Oriok eta Zumaiak eskura dute San Miguel ligan aritzea datorren sasoian

Oriotarrak izan dira azkarrenak, nabarmen, eta Zumaiak ere aldea atera die Santurtziri eta Amegroveri

Aitor Manterola Garate.
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
San Miguel ligako igoera eta jai- tsierako kanporaketak lehen jardunaldia izan zuen atzo, Bermeon, eta ia erabakita geratu dira gauzak. Izan ere, Oriok eta Zumaiak kolpe handia eman zieten beste bi aurkariei, Santurtziri eta Amegroveri. Orio izan zen azkarrena; Zumaia bigarren, 19 segundora; Santurtzi hirugarren, 33ra, eta Amegrove laugarren, 34ra.

Aldez aurretik inoizko kanporaketa estuena izango zela esaten zen, baina, gero, aldeak handiak izan ziren. Itsasoa ez zegoen bare, haize zakarra ere bazen, eta arraunlarien lana oztopatzeko baziren nahikoa osagai. Oriotarrek sekulako estropada egin zuten, ziurrenik urteko biribilena, eta lanak hasi orduko laukotearen buruan jarri ziren; nabarmen, gainera. Kale edo bale egiteko pentsamenduarekin atera zen. Bete-betean asmatu zuen, eta sekulakoren bat gertatzen ez bada, gaur eguerdian itzuliko da San Miguel ligara.

Santurtzi, hasieratik atzean

Zumaiak ere lan biribila egin zuen. Eguraldiaren baldintzak ez ziren beretzat egokienak, baina estropada ederra egin zuen. Lehen bi luzeetan, Amegroverekin lehia estua izan zuen, baina bigarren erdian, aise menderatu zuen Galiziako ordezkaria. Bigarren zatiko lana nolakoa izan zuen erakusteko datu argigarri bat: Oriok baino segundo bat azkarrago egin zuen azkeneko luzea.

Galiziarrak eta Santurtzi ezinean aritu ziren. Harrigarria izan zen santurtziarrek hasieratik izan zituztela zailtasunak. Atzean geratu ziren, eta gaitz erdi bukaeran Amegrove aurreratu zutela. Gaur erabakiko da zein birentzat den saria, Portugaleten (12:00). Erlojuaren aurkako lanak zehaztuko du, atzo bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.