Oreka eta lehia bizia aurretik

Asteburu honetan hasiko da arraun denboraldia, ETE eta KAE ligekin. Larunbatean jokatuko dute ETE ligako lehen estropada, Ziburun, eta igandean bigarrena, Hernanin.

ETE ligako iazko estropada bat, Zumaiako uretan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Aspaldi joana da negu beltza. Arraunlariek egutegiari orriak kenduz pasatu dituzte azken hilabeteak, eta, bi aste falta diren arren Euskolabel eta Euskotren ligak hasteko, asteburu honetan hasiko da arraun denboraldia askorentzat. Bihar hasiko da ETE liga. Azken urteetako ligarik arraroena izango da, Euskotren ligan talde gehiago izateak eragin zuzena izan baitu bigarren mailan. Horretan lehiatuko dira Leire Ibar (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) eta Usune Elizondo (Bilbo, 1997), Zumaiako eta Deustuko arraunlariak, hurrenez hurren. Bi taldeak onenen artean aritu dira neguan, eta ligako goiko postuetan egotea dute helburu.

Euskotren ligara igotzeko atarian gelditu zen iaz Deustu. Azken txanpan Tolosaldea nagusitu zitzaien, eta ETE ligan arituko da Tomatera aurten ere. Proiektua «ia berria» dela azpimarratu du Elizondok, eta denboraldiaurrean egindako lana goraipatu du: «Gogotsu gaude liga hasierari ekiteko. Negua luze egiten da batzuetan, eta aurten lan handia egin behar izan dugu, aldaketa ugari izan baititugu taldean. Beti egiten da lana, baina aurten are gehiago». Iazko taldekide ugari arituko dira aurten ere, baina «orain arte baino arraunlari gehiago» iritsi dira kanpotik, Elizondoren esanetan.

Neguan «taldea batzeari» eman diote garrantzia bilbotarrek. Iaz bikain aritu ziren, eta, orduko lan ona eredutzat hartuta, haien arraunketa taldekide berriei erakustea izan dute helburu orain arte. Hala ere, aldaketa guztiak ikusita, Elizondok onartu du ez zekitela non egoteko gai izango ziren beste taldeekin alderatuta. Bateletan zein traineruan lehia estua izan dute Kaikurekin, eta hori albiste pozgarritzat jo du Deustuko arraunlariak: «Bizkaiko zein Euskadiko txapelketetan ikusi dugu gure maila eman dezakegula, baina beste ontziak ere oso indartsu datozela».

Zumaiak, berriz, ez ditu horrenbeste aldaketa eduki iaztik hona. Neguan egindako entrenamenduak taldea «are gehiago» batzeko erabili dituzte zumaiarrek. Iazko arraunlari gehienek taldean jarraitzen dute. Jende berria badago, baina blokea mantentzea lortu dute. «Oso talde gaztea da gurea, baina hori ez dut puntu negatibo bezala ikusten. Oso giro ona daukagu», adierazi du Ibarrek. Lehorrean egindako lan gogorra uretara sartzearekinbatera ahazten da, eta orain «gogotsu eta motibatuta» daudela nabarmendu du. Urduritasuna ere agertu da azken aste hauetan: «Lan handia egin dugu neguan, eta fruituak jaso nahi ditugu».

Orain artekoak, behintzat, esperantza izateko aukera ematen die zumaiarrei. Jaitsieretan estropada onak egitea lortu dute. Esaterako, Lekeitioko uretan egindako estropadan laugarren izan ziren, Hibaikatik —Euskotren ligako taldea— hamabi segundora. Aurretik izan zituzten Kaiku eta Zarautz, ligako aurkari zuzenak, baina hamar segundo eskasean aritu ziren hirurak. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, Hibaikaren eta Zarautzen aurretik iritsi zen Telmo Deun ontzia. Orokorrean taldea «oso gustura» dagoela onartu du Ibarrek: «Azken estropadetan ikusi dugu Euskotren ligakoekin arituta maila eman dugula. Ez gara haiengandik hain urrun aritu, eta horrek indarra ematen du. Lekeition gure ligakoekin lehiatu gara, eta Kaiku edo Zarautz batekin lehian ikusten dugu geure burua».

Asteburuak argituko du

Euskotren ligan zortzi talde lehiatuko dira lehenengo aldiz, eta horrek zalantzak sortu zituen hasieran, ez baitzekiten nolako ETE liga izango zen. Azkenean beste zortzi talde lehiatuko dira aurten ETEn. Lehen bi sailkatuek kanporaketak jokatuko dituzte, datorren denboraldian Euskotren ligara igotzen ahalegintzeko. Lehiaketa aldatu egin da, eta neguko jaitsieretan izan dute taldeek indarrak neurtzeko aukera. Talde ugarik egon nahi dute ohorezko txandan, eta horietako bi dira Deustu eta Zumaia. Oso lehia parekatua izango da. Elizondoren arabera, ligan talde gutxiago izango diren arren maila ez da jaitsi. Ez hori bakarrik; «gora ere egin du», ohartarazi du: «Lehen taula erdian egon zitezkeen traineru batzuk goran egongo dira aurten». Horrelako erabakiak emakumeen arraunaren mesedetan direlakoan dago Deustuko arraunlaria, baina uste du beste urrats batzuk ere egin behar direla: «Hurrengo pausoa da bigarren liga honen maila handia mantentzea. Eta datozen urteetan aurten atera ez diren traineru batzuk ikustea. Hori albiste bikaina litzateke».

Bide beretik jo du Ibarrek ere. Gizonezkoenarekin alderatuta, emakumeen arraunean ez daude horrenbeste talde, ezta arraunlariak ere. Askotan talde batzuek ezin izaten dute trainerurik atera, behar adina arraunlari ez dituztelako. Horregatik, liga berri hauekin «beldur puntu bat» bazegoela onartu du Ibarrek: «Nahiz eta lehenengo liga handitu, ikusi beharra zegoen horrek nola eragingo zion bigarren mailari; zenbat talde arituko ginen, edo zenbateko lehiakortasuna egongo litzatekeen». Hala ere, orain artekoa ikusita «aurkari lehiakorrak» daudela jakinarazi du Ibarrek, eta «liga polita» ikusteko aukera izango dela dio.

Bi taldeak ETE berriaren ohorezko txandan aritzeko hautagaiak dira. «Lehian aritzeko taldea» izatea espero du Ibarrek, eta Zumaiaren helburua da «lehenengoen artean» aritzea. Horixe bera lortu nahi du Deustuk ere. Iaz eskura izan zuten igoera, eta aurten lehen sailkatuen artean egon nahi dute; Elizondoren esanetan, «ohorezko txandagatik borrokan». Hala ere, tentu handiz arituko dira bi taldeak, eta hori argi ikusten da bi arraunlarien hitzetan. Aurrean egon nahi dute, baina jakitun dira ondoan izango dituzten taldeek helburu bera daukatela. Errespetu handiarekin mintzo dira biak beste taldeez. «Ez da erraza izango, gu horretarako prestatu garen arren, beste taldeak ere horretarako prestatu baitira. Oso aurkari gogorrak izango ditugu», ohartarazi du Ibarrek. Elizondoren arabera, «oso liga gogorra» izango da aurtengoa. Kaiku «oso indartsu» ikusten duela dio, baina Zumaia, Zarautz eta Ondarroa ere aurrean ikusten ditu. «Haiekin buruz buru lehiatzeko gai bagara, albiste pozgarria izango da», adierazi du. Asteburu honetan hasiko dira argitzen airean dauden zalantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.