Orio eta Hondarribia. Bata emakumezkoetan eta bestea gizonezkoetan, horiek izan ziren atzoko garaileak Kontxako estropadako lehen jardunaldian. Tarteak, ordea, erabakigarriagoa dirudi gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Oriok bi segundo eskas atera zizkion Donostiarrari, bigarren sailkatuari, eta lehia zabalik dago oraindik. Hondarribiak, berriz, Zierbenak baino zortzi segundo lehenago gerarazi zuen kronoa, eta bandera irabazteko faborito nagusia bilakatu da. Dena den, datorren igandean itsaso handi samarra izango dela aurreikusi dute, eta ezin da ezustekorik baztertu.
Ohorezko txanda Oriok, Donostiarrak, Arraun Lagunakek eta Tolosaldeak jokatuko dute emakumezkoetan. Orio indartsuena izan da denboraldi osoan zehar, eta atzo ere bazirudien bandera bideratuta utz zezakeela bigarren luzean: Donostiarrarekiko zortzi segundoren tartea ere izan zuten horiek. Poparean aritzeko itsaso egokia zegoen, ordea, eta etxekoek bikain baliatu zuten hori badia barruan.
Azkenean, ia parean helmugaratu ziren bandera lortzearren lehiatuko diren bi taldeak, eta ikusteko dago zer gertatuko den datorren igandean. Alboan izango dituzten Arraun eta Tolosaldea lehen txandako bi sailkatuak izan ziren atzo: Arraunek hamahiru segundoren atzerapena du Oriorekin, eta Tolosaldeak hamazazpi segundorena.
Hondarribia, nagusi
Gizonezkoetan, Hondarribiak azken asteetan bikain ibilia dela berretsi zuen atzo. Itzulerako luze bikaina egin zuen Ama Guadalupekoak; ziabogan ia parean ziren berdeak, Zierbena eta Orio, baina poparean bikain moldatu zen Joseba Amunarriz patroi zuen ontzia, eta alde nabarmenak eskuratu zituen: zortzi segundo atera zizkion Zierbenari, eta 23 Oriori, aukera txikiarekin geratzeraino. Lehen txandako irabazleari, Santurtziri, hemeretzi atera zizkion. Lau horiek osatuko dute ohorezko txanda datorren igandean.
Hirugarrenez jarraian irabaz dezakete Kontxako Bandera hondarribiarrek. Oraintxe, sekula Kontxarik irabazi ez duena dute aurkari nagusi, Zierbena, eta badirudi bigarren jardunaldian bien artekoa izango dela bandera lortzeko lehia. Urtea nola joan den ikusita, berdintasun handiagoa espero zitekeen. Hondarribiak gorabehera askorekin hasi zuen uda, baina, orain, ondo bideratu dute Donostiako estropada, eta ligarako lehian ere bete-betean sartuta daude.