Hiru estropada baino ez dira jokatu aurtengo San Miguel ligan, eta bistan da goizegi dela ondorioak ateratzeko. Ateratzekotan, hiru jardunaldietan gertatua batera hartuz atera behar da. Eta, azterketa horretan, izen propio bat dago besteen gainetik: Orio. Hirutik bitan astindu du trapua, eta aurrez uste zena berretsi baino ez du egin: indartsuena dela. Igandean, Bueun (Galizia), bigarren bandera irabazi zuen, hasi eta buka estropadaren buruan joanez. Kontuan hartzeko beste datu bat hau da, taldearen indarraren berri ematen duena: aldaketak egin zituen Igor Makazagak igandeko taldean, eta ontzia berdin-berdin ibili zen.
Beste izen propioa Urdaibai da: larunbatean, irabazle, eta herenegun, bigarren. Irabazteak esan nahi du Orioren gainetik ibiltzeko gaitasuna izatea, eta hori asko da, gauzak dauden bezala egonda. Irabazi gabe ere, oriotarrengandik oso gertu egotea ere oso kontuan hartzekoa da. Bi segundo baino ez ziren egon bien artean, eta estropada lehiatua izan zuten. Kanporako luzeetan, Orio hobeto moldatu zen, baina Urdaibai ez zen atzean geratu; barrurakoetan, Bermeokoak hobeto aritu ziren, baina oriotarrek ez zieten utzi aurrea hartzen. Makazagak egin zuen bezala, Jon Salsamendik ere aldaketak egin zituen bere taldearen tostetan, eta mailari eutsi zion ontziak.
Bigarren bandera horrekin, Oriok sendotu egin du ligako lehen postua. Urdaibai zigortua ez balego, gainean izango luke, eta garbi dago zigorrak ondorio hau utzi duela, bidezkoa den edo ez eztabaidatik kanpo: zirrara eta emozioa kendu dio liga irabazteko lehiari. Hondarribia dago bigarren, ia denboraldi guztietan erakusten duen ezaugarriari helduta: erregulartasuna. Larunbatean hirugarren izan zen, eta igandean ere bai.
Hiru estropada hauetatik atera behar diren beste ondorio batzuk hauek dira: Orio eta Urdaibai —eta besteren bat sar daiteke, akaso— eta gainerakoen arteko aldea izugarri handia ari da izaten; aurreko urteetan baino handiagoa. Zierbenaren jardun onak ere lekua merezi du. Altxorra aurkitu du Galizian, eta seigarren jarri da sailkapenean, atzeko lekuetatik urrun. San Pedro estutasunekin itzuli da, espero baino larriago, atzera begira jarrita, eta Portugalete oso urruti da ustez eman dezakeen mailatik; asteburu kaskarra egin du. Esan daiteke Pedreñarenak San Miguel ligan eginda daudela. Azkeneko hori, ondorioa baino gehiago, errealitatea da, hasiera izan arren. Ez du bururik jasotzen, eta zorte txarrarena baino sakonagoa da arazoa.
Zumaia eta Zarautz
Igandeko beste estropada Santurtzin izan zen (Bizkaia), KAE 2 Ligakoa. Eta, bezperan bezala, Zarautz nagusitu zen, erraz. Bi estropadetan irabazle izanda, lehen postuan sendo daude zarauztarrak, Deusturen aurretik. Koska bat goragoko mailan, KAE 1 ligan, Zumaia da lehena, jokatutako hiru estropadetatik bi irabazi baititu. Puntu bakarrera du bizilaguna, Getaria, eta laura Lekittarra. Atzerago datoz beste guztiak.
Oraingoz, buruz burukoa
Oriok bigarren bandera irabaziz sendotu zuen, igandean, San Miguel Ligako lehen postua, eta Urdaibaik erakutsi zuen berriz ere oriotarren aurkari indartsuena dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu