Osagai guztiak dauzka

Tropeleko esprinter onenak lehiatuko dira Tirreno-Adriatikon (Italia), gaur hasi eta hurrengo asteartea bitartean

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Badira sekulako partaidetza izan arren ezin motelagoak diren lasterketak. Ibilbidea are motelagoa denean eta txirrindulariek jo eta fuego ibiltzeko gogorik ez daukatenean gertatzen da. Argi eta garbi. Hamaika arrazoi egon daitezke horretarako. Kontrakoa ere gertatzen da, ordea; hau da, txirrindulariak ezagunegiak, posterretan azaltzen ez direnak izanagatik, ikuskizun handia ematea. Baina ibilbidea erakargarria denean, partaidetza ezin hobea, eta lasterketa Italian jokatzen baldin bada, lasterketa hori nekez izango da aspergarria zaleen begietara. Txirrindulariek ere berea gozatzen dute, hainbat arrazoi tarteko. Bada, Tirreno-Adriatiko proba gaur hasi eta hurrengo asteartea bitartean jokatuko da, eta erakargarria eta ikusgarria izateko osagai guztiak dauzka. Tartean, tropeleko esprinterrik azkarrenak daude. Halere, bosgarren etapan, Loreto eta Macerata arteko 30 kilometroko erlojupeko gogorrean erabakiko da, okerrik ezean.

Bi itsasoen lasterketa deitzen diote Tirreno-Adriatikori. Izan ere, mendebaldetik ekialderako bidean, Tirreno eta Adriatiko itsasoak lotzen ditu. Gainera, martxoa erdialdean jokatzen denez, probaleku ezin aproposagoa da Milan-San Remo Clasiccisima prestatzeko. Hilaren 21ean jokatuko da aurten, eta Lungomare Italo Calvino zuzengunean besoak altxatzeko asmoa dutenek Tirreno-Adriatikon fintzen dute gorputza eta pedal kolpea.

Esprinterrek, esaterako. Aurten ere tropeleko onenak lehiatuko dira. Alessandro Petacchi (LPR), Robbie McEwen (Katusha) eta antzeko beteranoak; Tom Boonen (Quick Step) eta Daniele Bennati (Liquigas) 30 urteren bueltan dabiltzanak; eta tximistaren abiadura daukaten Mark Cavendish (Columbia) eta Gerald Ciolek (Milram) gazteak. Sasoia hasi zenetik, garaipenen zakua pilatzen ari dira seiak, baina Cavendishek lortu du gehien. Lau guztira. Bennati italiarraren arabera, «munduko txirrindulari azkarrena da azkeneko 50 metroetan». Beraz, haren gurpila zainduko dute gainontzekoek. Oscar Freire (Rabobank) espainiarra, berriz, lesionatuta dago.

Printzipioz lau etapa dira esprintean bukatzeko aproposak. Lehenengoa, adibidez, baina helmugatik 16 kilometrora, sei kilometro luze da eta %6,1eko batez bestekoa duen mendate bat gainditu beharko dute. Han atzean gelditzen ez badira... Bigarrenak ez du hainbesteko zailtasunik, ezta hirugarrenak ere, egunguztian gora eta behera ibili beharko duten arren. Dena dela, azkenekoa da esprinterrentzako egokiena; San Benedetto del Trontoko zirkuituan bukatuko dena. Orain bi urte, adibidez, Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Eusakdi) nagusitu zen han. Aurten ere esprintetan sartuko da arabarra.

Txirrindulari azkarrak ez ezik, ailegaera gaiztoetan gustura sentitzen diren txirrindulariak ere lehiatuko dira. Eta laugarren etapan tropelaren muturrean agertu beharko lukete txirrindulari horiek. Monteluponen bukatuko da etapa; italiarrek hain gustukoa duten muino tente-tente horietako batean.

Hor segundo batzuetako aldea egongo da faboritoen artean, baina aldeak askoz ere handiagoak izango dira hurrengo eguneko erlojupekoan. 30 kilometrokoa da, eta denetarik dauka: aurrena gorantz, gero 13 kilometro ordekan, eta azkenean laurak gorantz berriro. Erne Fabian Cancellara (Team Saxo Bank) iazko garailearekin, Andreas Kloedenekin (Astana) eta Thomas Dekkerrekin (Silence Lotto).

Azken-aurreko egunean, berriz,itzuli handietan ere lehen mailakoa izango zen mendate bat igoko dute: Sassotetto (1.455 metro). 14 kilometro da luze, eta batez besteko pendiza %7,5ekoa dauka. Apeninoen bihotzean kokatutako helmugaraino 40 kilometro geratuko zaizkie, eta azkeneko 500 kilometroak pikoak dira -%9ko pendiza dute-. Gainera, etapa luzea da: 235 kilometro. Klasiko bat, ia-ia. Hortaz, ez dago aitzakiarik: lasterketa ederra izateko osagai guztiak dauzka aurtengo Tirreno-Adritikoak.



Etapak

1.a: Cecina-Capanori, 147 kilometrokoa.

2.a: Volterra-Marina di Carrara, 177 kilometrokoa.

3.a: Fucecchio-Santa Croce sull'Arno, 166 kilometrokoa.

4.a: Foligno-Montelupone, 171 kilometrokoa. (Muino gogor batean dago helmuga).

5.a: Loreto-Macerata, 30 kilometroko erlojupekoa. (Azkeneko lau kilometroek goranzko joera dute).

6.a: Civitanova Marche-Camerino, 235 kilometrokoa. (Lehen mailako mendate bat gaindituko dute helmugatik 40 kilometrora).

7.a: San Benedetto del Tronto- San Benedetto del Tronto, 169 kilometrokoa.



Azken garaileak

2008 Fabian Cancellara

2007 Andreas Kloeden

2006 Thomas Dekker

2005 Oscar Freire

2004 Paolo Bettini

2003 Filippo Pozzato

2002 Erik Dekker

2001 Davide Rabellin

2000 Abraham Olano



Izen propioak

Fabin Cancellara (Team Saxo Bank), Mark Cavendish (Columbia), Ivan Basso eta Daniele Bennati (Liquigas), Andreas Kloeden (Astana), Thomas Dekker (Silence-Lotto), Tom Boonen (Quick Step), Alessandro Ballan (Lampre), Filippo Pozzato eta Robbie McEwen (Katusha), Danilo Di Lucaeta Alessandro Petacchi (LPR), Joaquim Rodriguez (Caisse d'Epargne), Gerald Ciolek (Milram), Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi)eta Davide Rebellin (Diquigiovanni).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.