Lude Hakanson. Surne Bilbo Basketeko jokalaria

«Orain liderra naiz, eta rol hori asko gustatzen zait»

Lehen itzulia ondo osatu dutela uste du Hakansonek, eta adierazi du Espainiako Koparako ez sailkatzea ez dela kolpea izan. Gaur Darussafaka hartuko dute Txapeldunen Ligan (20:00).

ELISEO TRIGO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Denboraldiko jokalari onenetako bat izan da orain arte Ludde Hakanson (Stockholm, 1996). Bilbo Basketeko joko antolatzaileak «baikortasunez» begiratu dio etorkizunari. «Irrikaz» dago Txapeldunen Ligan beste pauso bat eman eta zortzi onenen artean lehiatzeko.

Amaitu da ligako lehenengo itzulia. Zer deritzozu egin duzuen lanari?

Nahiko ona izan dela uste dut. Zortzi partida irabazi ditugu, gorabehera batzuk ere izan ditugu, baina hori normala da. Orokorrean, oso indartsuak izan gara etxean, garrantzitsua da guretzat Miribilla, eta etxetik kanpo hobeto aritu gintezkeelakoan nago. Lehenengo jardunalditik asko hobetu dugu, eta bolada onean gaudela uste dut.

Miribillan sendo aritzeak zer ematen dizue?

Guretzat etxean jokatzea izugarria da. Zaleek asko ematen digute. Urte ona egiteko berebiziko garrantzia du Miribillak guretzat. Neurketa guztietan lehiatu eta irabazteko gai garela sentitzen dugu, eta asko estimatzen ditugu guk gure zaleak.

Zer nota emango zenioke taldearen lanari?

Hamar bat ezin jarri. Hori Kopan egotea litzateke. Baina zortzi bat bai: oraindik hobetzeko asko dugu, baina ondo ibili gara.

Espainiako Koparako ez sailkatzea kolpea izan al da?

Ez. Taldean, orain dela bi aste arte ez dugu Kopaz hitz egin. Gure helburua zein den argi daukagu: lehen hamasei sailkatuen artean amaitzea liga. Egin dugun lehen itzuliari esker aukerak izan ditugu; noski, gustatuko litzaiguke egotea, baina ezin izan da, eta ez daukagu inongo damurik.

Gaur hasiko duzue Txapeldunen Ligako bigarren fasea. Lauko multzo batean Darussafaka, UCAM Murtzia eta Tenerife egokitu zaizkizue. Zer iritzi duzu multzoaz?

Multzo zaila da. Tenerife eta Murtzia oso ondo ezagutzen ditugu; Darussafaka, ez hainbeste. Bai taldeak bai neronek gogo handia dugu txapelketa honetan aritzeko.

Zer helburu ezarri duzue txapelketa honetarako?

Pausoz pauso goaz. Gure lehen helburua lehen ligaxka igarotzea zen, eta orain gauden ligaxkarako sailkatzea. Orain, beste urrats bat eman nahi dugu, eta zortzi onenen artean egotea da gure xedea. Garrantzi handia ematen diogu txapelketa honi, eta ondo aritzea gustatuko litzaiguke.

Darussafaka izango da zuen lehen aurkaria. Nolako neurketa espero duzu turkiarren aurka?

Turkiako talde ia guztiak bezalaxe oso multzo ona izango delakoan nago. Jokalari amerikar asko izaten dituzte, eta ondo moldatzen diren turkiarrak... Ikusiko dugu nola joaten den.

Zuri dagokizunez, gustura egongo zara osatzen ari zaren sasoiarekin, ezta?

Bai. Gozatzen saiatzen naiz, baina hiru egunez behin jokatuta, tarte gutxi izaten dut horretarako. Beti ari naiz hurrengo norgehiagokan pentsatzen. Baina oso gustura nago Bilbon, baita taldearekin eta entrenatzailearekin ere [Jaume Ponsarnau].

Aurrerapauso nabarmena eman duzu aurten. Zer aldatu duzu aurten hobekuntza hori hain agerikoa izateko?

Faktore asko daude, baina erabakiak hartzeko garaian asko hobetu dut. Nik badakit zer egiten dudan ondo, eta hori behin eta berriz errepikatzen saiatzen naiz partidetan. Nire taldekideek eta entrenatzaileak sekulako konfiantza eman didate. Orain, liderra naiz, eta rol hori izatea asko gustatzen zait. Erantzukizuna izatea gustuko dut.

14,3 puntu, bost asistentziaeta 15,1eko balorazioa. Horiek dira ligako lehen itzulian batez beste lortu dituzun zenbakiak. Arlo guztietan ligako onenen artean zaude.Hori al da Hakansonen bertsiorik onena, edo oraindik onena iristeko dago?

Orain arteko onena seguru baietz [barrez], baina oraindik gaztea naiz, eta hobetzeko asko dudala uste dut. Ez gauza jakin batean, baizik eta orokorrean, arlo guztietan.

Psikologo batekin zabiltza lanean orain dela urte batzuetatik. Aldaketa handia nabaritu duzu?

Bai, azken urte hauetan asko lagundu dit. Arlo mentala oso garrantzitsua da mundu guztiarentzat, ez bakarrik kirolarientzat. Mundu guztiak izaten ditu lanean milaka pentsamendu, eta horiek ondo kudeatzen jakin behar duzu, non arreta jarri... Horiek ez badituzu behar bezala lantzen, oso zaila da errendimendua ona izatea, eta osasunerako ere oso lagungarria da.

Askotan esan duzu Euroligan aritzea dela zure ametsa. Bertan aritzeko moduan ikusten duzu zeure burua?

Baietz uste dut. Ligan Euroliga jokatzen duten lau talde ditugu [Baskonia, Bartzelona, Valentzia eta Real Madril], eta haien kontra neurketa txukunak egin ditut. Nire ametsa Euroligan jokatzea da, baina ez naiz horretan pentsatzen ari orain.

Behin edo beste esan duzu jokatzea gustatuko litzaizukeela «erretiroa hartu baino lehen». 26 urte besterik ez duzu. Zergatik diozu hori, hain gaztea izanik?

Bai, hala da [barrez]. Begira, psikologoak irakatsi didan gauza bat orainaldian bizitzea da. Momentuan momentukoa.

Eta datorrenari begira, zer eskatzen diozu taldeari denboraldiaren bigarren erdialderako?

Orain arte izan dugun mentalitate berberarekin jarraitzea. Jaumek [Ponsarnau entrenatzaileak] beti gauza bera esaten digu: liga honek partidaz partida hobera egitea exijitzen dizu. Txapeldunen Ligan zortzi onenen artean egon nahiko nuke; eta, ligan, helburua lortuta, gora begira egotea.

Zer da gora begira egotea?

Badakit zertaz ari zaren... Baina ez dut esango [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.