Alavesek okerreko bidea hartu du bigarren itzulian. Aurrenekoan, 32 puntu pilatu zituen, inoiz baino gehiago, baina, geroztik, indarrez hustu da. Hamabost puntu eskas pilatu ditu bigarren zatian, eta hiru besterik ez azken zortzi partidetan; Espainiako Lehen Mailako ezein taldek baino gutxiago. Hori horrela, errealitatearekin egin dute tupust arabarrek. Europan zehar bidaiatzeko ametsa hainbat hilabetez hauspotu ondoren, saria lortzeko ia aukerarik gabe gelditu dira sasoiaren azken txanpan. Azken jardunaldian, finala izan zuten Realaren aurka, eta kale egin zuten: 0-1. Hala, ia ezinezko dute zazpigarren postua bere egitea.
Ruben Duarterentzat (Almeria, Espainia, 1995) «azken trena» izan zen txuri-urdinen kontrako derbia, baina oraindik ez dago den-dena galdua. «Matematikoki, badaude aukera batzuk; beraz, oraindik badugu esperantza. Amaierara arte saiatuko gara, zer gerta ere». Miraria gauzatzeko, Alavesek geratzen zaizkion bi norgehiagokak irabazi beharko lituzke. Zailena bihar du, Valentziaren zelaian. «Galtzekorik gabe» jardungo omen dira. «Irabaztera aterako gara, soilik emaitza horrek balio baitigu. Haiek partida izan zuten herenegun, eta ikusi beharko da nekea nabaritzen duten».
Alta, bihar Valentziari eta azken jardunaldian etxean Gironari irabazita ere, nekez lortuko du Arabako taldeak Europa ligarako sailkatzea. Izan ere, borroka horretan hiru talde daude aurretik; Espanyol eta Reala, gasteiztarren puntu kopuru berarekin (47), eta Athletic, hiru puntu gehiagorekin (50).
Gauzak hala, Abelardorenentzat porrota litzateke Europarako ez sailkatzea? Ez du hala uste Duartek. «Guk hasieratik garbi izan dugu zein zen talde honen helburua: mailari eustea. Ametsetako lehen itzulia osatu genuen, baina ia ezinezkoa zen hori bigarren itzulian errepikatzea. Hori da errealitatea, eta onartu beharra dago».
Edonola, sailkapenean izandako bilakaerari erreparatuta, Alavesek goiko postuen talaiatik ikusi du salbazioaren lehia. Izan ere, denboraldiaren bi heren baino gehiago 28 jardunaldi eman du zazpi onenen artean. Azken hamar jardunaldietara ia edozer gauza egiteko moduan iritsi zen: bosgarren zegoen, Txapeldunen Ligako postuetatik bi puntu eskasera. Alabaina, arabarrei lorpen historikoa erdiesteko ilusio guztiak zapuztu zaizkie azken txanpan, eta, alde horretatik, Duartek aitortu du beheraldiak oso aho zapore txarra utzi diela. «Etsipen handia sentitzen dugu. Sasoiaren zatirik handienean goi-goian egon gara, eta han iraun nahi genuen, baina orain ez dugu ia aukerarik».
Txakalaldiaren zioei dagokienez, lehenik eta behin, neguko merkatuan paratu du soa atzelari espainiarrak. «Ez da aitzakia, baina taldearen jokoari ekarpen handia egiten zioten bi jokalari irten ziren urtarrilean [Ibai Gomez eta Ruben Sobrino]. Haien falta sumatu dugu, klubak oso jokalari onak ekarri dituen arren». Bigarrenik, Mendizorrotzako gainbehera aipatu du. «Lehen, gauzak nahieran ateratzen zitzaizkigun etxean, eta maiz irabazten genuen. Bigarren itzulian, ordea, berdindu egin ditugu irabazi beharreko neurketa batzuk. Adibidez, Leganes eta Valladoliden aurka lau puntuk egin ziguten ihes». Nekeak ere erasan ditu. «Freskotasuna falta izan zaigu, fisikoki eta mentalki».
Ezegonkortu egin al ditu Abelardok Gasteizen jarraituko ez duela jakiteak? «Ez dut uste, partida txukunak egin baititugu berria argitaratu zenetik. Abelardoren erabakia ez dago gure esku, eta ez zaio buelta gehiagorik eman behar». Horrekin batera, Duartek goratu egin du teknikari espainiarrak azken urte eta erdian egindako lana. «Oso eskertuta gaude harekin. Ataka estuan geundela iritsi zen, eta, harekin, dena goitik behera aldatu zen. Gidalerro egokiak eman zizkigun, eta horren ondorio dira azken bi denboraldietako emaitzak». «Une loriatsuak» bizi izan dituztela gogoratu du. «Real Madrili azken minutuan irabazi genion, lider gisa joan ginen lotara Celtaren zelaian irabazi ostean... Momentu horiek ez dizkigu inork kenduko»
Arlo pertsonalean ere, «asko» eskertzen dio Abelardori «konfiantza» eta «jarraitutasuna» eman izana. Hegalekoa funtsezkoa ari da izaten sasoi honetan: 32 lehia jokatu ditu orain arte, denak ere titular moduan. 2017an iritsi zen Gasteizera, eta, gaur-gaurkoz, Alavesen bizkarrezurraren parte da. Horregatik, klubak beste lau denboraldirako berritu dio kontratua, 2023ra arte. «Bi aldeak gaude pozarren. Espanyolen urte zaila bizi ostean iritsi nintzen hona, eta oso ondo hartu ninduten. Hurrengo lau sasoietan, nire esker ona erakusten saiatuko naiz, orain arte egin dudan bezala». Pozik dago Gasteizko bizimoduarekin. «Oso ezberdina da Almeriaren aldean, baina oso gustura nago. Bidaiatzea bizitzea da, eta esperientzia ederra ari da izaten hau».
«Oraindik badugu esperantza»
Alavesek aukera gutxi ditu Europan sartzeko, baina Ruben Duartek esan du jokalariek ez dutela amore eman nahi. Halere, onartu du «etsipen handia» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu