San Antonio 35. Maribor Branik 27

Oraindik ez da amaitu

Amaya San Antonio Europako Errekopako finalerdietan sartu da, Maribor Branik mendean hartuta

Gedeon Guardiola San Antoniokoa, jarrera ikusgarrian atera jaurtitzen, atzoko partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Guardiola (4), Vargas, Victor (3), Crowley (1), Rasic, Agirrezabalaga (11) –hasierako zazpikoa–, Sevaljevic (8, 3p), Borragan (3), Mindegia, Meoki (2), Urdiales (2), Eloy (1).

Maribor Branik. Cudic, Ostir, Razgor (3), Nikolic (1), Ivancic (5), Gajic (6), Tominec (3) –hasierako zazpikoa–, Grm, Vrecar, Gregorc (1), Pucnik (4), Klec, Mackovsek (4).

Markagailua. 3-2, 5-6, 7-9, 7-12, 11-14, 16-14 (atsedenaldian); 18-16, 20-18, 23-21, 26-23, 30-25, 35-27.

Epaileak. Herczeg eta Sudi (Hungaria). Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Sevaljevic, Guardiola, Vargas, Urdiales eta Rasic; eta Maribor Branikeko Vrecar, Ostir, Razgor eta Pucnik.

Bestelakoak. 800 ikusle inguruk bat egin zuen Iruñeko NUPeko pabiloian.

Beste final-laurdenak. Atzo: Sport Resita-Vardar Skopje (23-18, Vardar Skopje sailkatu da). Gaur: Elverum Herrer-Gummersbach (25-44 joanekoan) Tremblay-Drott Halmstard (31-26).

Helburua bete du. Amaya Sport San Antonio Europako Errekopako finalerdietarako sailkatu da, Maribor Branik mendean hartu eta gero. Joanekoan 28-34 irabazi zuen Iruñeko taldeak, eta atzo, Iruñean, 35-27 nagusitu ziren nafarrak. Partida bigarren zatian erabaki zuten Juanto Apezetxearen jokalariek, eta, haien artean, Alberto Agirrezabalaga nabarmendu zen. 11 gol sartu zituen, eta, kontraerasoa baliatuz, min handia egin zion aurkariari.

Norgehiagoka, dena den, ez zen etxekoen alde hasi. Defentsan nahiko eskas aritu zen San Antonio, eta horren ondorioak laster sumatu zituzten nafarrek. Mariborrek aurrea hartu zien etxekoei hasieran. Hemeretzigarren minuturako, 7-12 galtzen ari zen San Antonio, eta kanporaketa airean zegoen. Esloveniako taldeak nafarrena baino askoz ere defentsa gogorragoa erakutsi zuen. Erasoan, gainera, erritmorik gabe aritu ziren nafarrak lehen zatian, jokaldiei segida emateko hamaika arazorekin. Horrek, noski, emaitzan izan zuen isla.

Apezetxeak hutsartea eskatu behar izan zuen egoerari buelta emateko. Entrenatzailearen hitzek lortu zuten jokalari nafarrak ernatzea eta biziberritzea. 4-0ko partzial bati esker 11-12 hurbildu zen San Antonio. Bai eta aurrea hartu ere. 16-14 amaitu zen lehen zatia, iruindarren alde. Ez zioten garaipenari ihes egiten utzi nahi.

Defentsa estutu

Bigarren zatian gauzak aldatu ziren NUPeko pabiloian. San Antoniok lortu zuen bere defentsa sendotzea, eta, batez ere, tentsio gehiagorekin kokatu ziren Apezetxearen jokalariak aurkarien aurrean. Aldaketa horiek mesede egin zieten etxekoei, eta lehen zatiko hutsak, neurri handi batean, zuzendu ahal izan zituzten.

Kosta egin zitzaien, hala ere. Bigarren zatiaren hasieran bi goleko aldeari eutsi zion Iruñeko taldeak, baina Maribor Branikek ez zuen amore eman, eta saiatu zen, behin eta berriz, partidaren erritmoa bizitzen, eta San Antonioko jokalariak nekatzen. Ahalegin horrek eman zuen fruiturik, eta Mariborrek berdinketa lortu zuen 43. minutuan. 21nako berdinketa ageri zen markagailuan.

Joaneko partidan lortutako sei goleko aldeak lasaitasunez aritzeko aukera ematen zien etxekoei. San Antoniok, hala ere, ez zuen alde hori baliatzeko beharrik izan. Batetik Agirrezabalagak eta Sevaljevicek haine esku hartu zutelako nafarren erasoaren ardura. Bertzetik, Maribor Branikeko jokalarien erritmoak behera egin zuelako. Eta aukera ederki profitatu zuen etxeko taldeak partida erabakita uzteko.

Atzoko garaipenak Europako Errekopako finalerdietan aritzeko aukera eman die San Antonioko jokalariei, eta sari horrekin kontent zen Juanto Apezetxea, partida amaitu eta gero. Entrenatzaileak onartu zuen lehen zatia zaila izan zela, baina jokalariek partidari buelta emateko egindako ahalegina eskertu zuen. Kanporaketaren gakoa, hala ere, joaneko partida izan zela azpimarratu zuen Apezetxeak: «Sekulako partida egin genuen han; orain finalerdietan gara, eta une hau gozatzeko ordua da».

Gedeon Guardiola ere kontent zen norgehiagoka amaitu eta gero: «Une polita da oraingoa. Eta amets egiten jarraitu nahi dugu». Finalerdietan aritzeko aukera, behintzat, errealitate bilakatu da jada San Antoniorentzat. Etzi ezagutuko du hurrengo aurkaria, eta zozketa bidez erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.