Onenen artean onenak

Bihar hasiko da belar hockeyko munduko txapelketa. Terrassan eta Amsterdamen jokatuko da. Maialen Garcia donostiarrak podiumera igo nahi du bigarren aldiz.

Maialen Garcia partida batean, Espainiako selekzioarekin. RFEH.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Partida soil bat gai da kirolari bati duen onena ateratzeko. Txapelketa batek, berriz, duen baino pittin bat gehiago ateratzeko gaitasuna du. Munduko txapelketak, ordea, guztiz zukutzen du kirolaria. Hor daude onenak, eta denek erakutsi nahi izaten dute zergatik dauden hor. Bihartik uztailaren 17ra arte nor baino nor gehiago arituko dira belar hockeyko munduko selekziorik onenak, Terrassan (Herrialde Katalanak) eta Amsterdamen. Hamasei herrialdek hartuko dute parte, baina lau onenek bakarrik jokatuko dute uztaileko hirugarren asteburuan. Horra iritsi nahi du Maialen Garciak (Donostia, 1990), Espainiako selekzioarekin.

Txapelketan sua pizten aurrenekoak izango dira Garcia eta bere taldekideak. Kanadaren aurka lehiatuko dira bihar, 21:30ean. Ipar Amerikako selekzioarekin ez ezik, Argentinarekin eta Hego Korearekin neurtuko dituzte indarrak B multzoan. Donostiarraren ustez, beraien eta argentinarren artean egon beharko luke multzoko lidergoak: «Dena ondo badoa, argentinarrek eta guk erraz irabazi beharko genieke beste bi selekzioei. Argentina, baina, beste kontu bat da. Haien aurkako azken bi partidak 1-0 galdu ditugu. Gol bakarrarengatik irabazi digute, hala ere, eta horrek esan nahi du gertu gaudela».

Egutegiari erreparatuz gero, gustura dago neurketen errenkadarekin: «Erraza, zaila eta erraza», jarri ditu hurrenkeran. «Okerrik ezean, Kanadari erraz irabazi beharko genioke: ez dute guk bezain talde sendoa. Baina Ameriketako Estatu Batuak kanpoan utzi dituzte, eta gauzak ondo egin dituztelako izan da hori». Ondoren, txapelketako faboritoetako baten kontra: Argentina. «Lehena irabazten badugu, konfiantzaz iritsiko gara norgehiagokara. Multzoko zailena da, eta partida bikaina egin beharko dugu haiei gailentzeko». Eta amaitzeko, Hego Korea: «Oso talde teknikoa eta azkarra da. Baina, orokorrean, hobeak garela esango nuke».

Baikor dago Garcia txapelketa honetan bere taldeak egin dezakeenarekin. Lau onenen artean egon daitezkeelakoan dago, taldekideei esaten ez badie ere: «Benetan uste dut urrutira irits gaitezkeela. Oso partida onak jokatu ditugu azkenaldian, eta oso ondo sentitzen gara. Helburuak hor goian egotea izan beharko lukeela uste du. Behintzat hor egoteko ilusioa izatea».

Domina bat lortuko balu, ez litzateke estrainekoa izango munduko txapelketa batean jokalari donostiarrarentzat. Orain dela lau urte, hirugarren postua eskuratu zuten, Londresen. Azkeneko txapelketa horretako esperientzia kontuan izanik, «pauso bat harago» joatea espero du: «Aurten, 2018an baino talde dezente hobea dugu. Fisikoki asko hobetu dugu. Orduan brontzea lortu genuen. Horregatik diot marka hura berdindu edo hobetzeko gaitasuna dugula».

Lesioen gurutze bidea

Kirolari askok lesioengatik utzi behar izaten dute ibilbide profesionala. Garciak bi aldiz hautsi ditu ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa, eta behin eskuin belaunekoak. Guztira hiru lesio larri. Azkena 2019an, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoen atarian. «Nire kirol ibilbidea hor amaituko zela uste nuen, lesionatu eta lehen hilabete eta erdian. Pentsatzen nuen: '30 urterekin, belauna hiru aldiz hautsita… Zer egin behar dut nik?'. Baina pixkanaka-pixkanaka motibazioa berreskuratu nuen».

2020ko Olinpiar Jokoak galduko zituela bazekien, baina gero koronabirusa etorri zen, eta, Jokoak urtebetez atzeratu baziren ere, indarberritzeko ere denbora gehiago behar izan zuen. «Barneratua nuen Olinpiar Jokoak galduko nituela. Ez zidan minik egin horrek. Baina sekulako ilusioa egin dit, pasatu dudana pasatuta, hautatzaileak niri deitzeak horrelako txapelketa garrantzitsu baterako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.