«Iristen denean, iritsiko da. Ez dut jarriko egunik. Oraingoz, baztertu egin dut erretiroa». Alberto Contadorrek (Tinkoff-Saxo) albiste garrantzitsu bat emanez ospatu zuen Euskal Herriko Itzulian lortutako garaipena. Laugarrena. «Aurtengoa azken urtea nuela aipatu nuenetik ezin duzue sinetsi zenbatek esan didaten erretirorik ez hartzeko, eta, ondo hausnartu ondoren, ideia hori baztertzea erabaki dut. Eta ez da izan azkenean irabazi egin dudalako». Irribarrea ezkutatu ezinik, «gozatzen» jarraitu nahi du 33 urteko txirrindulari espainiarrak. «Hala egokitzen denean, aurretik abisatu gabe hartuko dut erretiroa. Lasterketaz lasterketa joango naiz».
Fisikoki «inoiz baino hobeto» dago Tinkoff-Saxo taldeko txirrindularia. «Eta asko gozatzen dut egiten dudanarekin, entrenamenduekin eta gainerakoekin, eta onena jarraitzea dela uste dut». Euskal Herriko Itzulia laugarrenez irabaztea «oso garrantzitsua» dela aitortu zuen espainiarrak. «Bigarren postua oso gutxi gustatzen zait, baina maila bikaina egoten da beti, eta tira...». Maillot horia jantzita, gogoan izan zuen Paris-Nizan lau segundorengorabeherak utzi zuela garaipenik gabe. «Eta Nairok [Quintana] zazpi atera zizkidan Voltan. Zorionez, erlojupekoa geneukan hemen azken etapan, eta mesede egin dit horrek».
Ahal duen guztietan erasoa jo zalea da Contador. «Baina pazientziarekin eta kontuak aterata irabazi dut lasterketa hau. Banekien oso proba urduria izango zela, eta ardura Skyk hartzea komeni zitzaigun. Azken egunera arte itxaron dugu, nahiz eta horrek arriskua daukan». Euskal Herrian atsedenerako tarterik ez dagoela azaldu zuen Itzuliko irabazleak. «Eta talde indartsua behar da garaile izateko». Lau garaipenetatik garrantzitsuena zein izan den galdetuta, bakarra aukeratzea «ezinezkoa» dela aitortu zuen. Denboraldi hasierako esfortzuak barneratuta, Tinkoff-Saxoko taldeburua «fisikoki eta buruz fresko» iritsi da Frantziako Tourraren aurreko atsedenaldira. «Aho zapore onarekin hartuko dut atseden». Tourrera begira, Oleg Tinkovek, Tinkoff-Saxoko buruak, obsesioa daukala argitu zuen Contadorrek. «Inoiz ez du irabazi lasterketa hori, eta ahalik eta lanik onena egiten saiatuko gara. Daukagun talderik onena eramango dugu Tourrera». Espainiarrak maila bikaina eman du Euskal Herriko Itzulian. «Baina Tourrerako gora egin dezakedala uste dut».
Henao, dena emanda
«Hirugarren aldiz gauza berbera gertatu zait». Sergio Luis Henao (Sky) emaitzarekin triste «baina podiumarekin gustura» zegoen Untzaga plazan, podiumetik jaitsi berritan. «Oso gogorra izan da erlojupekoa, igoera bereziki. Contador hobea izan da, lehiatzeko modu jakin bat dauka eta polita da podiumean bere ondoan egotea». Goitik beherakoan arriskatu egin zuen kolonbiarrak. «Ahal nuen guztia egin dut goitik beherakoan; har nitzakeen arrisku guztiak hartu ditut, eta txirrindulari handi batek irabazi dit azkenean».
Maillot horia jantzita abiatu, eta bigarren amaitu zuen Skykoak, eta, seigarren abiatuta, podiumean amaitu zuen Nairo Quintanak. «Ezin izan dut irabazi erlojupekoa, baina emaitza garrantzitsua da etorkizuneko lasterketetarako». Podiumera igota, «gustura» zegoen kolonbiarra. Eta zer esanik ez Mikel Landa (Sky). «Uste nuen baino gehiago egin dut Itzulian. Ederra izan da. Girora begira, indartuta atera naiz».
Euskal Herriko Itzulia: adierazpenak
«Oraingoz, baztertu egin dut erretiroa»
Alberto Contadorrek Itzulia irabaztearekin batera aitortu du luzatu egingo duela bere kirol ibilbidea: «Gozatzen jarraitu nahi dut»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu