Opariz bete du Eliasen Eskua

Moskun eta Belgraden bezala, Baskoniak gertu izan du garaipena Tel Aviven, baina kale egin du une erabakigarrian

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Berriz ere gertu, baina berriz ere urrun. Baskoniak kale egin zuen une erabakigarrian, markagailuari buelta eman eta aurretik jarri behar den unean, eta Maccabik nahiko eroso irabazi zuen azkenerako. Laugarren porrota da jarraian Euroligan, eta Baskoniak ez du akats gehiago egiteko tarterik dagoeneko. Etxeko hiru norgehiagokak irabazi behar ditu bai edo bai (Prokom, Khimki eta Partizan), eta Kaunasen irabazten saiatu. Lautik hiru irabazten ez baditu ez du Top 16a jokatuko.

Lehen 20 minututan parez pare ibili ziren Maccabi eta Baskonia, baina arabarrek egindako opariei etekin handia atera zien Israelgo taldeak. Jabe garbirik gabeko baloiak irabazteko orduan egindako opariak, garbiak ziren saskiratze errazak kale egiterakoan egindakoak, ziurrak ziren erreboteetan egindakoak, hiru puntuko jaurtiketetako portzentaje kaskarra...Asko izan ziren, eta Maccabik zazpi kontraeraso egin zituen berreskuratutako baloi horien bitartez. 14 puntu erraz denera, eta hori zama astuna da. Baita ondo jokatzen duen taldearentzat. Baskoniak ondo jokatu zuelako. Defentsan nahiko epel aritu zen lehen laurdenean, eta Schortsianitisek eta Eliyahuk min handia egin zuten saskipean (seina puntu, bakoitzak). Horiei esker zortzi puntuko zuloa ireki zuen etxeko taldeak: 21-13

Baskoniak etekina atera zien bere baliabideei. San Emeterio batzuetan, Teletovic besteetan, eta gorantz doan Stanko Barac, 12 punturekin. 27na ere berdindu zuten arabarrek, defentsan hobetu egin zutelako Ribas eta Haislip kantxaratzearekin bat. Bigarren laurden hondarrean, ordea, hasierako akatsetan jausi zen berriro Baskonia, besteak beste hiruko marratik egoskor saiatzea, portzentajea oso txarra zenean: zazpi saiakera, denak kale. Perkinsen hiruko batek, eta Yaniv Green eta Eliyahuren kontraeraso bik seira handitu zuten berriro Tel Avivekoen aldea.

Bigarren zatian panorama ez zen asko aldatu. Baskoniak markagailuari buelta emateko aukera on pare bat izan zituen, baina berriro, kale egin zuen erabakigarrian. 40-39 gerturatu zen aurrena Teletovicek Baskoniaren partida osoko lehen hirukoa saskiratuta, baina Maccabik ihes egin zuen berriro Eliyahuk bakar-bakarrik hiruko bat saskiratuta: 45-39.

Zama astuna

Minutu batzuk geroago, hari berbera. Teletovicen bigarren hirukoa, 50-49 markagailuan, baina ezin buelta eman. Bi aukera on, eta bietan kale. Maccabi 55-51 aurreratu zen azken laurdena hasi aurretik, eta garaipen erosoa lortzeko lanean murgildu zen. Aitaren batean 10 puntuko zuloa ireki zuen, 61-51, eta partidaren erritmoa bereganatu zuen orduan. ;antsoago jokatu eta Jeremy Pargok Huertas erotu zuen.

Baskonia 75-68 hurbildu zen berriro, baina hiru minuturen faltan eta alde horri buelta ematea zaila da, eta are gehiago Maccabiren aurka bere etxean, eta 81-70 nagusitu ziren israeldarrak, eroso. Baskoniak laugarren partida galdu du jarraian, eta burua altxa ezinik jarraitzen du Europan. Eta taldea bezala, liga hasieratik pattal ari diren jokalariak. Hausnarketarako zenbakiak dira Olesonen -4, Ribasena (puntu 1), Loganena eta Bjelicarena (0), edota Haislipena: 4 puntu. Lagundu ez, zama astuna dira taldearentzat, eta horrek aldatu egin behar du. Eta azkar.



Maccabi Tel Aviv 81

Caja Laboral Baskonia 70

Maccabi Tel Aviv. Pargo (14), Eliyahu (18), Eidson (12), Perkins (7) Schortsanitis (9) -hasierako bostekoa-, Hendrix (-), Blu (5), Green (9), Pnini (-) eta Burstein (7).

Caja Laboral Baskonia. Logan (1), Teletovic (15), San Emeterio (21), Oleson (3), Barac (18) -hasierako bostekoa-, Ribas (1), Huertas (7), Haislip (4) eta Bjelica (-).

Markagailua. 21-15, 38-32 (atsedenaldian); 55-51 eta 81-70.

Epaileak. Sahin (ITA), Christodoulou (GRE) eta Javor (SLO). Ez zuten inor kaleratu.

Bestelakoak. 11.500 ikusle inguru Eliasen Eskua pabiloian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.