kanpotik oso azkarrak dira hauek, baina ea ba orain berak zer egiten duen». Ondorio argia atera du ilobak: «Hobe dut finala irabaztea; a zer egurra eman behar didana bestela! Urte guztirako indarra hartuko luke txapela jantziz gero». Baietz, finala irabaztea hobe duela erantzun dio osabak ondotik, barreari eutsi ezinik. «Deskuiduan txapela irabazten badut, prestatuta daukat-eta dena». Esaldia amaitzerako lehertu da osaba, ilobari begira-begira.

Kotetok ez du eman azalpen gehiago, baina, irabazi edo galdu, finalaren ondorengo afari giroa antolatuta daukala argitu du. «Betikoari eutsiko diot nik. 40-50 lagun elkartzen gara beti Donezteben bertan, Belarra jatetxean, eta hantxe afalduko dugu aurten ere». Gaztea ondoan izango ote du? «Ez dakit. Auskalo. San Miguelek eta biok hitz egin beharra daukagu oraindik. Eguna iristen denean ikusiko dugu zer egin». Kotetok argitu du dena: «Badakizu gazteari zer gustatzen zaion. Beste kontu batzuk dauzkate hauek buruan». Bestela ere elkarren ondoan nahiko denbora pasatzen dutela azaldu du gazteenak. «Larunbatero amatxiren etxean bazkaltzen dugu, Gabonetan ere elkartzen gara...».

Familian dirua, parean

Emaitzaren araberakoa izango da bakoitzaren festa giroa, baina noren alde egin dute apustu etxean? «Denetik dago. Parean dago dirua. Baina ilobek uste dut nahiago dutela nik irabaztea». Koteto tartean dela, hura izaten da faborito gehienetan, eta gaur ere Ezkurra-Ionen alde aterako da dirua. Josetxok argitu du osaba-ilobek bi aldiz jokatu dutela elkarren aurka. «Eta berak irabazi ditu bi partidak. Ea ba hirugarrenean gure aldekoa den emaitza». Bata xaxatzen, eta bestea eusten-eusten, giro berezia izango da gaur Galarretako aurreko koadroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.