Talde bateko kideek duten konfiantza neurtzeko jokalarien adierazpenak aztertzea baino termometro egokiagorik ez dago. Jakinekoa da futbolariek ez dutela beti pentsatzen dutena esaten. Onerako bada, ez dute arazorik izaten gezurretan aritzeko. Baina hori, normalean, gauzak ondo ateratzen ez direnean gertatzen da. Taldearen egoera ona denean, sinesgarriagoak izaten dira protagonisten esanak. Ez daukate taldea babesteko premiarik. Athletic da egoera horretan dagoen taldeetako bat. Zuri-gorriek txukun hasi dute sasoia. Lehen bederatzi jardunaldiak jokatu ostean, gutxi gorabehera espero zuten lekuan daude. Europarako txartela gertu dago. Puntu bakar batera. Baina, batez ere, zelaian erakutsitakoa da jokalarien mezu baikorraren arrazoi nagusia. Irabazi edo galdu, talde lehiakor eta ezerosoa dela erakutsi diete aurkariei zuri-gorriek. Beraz, ez da harritzekoa futbolariek igorritako mezua. «Talde indartsua gara, eta konfiantzaz gaude», esan du asteon Gurpegik. Gabilondok, berriz, sasoiko ikusten du taldea. «Edozein aurkari mendean hartzeko gai garela uste dut». Normalean zuhurtziaz jarduten diren jokalari biren adierazpenak dira. Ez dago askoz gehiago gehitzerik.
Athleticen adagelan pisua duten esperientzia handiko jokalarien mezua garbia da. Ailegatu da aurrerapauso bat emateko mementoa. Talde handien kontra zeresana eman dezakeela erakutsi behar du. Estatistikak apurtzeko unea da. Egungo Athleticentzat ez du aparteko kezkarik sortu behar Madrigalen sei denboraldiz erreskan galdu izanak. Besteak beste, azken sei sasoietako Athleticik indartsuena delako egungoa. Ez Madrigalek ez goi mailako taldeen kontra lortutako emaitza txarrek, ezerk ezin du Athletic baldintzatu. Horrek ez du esan gura ligan sekulako indarra erakusten ari den Vila-real gaindituko ez duenik. Ez da garaiezina.
Hogei punturekin uste baino egoera hobean dago Juan Carlos Garridok zuzentzen duen taldea. Real Madril ahaltsuak hiru puntu baino ez dizkio ateratzen. Athleticek baino zazpi puntu gehiago irabazi ditu orain arte. Bi taldeak daude bolada onean. Athletici etxetik kanpo ere lehiakorra dela erakustea falta zaio benetan kontuan hartzeko taldea izateko. Lehen bi partidetan lau puntu eskuratu ostean, nabarmen egin dute behera zuri-gorriek Bilbotik at. «Etxetik kanpo huts egin dugu. Eta badakigu kanpoan puntuak eskuratu beharra dagoela goian egoteko», iritzi dio Javi Martinezek. Etxetik kanpoko bolada txarra amaitzeko badauka errezeta. «Vila-realek oso gustuko du erditik sartzea. Aurrera egiteko orduan libre lagatzen ditu hegalak. Beraz, guk hegalak baliatu behar ditugu min egiteko».
Muniain edo Gabilondo
Ezker hegala da azkenaldian Joaquin Caparrosen burukomin nagusia. Atzealdean zuen zalantza kanpondu duela dirudi. Koikilik aurrea hartu die berriz lehiakide guztiei. Ez da talentu handiko futbolaria, ez du sekula huts egiten. Zelai erdian jokatzeko dagoen lehia, berriz, ikustekoa da. Bai Gabilondo, bai Muniain oso ondo ari dira. Beteranoak oreka, estrategia jokaldietan arriskua sortzeko aukera eta gola ematen dizkio taldeari. Izar gazteak, berriz, talentua. Jokaldi bat nahikoa du norgehiagoka hankaz gora jartzeko. Jokalari ezberdina da. Hasiera batean, bera da hasieratik aritzeko hautagai nagusia. Beste hamar jokalarien izenak buruz ikasiko dituzte zaleek maila berean jarraituz gero.
Oreka da gakoa
Athleticek sei urteko lehortea amaitu gura du gaur Madrigalen Vila-reali irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu