Itxakoko entrenatzaile Ambros Martin bezain zuhurra da Silvia Navarro atezaina (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1979). Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkan aurkari gogorrak egokitu zaizkiela erran du; zaila izanen dela sailkatzea. Baina argi utzi du azken unera arte borrokatzeko prest direla. Prest, eta jokatzeko irrikan. Bihar dute lehen erronka, Lizarran, Gyoriren aurka (19:00).
Bera Beraren aurkako derbia irabazi duzue , gol bakar batengatik. Gyoriren aurkako partida prestatzeko moduko norgehiagoka izan da?
Ligari dagokionez, partida garrantzitsua izan da guretzat, aukera eman digulako Bera Berarekin genuen aldea handitzeko. Zazpi puntura daude orain. Bera Beraren aurkako partidak beti dira zailak, eta lan gogorra egitera bultzatzen gaituzte. Gyoriren aurka ere horixe egin beharko dugu. Baina txapelketa ezberdinak dira, eta batean balio duenak, akaso, bertzean ez du balio.
Astearteko garaipenak, hala ere, Txapeldunen Ligari berriz ekiteko indarberritzen zaituzte?
Bai, garrantzitsua izan da guretzat. Laguntzen du halako garaipena lortzeak. Argi izan behar dugu Ligako lanak garrantzi handia duela, Liga irabazteak emanen digulako hurrengo denboraldian berriz Txapeldunen Ligan aritzeko aukera. Bera Beraren kontrako garaipenak, beraz, indarra eman digu, zalantzarik gabe. Berriz diot, hala ere, Liga gauza bat dela, eta Txapeldunen Liga bertze bat.
Lehiaketa bakoitzari aurre egiteko modua anitz aldatzen da zuentzat?
Bai. Ezin dugu ahaztu Txapeldunen Ligan dauden taldeak lehen mailakoak direla. Europan ez da sumatu ABF ligan izan dugun krisia. Taldeak ederki sendotu dira, eta hori sumatzen da pistan. Lan egiteko moduan, noski, aldea ez da hain handia. Finean, Ligan bezala, Europan ere gakoa da partidaz partida aurrera egitea.
Munduko Txapelketa jokatu zenuten abenduan Brasilen. Itxakoko jokalari asko aritu zineten han. Atseden hartzeko aukera izan duzue?
Kontua da atseden hartzeko denborarik ere ez dugula izan. Ez dago horretarako aukera handirik. Lehiaketa bat atzean utzi, eta hurrengoari ekin behar diogu. Munduko Txapelketa amaitu zen, eta burua oraingo helburuetan jartzeko ordua dugu orain.
Nekea sumatuko duzuen beldur zara?
Urtarrilean egin dugu lan hori gerta ez dadin. Entrenatzaileak horretan ahalegindu dira. Txapeldunen Ligari ekin behar diogu berriz, eta horretarako prestatzen aritu gara azken hilabetean.
Orain heldu da lanik gogorrena egiteko garaia?
Bai. Lan gogorrena egiteko ordua dugu. Baina politena ere bada. Edozein jokalarik jokatu nahi du Txapeldunen Ligan, eta gu lehiaketa horretan ari gara. Lan egiteko eta gozatzeko garaia da.
Larvik (Norvegia), Gyori (Hungaria) eta Midtjylland (Danimarka) taldeekin zaudete multzo berean. Zer deritzozu?
Multzo gogorra dela, zaila. Larvik da egungo txapelduna, eta Gyorik ederki sendotu du taldea.
Lanari ekiteko prest zarete?
Bai. Jokalari guztiak bigarren ligaxkari ekiteko gogoz gara. Horixe nahi dugu. Txapeldunen Ligan urrun ailegatzeko gogoz gara, eta horretan ahaleginduko gara. Badakigu aurreko sasoian egindakoa berriz lortzea zaila izanen dela, baina horretan saiatuko garela inork ez dezala zalantzarik egin. Azken unera arte borrokatuko gara hori lortzeko.
Zaila izanen da iazko finalarekin ez oroitzea, ezta?
Zaila da, bai. Denok hor egon nahi dugu berriz ere. Eta jendeak ere hori eskatzen digu. Baina jokalariok argi dugu hori lortzea hagitz zaila izanen dela. Urratsez urrats egin behar dugu aurrera. Aurreko sasoian lan egiteko era horrek urrun eraman gintuen, eta orain ere finalera ailegatzea izanen da gure helburu nagusia, noski.
Lehen urratsa Gyoriren aurkako partida izanen da.
Partida biribila egin beharko dugu. Iragan sasoian aurkari gogorra dela erakutsi zigun, eta orain are gogorragoa dela uste dut. Kontraeraso azkarra du, eta min handia egiten ahal digu. Defentsa sendoa erakutsi behar dugu, eta fin aritu.
Etxean hasteak mesede eginen dizue?
Nik uste dut baietz. Guretzat ona da. Zaleak ondoan izanen ditugu, eta horrek indar handia ematen digu.
Silvia Navarro. Itxakoko atezaina
«Orain heldu da lanik gogorrena egiteko garaia, baina politena ere bada»
Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkari ekiteko prest da Itxako. Jokalariak lanean hasteko gogoz direla azpimarratu du Silvia Navarro atezainak. Urrun ailegatu nahi du, oraingoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu