Ederki sufritu zuen Osasunak Espainiako Kopako aurreko kanporaketan Haro kanporatzeko. Azken minutuetan lortu zuen helburua, gogotik sufrituta. Bada, gaur, are eta gehiago sufritu du Recreativo Huelva kanporatzeko, luzapena jokatu behar izan baitu final-zortzirenetarako sailkatzeko.
Gorritxoei berehala jarri zaie maldan gora neurketa, hamabigarren minutuan sartu baitu etxeko taldeak lehen gola. Osasunako jokalariek ez dute asmatu baloia euren areatik urruntzen, eta Morcillok aldaratzea jaso du, eta jaurtiketa ona eginda sartu du gola. Euren burua arriskuan ikusita, gora egin dute nafarrek, eta arriskua sortzen hasi dira. Baina ez dira fin aritu ate aurrean. Hori gutxi balitz bezala, berdinketak gertu zirudienean beste huts bat egin dute defentsan, eta larrutik ordaindu dute. Korner batean, Juan Perezek ez du baloia jaso, Unai Garcia baloia urruntzen saiatu da, baina haren jaurtiketak Roncaglia jo du, eta baloia sareetara joan da. Gol horrek min handia egin dio Osasunari, lehen zatia amaitzear baitzen.
Bigarren zatiaren hasieran, gorritxoek estu hartu dute Recreativo. Baina alferrik. 64. minutuan, Jagoba Arrasatek Nacho Vidal, Brasanac eta Chimy Avila zelairatu ditu kolpe batez, eta horrek astindua eman dio neurketari, batez ere aurrelari argentinarraren jardunak. Zelairatu bezain laster hasi da min egiten. Azkar jaso du Osasunak nagusitasun horren saria. 76. minutuan, Brasanacek gol ederra sartu du buruz. Zazpi minutu geroago jaso du Avilak bere lanaren ordaina. Baloia jaso du area barruan, buelta eman, eta binakoa sartu du. Hamar minutu eskas falta ziren, eta gertu zirudien garaipenak. Baina gorritxoek ez dute hirugarrena egin, eta luzapenera joan da norgehiagoka.
Denbora kontua zirudien Osasunak hirugarren gola sartzeak eta emaitzari buelta emateak. Baina kostatu zaio. Izan ere, luzapenaren lehen zatian nagusi izan eta hainbat aukera izan arren, ez da gai izan gola sartzeko. Bigarren zatian lortu du helburua, 111. minutuan. Iñigo Perezek gol ederra sartu du urrutiko jaurtiketa bati esker, eta garaipena eta sailkapena eman dizkio Osasunari.