Bidasoa eskubaloi taldearentzat esanahi handiko urtea da 2020a: 25 urte beteko dira Irungo (Gipuzkoa) taldeak Europako Kopa irabazi zuenetik. Bere lorpenik handiena izanik, klubak handikiro ospatu nahi zuen. Bihar jo behar zuten goia ospakizunek, 1995eko apirilaren 22an irabazi baitzuen Europako Kopa, Zagreben. Titulu horrek ginga jarri zion denboraldi ahaztezin bati, bi aste lehenago Asobal liga irabazia baitzuen.
Baina koronabirusak hankaz gora jarri ditu Bidasoaren asmoak, eta xumeki ospatu beharko du urteurrena. Hala, deia egin du bihar, 20:10ean, finalaren itzulikoa Internetez ikusteko, eta klubaren Twitterrean eta @bidasoa1995 kontuan komentatzeko. Peñek deia egin dute balkoietan elastikoak eta banderak zintzilikatzeko.
Baina oroimena ez dago berrogeialdian, eta orduko protagonistek ez dute ahaztu sasoi hartan bizitakoa. «Oso intentsoa izan zen. Orduan, egunerokoak jan egiten zintuen, baina, orain, ohartzen zara zein gogorra eta polita izan zen liga eta Europako Kopa irabaztea. Lantalde batek eginiko lan bikainaren saria izan zen. Betirako gordeko dut», aitortu du Juantxo Villarrealek (Errenteria, Gipuzkoa, 1947), orduko entrenatzaileak.
Aitor Etxaburu jokalari ohiak (Eibar, Gipuzkoa, 1966) eta Beñardo Garcia presidente ohiak (Irun, Gipuzkoa, 1948), berriz, taldearen eta hiriaren artean egon zen «konexioa» nabarmendu dute. «Hiri osoa egon zen bultzaka. Jendeak gozatu egin zuen, eta horrek ospakizunetan jo zuen goia. Halere, helmuga baino ederragoa izan zen bidea: nola joan zen handituz ilusioa; nola joan ziren gaindituz aurreikuspenak; eta, finean, nola joan zen handituz bola», azaldu du Etxaburuk. «Sekulako zaleak genituen. Munduaren amaierara joan gintezkeen haiekin». Laburra bezain argia izan da Garcia.
Gakoez galdetuta, berehala aipatu dute hirurek «lantalde» hitza. « Jende asko egon zen sartuta, eta guztiek ezin hobeto egin zuten euren egitekoa: zuzendaritzak lan asko eta lan ona egin zuen; babesle batek [Elgorriaga] lagundu zuen; fitxaketak oso ondo aritu ziren; kide guztiak taldearen parte sentitzen ginen, eta denek argi genuen gure rola; kimika genuen; gure onena eman genuen; lesiorik ez genuen izan; zortea eduki genuen; dinamika onari eutsi genion sasoi osoan; eta zaleek inoiz baino gehiago hauspotu gintuzten. Zuzendaritzak, teknikariek, jokalariek, zaleek, komunikabideek... guztiek jarri zuten euren harri koskorra», dio Etxaburuk.
Villarrealek, berriz, klubaren garapena nabarmendu du. «Jende askok sekulako garapena izan zuen. Une egokian egon ginen, toki aproposean, eta zegokion jendearekin». Garciak jarri dio berriro amaiera azalpenari: «Dena atera zen ondo. Gutxitan gertatu ohi dira halakoak, baina ez zen kasualitatea izan: lan asko egin zen».
Perunicic eta Kisselev
Sasoi ahaztezin horrek 1994ko udan izan zuen abiapuntua. Aldaketak izan ziren taldean: Nenad Perunicic alboko montenegroarra eta Oleg Kisselev erdiko errusiarra iritsi ziren. «Ondo diseinatutako taldea zen: jokalari lehiakorrak izateaz gain, elkarren osagarri ziren; atea bikain zainduta zegoen Svenssonekin; defentsa garaia, indartsua eta sendoa genuen; hegaleko bizi eta abilak; lana sei metroetan; eta Perunicicen eta Kisseleven gisako izarrak. Hori guztia uztartzea izan zen kirol arrakastaren gakoetako bat. Hori, eta sekulako borondatea genuela zerbait handia egiteko», dio Villarrealek. Europako txapeldun ? «Inondik inora ere ez», aitortu du. Garciarentzat ere «ezustea» izan zen. «Sekulako taldea genuen, eta, ligako txapeldunorde izan ostean, bagenuen esperantza liga irabazteko. Baina gezurretan ariko nintzateke esango banu espero nuela Europako txapeldun izatea».
Villarrealek aipatu ditu: Perunicic eta Kisselev. Bi jokalari horien ekarpena erabakigarria izan zen. Garciak gogoan ditu haiek fitxatzeko negoziazioak. «Kisselevena ez zen oso zaila izan. Harekin eta haren ordezkariarekin bildu, eta berehala jarri ginen ados». Askoz gehiago kostatu zitzaien Perunicic fitxatzea: «Goizeko ordu txikietara arte egon ginen negoziatzen. Azkenean, esan genion: 'dagoena dago: edo onartzen duzu, edo kito. Gabon'. Azkenean, onartu egin zuen. Handia izan zen Kisselev edo Perunicicen gisako izarrak fitxatzea. Malabarismoak egin behar izan genituen aurrekontua osatzeko. Asko diogu eskertzeko Elgorriagari».
Bidasoak bide zuzena egin zuen Europako Kopan. Lehenbizi, estuasun handirik gabe kanporatu zituen Kiev eta Poloniako Kielce. Ligaxka etorri zen gero. Alemaniako Kiel, Frantziako Olympique Marseilla eta Dukla Praga izan zituen aurkari. Lehen sailkatuak jokatuko zuen finala. Erronka itzela izan arren, irundarrek lau partida besterik ez zituzten behar izan finalerako sailkatzeko. Irabazi egin zituzten aurreneko laurak: 25-18 Kieli, 19-20 Marsellari, 24-19 Dukla Pragari, eta 22-21 Marseillari. Sobera egon ziren azken biak. «Lotsati hasi ginen, talde puskak baitziren denak, batez ere Marseilla eta Kiel: aurrenekoan, Jackson Richardson ari zen, eta bigarrengoan, Magnus Wislander. Baina, partidak jokatuz eta irabaziz joan ahala, hazi egin ginen, eta izugarrizko konfiantza hartu genuen», dio Etxaburuk.
Hirurek Marseillaren aurka jokatutako partidak dituzte gogoan. Biak erabaki ziren azken unean. Marseillan, Perunicicek sartu zuen gol erabakigarria, denbora amaitua zela, falta jaurtiketaz. «Epaileek bitan agindu zioten berriro jaurtitzeko. Bada, hiruretan sartu zuen gola», kontatu du Garciak. Bidasoko presidente ohiak ere gogoan du Irungo partidaren amaiera. «Kisselevek aldaratze bat hartu zuen pistaren erdian, eta aurretik zituen guztiak gainetik eramanda sartu zuen gola».
Zagrebeko infernua
Badel Zagreb izan zen aurkaria finalean, 1992ko eta 1993ko txapelduna. Artalekun jokatu zen joanekoa, eta Bidasoak aurrerapauso handia eman zuen, hamar golengatik irabazita: 30-20. Etxabururen ustez, emaitza «engainagarria» da. «Lehen zatia oso parekatua izan zen. Perunicicek ia pista erditik sartutako gol batengatik izan ez balitz, galtzen joango ginen atsedenaldira. Bigarren zatia ere berdin hasi zen, baina, bat-batean, taldeak klik egin zuen; Artaleku bultzatzen hasi zen, Zagrebek behera egin zuen, eta aldea handitzen hasi ginen».
Villarrealek ez zuen arnasa hartu aldea hamar golera iritsi arte. «Bagenekien Zagrebera bospasei golen aldearekin joatea ez zela bermea. Esperientzia txarrak genituen; adibidez, Milbersthofengoa, 1991ko Europako Errekopako finalean [joanekoan bost golen aldeaz irabazi ondoren, zazpirengatik galdu zuten itzulikoan]. Baina, aldea hamar golera iritsi zenean, pentsatu nuen: 'orain bai, txapeldunak gara'». Hala ere, barrurako gorde zuen. Garcia entzun besterik ez dago. «Zenbat aldiz galdetu nion Juantxori ea nahikoa zen edo ez. Ez zidan ezetz esaten, baina beti zioen gauza bera: erne Zagreben; infernua izango da».
Eta halaxe izan zen Dom Sportova pabiloia: infernua. Berehala geratu zen agerian zale kroaziarrek nor zuten begiz jota: Perunicic. «Balkanetako Gerra zela eta, etsaitzat zeukaten», gogoratu du Etxaburuk. Ivan Sopalovic bigarren entrenatzaileak psikologo lanak egin behar izan zituen. Bikain egin zuen, montenegroarrak partida bikaina jokatu baitzuen. Berak eta talde guztiak. «Oso partida serioa egin genuen, eta, azkenean, ordezkoak ere aritu ziren», azaldu du Villarrealek.
Villarrealen bertsoa
Euren taldea txapeldun ez zela ikusita, etxeko zaleak istiluak sortzen hasi ziren. Neurketa amaieran lehertu zen dena. «Lehenbizi, pizgailu bat erori zen pistara; gero, aulki bat... Korrika sartu behar izan genuen aldagelara», kontatu du Etxaburuk. Han hasi zituzten ospakizunak. Baina kopa falta zitzaien. «Europako Eskubaloi Federazioko presidenteak bi aukera eman zizkigun: itxarotea eta kopa pistan jasotzea, edo gaueko afari ofizialean jasotzea. Lehena aukeratu genuen, noski, eta pabiloian zeuden gure zaleekin ospatu genuen», dio Garciak. Lehen ospakizun horrek gauean izan zuen segida, hoteleko kasinoan.
Ia lorik egin gabe hartu zuten hegazkina. Ordurako, kezka bat zuen buruan Garciak: diru sariak. «Orduko 30 milioi pezeta ordaindu behar genituen [180.000 euro inguru], eta hori ez zegoen aurrekontuan. Galbidea izan zitekeen. Hegazkinean bertan hasi nintzen han ziren erakundeetako ordezkariekin negoziatzen. Azkenean, denek konplitu zuten».
Arratsaldean iritsi ziren Bidasoko kideak Irunera. Beteta zegoen Kolon pasealekua, eta lepo San Juan plaza. Eromena izan zen. Lotsa guztiak bazter batean geratu ziren. Eta hantxe abestu zuen Villarralek hirian askok gogoratzen duten bertsoa: «Duela hogei urte Urantzun /agindu zenidan garbi / Bidasoako eskubaloia / behar zen nagusi jarri / Bagara baina buruko minik / ere eman dizut sarri / Horren ordainez semetzat nauzun / Irungo herri maitagarri / Europan bada kopa eder bat / hura nahi dizut ekarri». 25 urte pasatu diren arren, Villarrealek ez du ahaztu. «Jakina gogoratzen dudala. Barrutik irten zitzaidan. Lortutakoa azaleratu nahi nuen. Denon artean lortu genuelako».
Eskubaloia
Oroimena ez dago berrogeialdian
Bihar 25 urte beteko dira Bidasoa Europako txapeldun izan zenetik. Orduan bizitakoa kontatu dute Beñardo Garcia presidente ohiak, Juantxo Villarreal entrenatzaile ohiak eta Aitor Etxaburu jokalari ohiak. «Balentria» izan zela diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu