Xalton Zabala. Zazpi Iturriko entrenatzailea

«Orain arte egin dugun txapelketa ikusita, baikorra naiz»

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Urteak daramatza BERRIA Txapelketan parte hartzen; ondo ezagutzen du, eta ez da fio faboritotzat jotzen dituzten iritziez. Xalton Zabalak (Amezketa, Gipuzkoa, 1951) talde ona du, baina finaletan kirioek beti dute eragina, eta Uharteko jokalarien maila azpimarratu nahi izan du.

Nola daude zure pilotariak?

Ondo. Altuna kexu zen aurrekoan hazi minak zirela-eta; orpoan mina zuen, eta Jakak orkatila bihurritu zuen duela bi aste, baina, bestela, ondo. Nagusiak aldi berean GRAVN txapelketa jokatzen ari dira, eta nekea pixka bat nabarituko dute, akaso.

Nola ikusten duzu finala?

Baikorra naiz; orain arte egin dugun txapelketa ikusita…, itxaropenarekin.

Faboritoen artean zeundeten, baina ustekabekoa izan al da finalera iristea.

Guk aukerak bagenituela uste nuen, baina kadeteekin nuen zalantza, biak lehen urtekoak baitira. Irribarriak iaz infantiletan Elgetako lau t'erdikoa jokatu zuen, eta kontrastatuta zegoen, baina Altuna oraindik zailtzen ari da… Guk badakigu zenbat jokatzen duen entrenamenduetan, baina gero hori kantxan eman behar zuen.

Lehen urtekoak dira biak.

Bai, eta txapelketa diseinu honetan kadeteen partida oso garrantzitsua da, tanto aldea eginez gero, beste partidak baldintzatzen dituelako. Hori, esaterako, azken kanporaketan pasa zitzaigun. Aldea aurka izanda, kontrarioen jubenilak partida txarra ez egiteko asmoz irten ziren, eta azkenean halaxe irten zitzaien.

Kanporaketa ia guztiak lehen bi partidekin erabaki dituzue.

Bueno, hor ere, Galdakaokoen aurka, Elezkano ez zegoelako izan zen. Halere, ondo asko ari dira. Gero, jubeniletan, lehen, bikote hori jarrita ere, erosoago irabazten genuen.

Gakoa, gazteek?

Halako txapelketa batean gakoa beti nagusietan dago; gazteei ezin zaie presiorik sartu. Eta nagusietan, onenak Uharteko Ioldi eta Linzoain dira.

Uhartek nagusietan du indarra.

Bai, bikote handia du. Gogoan dut Zugarralderen aurka jokatu zutenekoa, kontrarioek sei tanto baino gutxiago egin behar zizkieten, eta bostean utzi zituzten. BERRIA txapelketan erakustaldi bikainak eman dituzte, eta hori Zugarraldek edo Errekak bikote oso onak zituztela.

Uharte espero al zenuen finalean?

Egia esan, ez; Zugarralde espero nuen. Gazteen partidan ez zuten kanporaketa erabaki, eta nagusienean sei tanto egin beharrean gelditu ziren, eta ez zuten lortu. Baina Uharte finalean badago, kontrario gogorra delako da. Guri, txapelketa irabazi genuenean, antzeko zerbait pasa zitzaigun, Azpeitiaren aurka tanto bat gehiago egin behar genuen, eta ozta-ozta lortu ondoren izan ginen txapeldun.

Aspaldi izan zineten txapeldun, eta kosta zaizue berriz ere finalera iristea.

Bai, egia da. Urte on bat izan genuen, eta finalerdia galdu genuen Zugarramurdin. Egun txarra izan genuen; pilotari batek mina hartu zuen gainera.

Nolakoa iruditu zaizu txapelketa?

Kalitate ona dago, eta apurka tokia egiten ari da egutegian. Kanporaketa batean-edo beste pilotari on bat falta bazaizu, galera handia da; taldekakoak hori du, eta deskuidu txikienak kalera bidaltzen zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.