Anitz espero zen Miarritzetik. Lehia garrantzitsua zeukan iragan astean: auzokidea eta Bigarren Mailako liderra zuen aurkari, Paue. Partida erabakigarria, Miarritze behingoz ligan bete-betean sartu zen ala ez jakiteko: «Partida jokatzeko zirrara berezia dugu denok», azaldu zuen Kevin Boulognek partidaren atarian.
Gauzak ez ziren atera nahi bezala, ordea. Agileratik kanpo gehiegitan gertatzen ari den bezala, zaflakoa hartu zuen Lapurdiko taldeak (41-6). Gutxirako balio izan zuen bi aste lehenago Montaubanen aurka jasotako astinduak (43-3). Ez zuten ikasi Miarritzek. Ezinean aritu zen. Sasoi honetako zailtasunen seinale dira Pauen eta Montaubanen jasotako porrotak. Etxetik kanpo partida bakar bat ere ez dute irabazi lapurtarrek, eta aise galdu dute usu. Agileran ere ez dira gutxi doi-doi irabazitako partidak —Aurillacen aurka, 16-15; Mont de Marsanen aurka, 24-20; eta Perpinyaren aurka, 23-18—. Lehen hamar lehiak jokatuta, balantze orekatua dauka Miarritzek, bost garaipen eta bost porrotekin. Gaur-gaurkoz, igoerako kanporaketak jokatzeko postuetatik kanpo dago, ordea, sailkapenaren sabelean. Jaitsiera postuak lau puntura ditu, eta kanporaketak, bostera: ez larri, ez ongi.
Oreka horrek ez dio balio, baina, Top 14tik jaitsi berria den eta eliteko maila nagusira itzultzea helburu duen taldeari. Eta miarriztarrek ere badakite hori. Hasieran, pazientzia eskatu zuten Pierre Chadebech eta Benoit August entrenatzaileek. Eddie O'Sullivan Irlandako hautatzaile ohiaren proiektuak errotzen denbora behar zuela zuten argudio nagusi. Baina, eliteko kirolean, beti eskas izaten da denbora.
Serge Blanco presidenteak iraganeko errezetak entseatu zituen gero, jokalariei handiak botata. «Jarrera aldatu behar dute. Baliabideak jarri ditugu haien eskura, eta asaldatu egiten naute zelaian ikusten ditudan gauza batzuek. Gauzak fite zuzendu beharko dituzte». Montaubanen aurkako porrotaren ondotik egin zituen Blancok adierazpen horiek, baina ez zuten izan ondorio onik.
Oldarraldirako deia
Joan den igandean Pauera egin beharreko bidaian zegoen gakoa. Hala sinetsi zuten guztiek. Aurkariak, lider sendoak, zer erran handia zuen. Parada ederra partida handia jokatu eta Top 14ra igotzeko hautagaitza berresteko. Gauzak ez ziren batere ongi atera, ordea. Itxaropen-porrot-krisi ziklotik atera ezinik dabil Miarritze. Aste honetan giro nahasia izan da Agileran, eta Ueleni Fono kapitainak hartu du hitza: «Jokalari guztiak gaude minduta. Pauen gertatutakoa ez da normala. Beste itxura bat eman behar dugu, eta gure sasoia benetan abiatu».
Orain arte, etxetik kanpo astindua jaso eta gero, ondorio baikorra izan dute Agilerako partidarako oldarraldi deiek. Bihar Massy 12. sailkatua errezibituko du Miarritzek, 15:00etan. Paueko itxura txarra ahanzteko, beste behin ere harrotasunari heltzeko dei egin du Fono kapitainak. Agian balioko dio garaipen eta porroten arteko orekari eusteko eta sailkapeneko erdi aldean mantentzeko. Baina gorago begira hasi nahi badu, beste errezeta batzuk erabili beharko ditu Miarritzek.
Orekak ez du balio
Bigarren Mailari neurria hartu ezinik dabil oraindik Miarritze, etxean irabazitakoa etxetik kanpo galduz, eta balantzea ez da espero zen bezain ona. Bihar Massy talde apalari irabazten hastea da Top 14ra itzultzeko lehen pauso garrantzitsua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu