Oro ez baita urre

Sebastian Vettelek handien moduan irabazi du laugarren aldiz jarraian Munduko 1 Formula Txapelketa, Indiako Sari Nagusian ere nagusituta. Gidari alemaniarraren garaipenean, ordea, dena ez da urre kolorekoa izan.

Laurentzi Garmendia
2013ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sebastian Vettelek (Red Bull) dagoeneko historia egina zuen duela hiru urte, inoizko munduko txapeldunik gazteena bilakatu baitzen bere lehen titulua irabazita —23 urte eta 154 egun zituen—. Lehen marka izan zen, baina inondik inora ez azkenekoa, ordutik beste hamaika ezarri baititu bata bestearen atzetik. Bigarren eta hirugarren titulua lortzen ere gazteena izan zen. Aurten, laugarrenarekin,errekor sorta horrekin jarraitu du, baina beste bat ere gehitu dio. Izan ere, inor ez zen gauza izan orain arte lehen lau txapelketak jarraian lortzeko. Gutxi dira banatuta ere lau txapelketa lortu dituztenak: Alain Prost frantziarrak lau aldiz irabazi zuen, Juan Manuel Fangio argentinarrak bostetan eta Michael Schumacher alemaniarrak zazpitan.

Titulua irabazi zuen beste hiru txapelketekin alderatuta, ezberdina izan da aurtengoa. Aurreko bien arteko nahasketa modukoa izan da. Iaz bezala, uztail eta abuztuko lasterketetan eman du kolpea, eta aurkari guztiak txikitu. Oraingoan, ordea, ondo hasi zuen sasoia, 2011n egin zuen bezala. Urte osoa aritu da sendo, ia ez da jaitsi podiumetik —hiru bider sailkatu da hirugarren postutik behera—, eta hori oinarri trinkoa izan da gerorako. Silverstonen, urteko zortzigarren Sari Nagusian buruan zela erretiratu behar izan zuen lasterketa irabazi izan balu, Japonian erabakia legoke txapelketa, orain bi aste. Red Bullen eta Vettelen nagusitasuna sekulakoa izan da aurten. Gidari alemaniarrak eta Austriako taldeak egindako lan bikainaren ordaina dira bi tituluak patrikaratu izana.

Zaleen artean aldatu egin da Vettelen irudia. Txapelketan erakutsitako nagusitasuna eta Malaysian taldeko aginduei jaramon egin ez izanak harenganako ezinikusia handitu dute. Italiako eta Singapurko sari nagusietako podiumetan txistu eta oihu asko entzun zituen. Aldiz, bi podium horietan bigarren izandakoari, Fernando Alonso espainiarrari (Ferrari) txalo egin zioten. Dagoeneko Vettel ez da guztiek maite duten gazte irribarretsua. Txikitu egiten ditu aurkariak, taldekidearengandik hasita. Harekin ere ez du gupidarik. Guztia irabazi nahi du edozein egoeratan, eta horregatik da txapeldun handia. Duela bi urte Japonian lortu zuen titulua, baina, horrekin asetuta geratu ez eta, hurrengo bi lasterketak irabazi zituen. Aurten txapelketa amaitzeko hiru lasterketa falta direla irabazi du titulua, eta ez dirudi hori eginda ere lasaituko denik. Saiatuko da hirurak irabazten, eta sasoia hamahiru garaipenekin amaitzen —hamar ditu jada—. Hori lortuta, Michael Schumacherrek 2004an egindako marka berdinduko luke. Schumacherrek, hala ere, hemezortzi probako txapelketan lortu zuen marka, eta Vettelek hemeretzi probako batean lortuko luke.

Gidaria eta autoa, gaindiezin

Red Bullen eta Vettelen urte bikaina zailagoa da ulertzen ustez autoak parekatuta egon behar luketen denboraldi batean. Iaz justu-justu irabazi zuen txapelketa, azken lasterketan, Brasilgo amaiera zirraragarrian. Denetik izan zuen denboraldiak, Alonsok oso eskura baitzuen titulua denboraldiaren lehen erdian, baina Vettelen susperraldiak bere aldera desorekatu zuen txapelketa. Aurtengo aldaketa txikiek Red Bullen nagusitasuna ahultzea lortu nahi zuten, datorren urteko aldaketa sakonen aurretik. Pneumatikoak ere desberdinak izan dira urte hasieran. Ezerk ez du nahizuen efektua lortu, ordea.

Kimi Raikkonen finlandiarrak (Lotus) irabazi zuen urteko lehen lasterketa, Australian, baina bigarren lasterketan jada Vettel zen lider, Malaysian irabazi ondoren. Pirelli pneumatikoak segurtasun arazo bilakatu zirenean iazko eredura itzuli ziren, eta horrek erabat ahitu zituen aurkarien itxaropen apurrak. Red Bull mantsotzeko saiakera guztiek kale egin dute, eta piztiaren amorrua eragin dute soilik. Vettelen taldekide Mark Webber australiarrarentzat, ordea, zailtasun gaindiezin bilakatu dira gutxinaka. Vettel handi egin den heinean, Webber txiki egin da. Hala ere, australiarra baino taldekide hoberik nekez topatuko du alemaniarrak.

Datorren urtea beste erronka garrantzitsua da Vettelentzat, taldeen arteko hierarkia erabat alda baitaiteke. Azken aukera izango da askorentzat Vetteli irabazteko, ezin baita gehiago aldatu 1 Formula. Vettelek datorren urtean berriro irabazten badu, taldea aldatzea erabakiko du, dagoeneko ez baitu ezer frogatu behar. Aurten lortu duena ez du inork egin. Laugarren tituluak, hala ere, min handia egin dio, zaleen babes eta berotasuna galduta lortu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.