Erremontea

Oriamendik udako txapelketa berria antolatu du

 Jai Alai Summer Season King’s Edition txapelketa antolatu du San Fermin torneoaren ordez  Larunbatean hasiko da, eta uztailaren 15ean bukatu. Lau erremontistak postua aldatuko dute 

Oriamendiko 11 erremontista, txapelketako antolatzaileak eta ordezkariak aurkezpenean. MAIALEN ANDRES
Julen Etxeberria.
2023ko ekainaren 28a
20:01
Entzun

Berritu edo hil dio esaera zaharrak. Oriamendi 2010 enpresak oso argi du: ez du nahi erremontea hiltzea; bizi-bizi eutsi nahi dio, eta luzaroan. Horretarako, aspaldi egin zuen hura eraberritzearen aldeko apustu sendoa. Asmo horrekin, hainbat aldaketa egin ditu erremontearen jardunean azkenaldian, eta hainbat berrikuntza teknologiko txertatu: kamerak kaskoetan, mikrofonoak soinean, eta Erremontari telebista saio propioa ETB1en, besteak beste. Apustuak arrakasta izan du, erremonteari bizirik eta osasuntsu eusteaz gain, zale berriak biltzen ari baitira pilotalekuan. Oriamendik garai berrietara egokitu nahi zuen erremontea, eta lanaren poderioz, helburua lortzen ari da. Baina gehiago nahi du, eta beste pauso bat eman du berrikuntzaren eta aldaketaren aldeko bidean. Horrela, goitik behera aldatu du udan jokatu ohi den torneo nagusia: sanferminetakoa.

San Fermin torneoari izena bera ere aldatu dio: Jai Alai Summer Season King’s Edition txapelketa izango da aurrerantzean; Jai Alairen Uda Sasoiko Erregeen Ekitaldia. Larunbatean hasiko da, eta uztailaren 15ean bukatu. Bost egunez jokatuko dute Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan: larunbatean eta hilaren 6an eta 8an ligaxka jokatuko dute lau bikotek; aurreneko bi sailkatuak finalerdietan ariko dira uztailaren 13an; eta irabazleek finala jokatuko dute uztailaren 15ean. Erremontari saioan egin bezala, hiru setetara jokatuko dituzte partidak: aurreneko biak, hamabost tantora, eta beharrezkoa balitz, azkena bostera.

Aldaketa garrantzitsua egin dute bikoteak osatzeko orduan. Lau bikotek jokatuko dute txapelketa, baina ezohikoak izango dira erabat; bi bikote aurrelariz osatuta egongo dira, eta beste biak, berriz, atzelariz. Hauek izango dira lau bikoteak: Kemen Aldabe eta Javier Urriza; Beñat Segurola eta Imanol Ansa; Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea; eta Xabier Azpiroz eta Iban Larrañaga. Urrizak eta Ansa II.ak lehen aldiz jokatuko dute txapelketa bat atzelari gisa; eta Barrenetxea IV.a eta Azpiroz, berriz, aurrenekoz ariko dira aurrelari moduan.

Jaialdien ordutegietan egin dute beste aldaketa esanguratsu bat. Ostegunetan, uztailaren 6an eta 13an, ohiko ordutegian hasiko dira: 16:30ean. Larunbatetan, ordea, gauez hasiko dira: uztailaren 1ean eta 8an, 22:00etan; eta 15ean, 21:00etan. Horietan jendeari aukera eman nahi diote eguna nahieran aprobetxatzeko, eta gauez Galarretara joan, eta erremonteaz eta antolatuko den ikuskizunaz gozatzeko. Ez delako erremontea bakarrik egongo. Jai giroa gustuko duen orok aukera paregabea izango du festaz gozatzeko: disko jartzaile bat izango da, eta jateko eta edateko aukera ere bai, pintxo-potea egingo baita.

Txapelketa «erakargarria»
«Txapelketa berezia izango da», azpimarratu du Endika Barrenetxeak, Oriamendiko erremontista eta ordezkariak. Aurkezpenetik hasita. Gaur arratsaldean egin dute, Donostiako Santa Klara uhartean, Kontxako badiaren erdian. Ondo pentsatuta zegoen. «Ikusle berriak bereganatu nahi ditugu, eta uda garaia aproposa da horretarako, turista asko etortzen baita gurera. Kirola, tradizioa, musika eta gastronomia batzen dituen aukera bat eskaini nahi diegu haiei guztiei. Gauza berriak egiten ari gara aspaldian, eta emaitza onak lortzen ari gara. Ea honek ere arrakasta duen».

Txapelketa ikusleentzat eta pilotarientzat «erakargarria» izango delakoan dago. Hain zuzen ere, postua aldatuta ariko diren lau erremontistetako bat da Barrenetxea IV.a. «Esperimentua da postuak aldatzearena, baina, nire ustez, jakin-mina piztuko du, baita saltsa sortu ere gure artean; elkar xaxatzen aritzen gara ea zeinek egiten duen lan gehiago kantxan. Gainera, erremontista batek baino gehiagok esana genuen gustatuko litzaigukeela postua aldatuta jokatzea. Txapelketa honek horretarako aukera emango digu. Pizgarria da; jokatzeko gogoz gaude. Ikusleek, berriz, espero ez duten zerbait ikusiko dute».

Lehen Mailako txapelketa berriaz gain, Bigarren Mailakoa antolatu du Oriamendik datozen hiru larunbatetarako. Larunbatean, lehen finalerdian, Loitegik eta Aiestaranek Irazuren eta Zubiriren aurka jokatuko dute; eta bigarrena 8an izango da: Zaldua II.a eta Eskudero Gurrutxagaren eta Apezetxearen aurka. Irabazleak finalean ariko dira, 15ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.