Ondorioak izaten hasia da

Nazioarteko Pilota Federazioko presidente Xavier Cazaubonek kargutik kendu ditu batzorde exekutiboko kide ia guztiak. Mexikoko kide bat eta Frantziako bat utzi ditu, besteak beste

Miarritzen jokatutako Munduko Pilota Txapelketaren aurkezpena. Mikrofonoarekin, Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea. PATXI BELTZAIZ.
Paulo Ostolaza - Ainara Arratibel Gascon
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Hasi da eragina izaten Nazioarteko Pilota Federazioak Mexiko Hirian egin zuen ezohiko batzarra. Han, larunbatean, federazioko batzorde exekutiboak erretiratu egin zuen Euskadiko Federazioaren onarpenaren inguruko puntua. Horrenbestez, azkenerako ez zen bozkatu. Horren ostean, azkar hartu ditu neurriak Xavier Cazaubonek, erakundeko presidenteak: kargutik kendu ditu batzordea osatzen zuten ia kide guztiak.

Hiru mantendu ditu bakarrik: Jesus Mena idazkari nagusia, Mexikokoa; Javier Conde diruzaina, aldi berean Nafarroako Pilota Federazioko presidente dena; eta Lilou Etxeberria, Frantziako Pilota Federazioko presidentea. Mena duela aste batzuetatik da batzordeko kide. Julian Garcia Angulo Espainiako Federazioko presidentearen tokia hartu zuen. Cazaubonek Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik kargugabetu zuen Garcia Angulo. «Iraintzea eta eraso egitea» egotzi zion Cazaubonek Garcia Angulori, gutun baten bidez.

Nazioarteko federazioko presidenteak, sare sozialetan argitaratutako gutun batean azaldu duenez, «hausnarketarako denbora bat» hartuko du orain, batzordeko kide berriak hautatzeko. Erabakiaren arrazoia argi utzi du: joan den uztailaren 29an egindako ezohiko batzarrean gertatutakoa.

Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak atzo BERRIAn argitaratutako elkarrizketan zioenez, onarpenaren inguruko puntua bozkatu ez izanak badu alde on bat: hurrengo edozein batzarretan ere sar daiteke gai zerrendan, eta bozketa egin. Horrenbestez, ez dute berriz eskaria egin beharrik. Ezezkoa atera izan balitz, bi urte itxaron beharko zituzten gutxienez berriz aurkezteko. Hala jasotzen dute estatutuek. Etorkizuneko bozketa bati begira erabakigarria izango da, beraz, Cazaubonek hautatzen duen batzordea.

Cazaubonek prozesu honetan izan duen jarrrera nabarmendu zuen Enbilek. «Legeak eta estatutuek agintzen zutena egin du. Aurrena, gure eskaria federazioaren batzordera eraman zuen. Bertan, Espainiako Federazioa zegoen, baina ez zen aurkako botorik egon: abstentzioak eta aldeko botoak bakarrik. Horrenbestez, bozketa egiteko batzarrera deitu zuen».

Enbilen esanetan, orduan hasi ziren « larritzen» Espainiako Federazioko ordezkariak, eta aurkako mezuak ematen. «Garcia Angulo mezuak zabaltzen hasi zen bere sare sozialen eta Espainiako Federazioarenen bidez, batez ere Cazaubonen kontra. Garcia Angulok 32 urte daramatza karguan, eta denek dakigu zein izan den urte hauetan haren diskurtsoa. Sekula ez du nahi izan Euskadiko Federazioa nazioartekoan egotea. Hori ez da aldatu».

Espainiako Federazioaren mezua hauxe zen beste herrialdeek ezetz bozkatzeko, Enbilen arabera: «Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzen bazen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kanporatu egingo zuela zioten, gu ez baikara onartutako estatu bat. Baina ez da egia. Badira horrelako kasu batzuk beste kirol batzuetan».

Erdien babesa

Euskadiko Federazioaren proposamenak bazuen babesa larunbateko batzarrean. Batzordeko %50ek baino gehiagok alde bozkatzeko asmoa zuten —bi herenen babesa behar zuten onartua izateko—. Izan ere, federazio batzuk alde ditu. Enbilek kontatu zuen: «Federazio indartsuak, gainera: Frantziakoa, Argentinakoa, Mexikokoa... Haiek argi ikusten dituzte gure argudioak, eta lan egingo dugu jarrera horri eutsi diezaioten». Mexikokoa eta Frantziakoa dira Cazaubonek batzordean mantendu dituenak.

Alde daudenek beren iritziari eusteko lan egiten jarraituko du federazioak, eta ezetz bozkatu behar zutenak konbentzitzeko.Nola egingo duten azaldu zuen Enbilek: «Aurreko astean aipatu genituen argudioak erabiliko ditugu aurrerantzean ere: ekonomiari, lehiari, nortasunari eta legeari lotutakoak dira. Guk gogor jarraituko dugu lanean kirol hau munduan ahalik eta gehien zabaldu dadin. Beti egin dugu, eta horretan segituko dugu. Izan ere, esan bezala, gure kirola da. Konpromiso tinko bat dugu beste selekzioei laguntzeko ere».Berretsi zuen, gainera, «inoiz baino indartsuago» daudela lan horretan jarraitzeko.

Izan ere, argi du Nazioarteko Pilota Federazioarentzat onuragarria dela Euskadiko Federazioa sartzea. «Haiek ikusten dute herri honek zenbateko konpromisoa duen pilotarekin, eta kirol ikuspegitik zer maila duen. Beste federazio indartsu bat ginateke nazioartekoaren barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.