Atzo goizean «hainbat arraunlarik» plazaratu zuten agiri anonimoa eztabaida eragiten da. Atzo bertan, Eusko Label ligako arraunlariak batzen dituen elkarguneak adierazi zuen ez duela zerikusirik testu horrekin, eta gaur, Orioko Arraunlariek atera dute oharra, agiriak ez dituela ordezkatzen esanez.
"Larritzat" jo dute agiri anonimoaren egileen jarrera: «Arraunlari guztien izena baliatu izana larria da, inola ere eztabaidatua eta adostua izan ez den testu bati izaera publikoa emateagatik». Esan dute ez dakitela nork idatzi duen testua, eta «gutxiago aldarrikatzen». Orioko Arraunlariek diote «aurrenekoak» direla osasun neurriak bermatzeko beharrezko dena exijitzen dutenak: "Gainera, erabakimen osoa daukagu neurri horiek betetzen direla ziurtatzeko". Gaur-gaurkoz, ez dute ikusten lehiaketa oztopatu dezakeen baldintzarik.
«Nahasmenak eta segurtasunik ezak zeharkatutako garai hauetan, sentsibilitate eta ikuspuntu ezberdin oro errespetatzen ditugun arren, horiek dagokion lekuan azaldu eta eztabaidatzea gustatuko litzaiguke», azaldu dute oharrean, amaiera esaldi honekin eman aurretik: «Uda honetan arraunarekin gozatu eta gozarazteko irrikian gaude».