Eibar, seigarren eta 22 puntu. Bigarren Mailako sailkapenak ez du gezurrik esaten. Ligaren herena jokatu eta gero [hamalau partida], zenbaki bikainak dira. Garbi dago Eibarren aurreneko helburua mailari eustea dela. Horretarako beharrezkoak dira 50en bat puntu. Bide onean doa, beraz. Duela bederatzi urte ere helburu bera zuen taldeak, eta orduko hartan ere hasiera bikaina eman zion ligari. Azkenean, laugarren izan zen Eibar hura, eta gutxi behar izan zuen Lehen Mailara igotzeko; azken jardunaldira igotzeko aukerekin heldu zen.
Gauza bera egingo ote duen talde honek... bat baino gehiago hasi da ametsak egiten. Aldera al daitezke baina Jose Luis Mendilibarren talde hura eta Gaizka Garitanoren hau? Zenbakiei erreparatzen bazaie, bistan da baiezkoa dela erantzuna. Bestelako antzekotasun batzuk ere badira; esaterako, entrenatzaileari dagokionez. Orduan, Mendilibar iritsiberria zen elitera, aurreneko esperientzia zuelako Bigarren B Mailatik gora. Garitanok ere lehen aldia du Bigarren Mailan. Mendilibarri bezala, hari ere etorkizun oparoa aurreikusten zaio.
Bestelakoan, antzekotasunak dauden edo ez jakiteko, orduko taldeko kide batengana jo duBERRIAk. Mikel Arregi (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) ez zen asko aritu denboraldi hartan, «bost partida baino ez nituen jokatu», baina oso oroitzapen onak dauzka sasoi hartakoak. «Talde hura Eibarrek izaten dituen artean beste bat gehiago zen hasieran. Gerora bilakatu ziren jokalari ezagun taldekide asko, baina orduan, nork ezagutzen zuen David Silva? Eta Gorka Iraizoz? Eta Kike Mateo? Eta Moises Hurtado?», azaldu du.
«Gogoan dut liga hasi baino astebete lehenago hamabost edo hamasei jokalari ginela. Silva azken unean heldu zen, eta Moises ere bai. Silva Valentziaren harrobitik zetorren, eta Parmara joatekotan egon zen. Azkenean, Eibarren bukatu zuen». Ia beti ibiltzen da Eibar taldeak azken unean osatzen. Ordukoa ez zen salbuespena. Ezta jarritako helburua ere: «Mailari eustea zen, beti bezala».
Baina gero, partiden joanean, ikusi zen talde hark askoz gauza gehiago lor zitzakeela: «Oso ondo hasi ginen, eta goian jarri sailkapenean. Uste dut urtarrilera arte aurreneko hiruren artean ibili ginela. Orduan hiru igotzen ziren Lehen Mailara». Gero, behera egin zuen pixka bat, eta seigarren lekuraino jaitsi: «Bi puntu bakarrik atera genituen partida batzuetan, eta gogoan dut Murtzian galdu eta gero zer esan zigun Mendilibarrek: 'Horrela segitzen badugu, oso goian bukatuko dugu, sailkapeneko aurreneko bosten artean». Bazekien zerbait entrenatzaileak, gerora ikusi zen bezala.
Arregiren ustez, Eibarren denboraldi hartan, bi zutabe sendo egon ziren: «Batetik izan zen Mendik ematen zigun konfiantza; edozeini irabazteko gai ginela sinetsarazi zigun. Eta, bestetik, konfiantza horrekin lotuta, berdin jokatzen genuela etxean eta kanpoan, zelai zailetan eta ez hain zailetan, aurkari handien eta ez hain handien aurka». Gauzak horrela, ligaren amaiera jokoan zela, Eibar igotzeko aukerekin zen oraindik. Pentsaezina lehiaketaren hasieran, baina lan onaren emaitzak emandako sariagerora. Horrela gogoratu du Arregik bukaera hura: «Azken partidan igotzeko aukerak izan genituen oraindik. Baina ez zegoen gure esku. Racing Ferroli irabazi behar genion Ipuruan, eta, gero, Lleidak eta Cadizek galdu egin behar zuten. Azkenean, ez bata ez bestea. Guk berdindu egin genuen, baina irabazita ere ez ginen igoko, besteen emaitzengatik».
Eibar hura berritzailea izan zen jokatzeko ereduari dagokionez. Ez zen betiko Eibar, alde horretatik begiratuta: «Aurreko denboraldian, Jose Mari Amorrortuk aldatu zuen eredua, baloia zelai gainean gehiago erabiliz eta. Gero, Mendirekin, erabatekoa izan zen aldaketa. Goian presionatzen genuen, eta baloia atzetik jokatuz ateratzen. Egia esatera, horrela jokatzeko egokiak ziren jokalari haiek: Silva, Moises, Kike Mateos, Cifu, Manel...».
Bi taldeen arteko antza
Arregik ikusi du jokatzen Garitanoren taldea, eta egin du alderaketa 2004-2005eko sasoiko talde harekin: «Kalitate tekniko aldetik, hura hobea zen, baina antzekotasunak ere badituzte ordukoak eta oraingoak». Berdintasunak honetan antzeman ditu egun gazteekin entrenatzaile lanetan dabilen jokalari ohiak: «Jokatzeko eredua eta sistema antzekoak dira, eta beste berdintasunak entrenatzaileekin du lotura. Orduko hartan, asko nabari izan zen Mendiren eragina, eta oraingoan ere asko antzematen dut Garitano dela entrenatzailea». Talde hartan zen Garitano bera ere, bide batez esanda.
Hasiera baino zerbait gehiago da, eta, bi taldeak alderatzen hasita, badira antzekotasunak. Lehengoen lana hor dago; oraingoei dagokie berdintzea. Bidea ona da.
Ordukoaren antza dauka
Eibar seigarrena da ligaren herena jokatuta, eta hasiera onak gogora ekartzen du 2004-2005eko denboraldia: laugarren bukatu zuen. Mikel Arregi orduko jokalariak sasoi hartakoa kontatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu