Ondorioen uberan lanean

Bukatu dira traineru jaitsierak, eta, horrekin batera, neguko prestakuntza. Egindako guztia aztertzeko garaia da, uda aurreko azkeneko lanei ekin aurretik.

Orio, neguko etxeko estropadan lehian, otsaileko azken-aurreko larunbatean. JOXE MARI OLASAGASTI.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Traineru denboraldien prestakuntzan, gero eta jaitsiera gehiago jokatzen ari dira urtero, eta aurtengoek eman dituzte eman beharrekoak. Galizia, Kantabria (Espainia) eta Euskal Herrikoak kontuan hartuta, hamalau estropada izan dira. Balantzea egiteko garaia da, horrenbestez. Lehendabiziko kolpean, baina, loriatsuenak aipatu behar: garaipen gehien Urdaibaik eskuratu du gizonezkoetan (4), eta emakumezkoetan Oriok astindu du bandera beste inork baino gehiagotan (3).

Iker Zabala (Bermeo, Bizkaia, 1979) Urdaibaiko entrenatzailea pozik da taldeak egindakoarekin: «Ezin hobeto joan dira». Hala ere, garbi dauka badutela zer hobetu: «Lan handia daukagu egiteko, arraunean ez gara-eta gustura jardun». Egoera horretan irabazi izanari oraindik eta garrantzi handiagoa eman dio. Baita honegatik ere: «Arraunlari askok garaipen gutxi lortu dituzte taldearekin azken urteetan, eta horientzat garrantzitsua izan da irabaztea, konfiantza berreskuratzeko».

Aurkarien inguruan, kontatu du ezusterik ez duela hartu: «Espero nuena ikusi dut». Lehiak batzen ditu guztiak, eta garai honetan zer balio duen azaldu du: «Ondo etortzen da, negua luzea eta aspergarria izaten da eta». Hala ere, alde txarra ere ikusten die estropada hauei: «Ontzi txikiak eta aulki mugikorra baztertzea eragin du, klubak trainerura begira jarrita gaudelako. Ez da ona arraunarentzat, eta gazteentzat txarra da, aspergarriagoa baita prestaketa luze hau. Lehen, duela 20 urte, gu denean aritzen ginen, eta udan, trainerua egiten genuen».

Orain, beste lan molde batzuetan sartuko da prestakuntza, baina ez erabat Urdaibain: «Orain bizitasuna landuko dugu, baina bolumena ere bai oraindik».

Orio, txarra ere zukutuz

Patxi Frances (Donostia, 1958), Orioko emakumezkoen taldeko entrenatzaileari garaiak eskatzen die neurria jartzeko ondorioei: «Denboraldi-aurrea da, eta aurkariak zer talderekin atera diren berririk ez daukat». Norberak egindakoari erreparatu behar, hortaz, eta «ontzat» jo du taldearen lana: «Hazten ari gara, gure ideien arabera, eta gustura gaude. Erraza da taldea eramateko».

Emaitzak ez dira erabakigarriak izango, ezta garrantzitsuena ere denboraldi-aurre bete-betean, baina hemen ere denak balio du, eta denari atera dakioke zukua: «Informazioa ematen digute, eta gauzak probatzeko aukera. Azkeneko estropadan, Pasai San Pedron, Arraun Lagunak-ek erraz irabazi zigun, eta ondo etorri zaigu gure konfort eremutik ateratzeko, aurretik hiru jaitsiera irabaziak baikenituen. Gauza batzuk aldatu ditugu, eta ideia batzuk berreskuratu».

Hemendik aurrera arraunlarien lana aldatu egingo dela dio: «Orain arte, bolumena lantzen aritu gara, eta orain, lan horri distira atera behar diogu, txispa eta bizitasuna aurkitzeko. Udako estropaden erritmoen bila goaz». Denboraldi ofizialari ekainaren 12an emango zaio hasiera, Gipuzkoako Txapelketarekin, eta Francesi gustatuko litzaioke gehiago ere izatea: «Arraunlariak lehia behar du askatzeko, eta udako lanetan lehiatzea ere komeni da, bi luzetara eta ziaboga batera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.