Futbola

Osasunak erronka zaila du gaur Atletico Madrilen zelaian

Talde gorritxoak ez du punturik bildu etxetik kanpo. Gaur, segida eman nahi dio Getaferen aurka lorturiko garaipen epikoari, Juan Cruz eta Aimar Oroz gabe; min hartuta daude biak.

Abel Bretones. IÑIGO URIZ / FOKU
Abel Bretones, errematatzear, Getaferen aurkako partidan. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko urriaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunak lasai egin du lan azken bi asteetan, Getaferi azken momentuan irabazi ondotik (2-1). Joko aldetik, ez zen garaipenik distiratsuena izan, baina arnasa hartzeko balio izan zion Alessio Liscik zuzendutako taldeari. Ikusteko dago, ordea, katarsia eragin zuen ala ez. Nafarrek Atletico Madrilen zelaian jokatuko dute gaur (21:00, DAZN), eta aukera ona izan daiteke suspertu egin direla erakusteko. Zaleek ez dute apaingarririk eskatuko, baina etxetik kanpo talde lehiakorra ikusi nahi dute.

Osasunak, orain arte, hutsunea izan du Iruñetik kanpo jokatu dituen partidetan, esku hutsik bukatu baititu den-denak. Gaur ere patu berbera izan lezake, neurketak bilakaera logikoa badauka. Oso zaila da Atletico Madrili kosk egitea, eta, gainera, Cholo Simeonek zuzendutako taldea beldurgarri dabil etxean: hamahiru gol sartu ditu azken hiru lehietan. Hortaz, azken garaipenak eragindako euforia alde batera utzi, eta tentuz jokatu beharko dute gaur gorritxoek. Esfortzu kolektibo handia egiteko neurketa izango da. Beldurra, ordea, ekuaziotik kanpo utzi behar dute. Eszenatoki handietan uzkurtzeak ez du gauza onik ekartzen. Gainera, Osasuna gai izan da aurkari zailenen aurka behar bezala emateko; galdu arren, beren zelaietan nahiko estu hartu zituen Real Madril eta Vila-real.

Konfiantza izateko badu beste motibo bat: irabazi egin ditu Atletico Madrilen aurka jokaturiko azken hiru partidetatik bi. Datu esanguratsua da, erakusten baitu gorritxoek atzean utzi dutela urte luzez pairatu duten madarikazioa. 2016 eta 2023 bitartean 11 aldiz neurtu zituzten indarrak Simeoneren taldearekin, eta galdu egin zuten beti. 2023-2024ko sasoiaren azken-aurreko jardunaldian amaitu zen bolada: 1-4 irabazi zuen Osasunak Metropolitanon. Hamabost urte zeramatzan Atletico Madrili etxetik at irabazi gabe. Bada, balentria errepikatzen saiatuko da gaur; oraingoan, Lisciren agindupean.

Teknikari italiarrak dituen egiteko nagusietako bat da Sadarretik urrun lehiakortasuna handitzea. Besteak taldearen identitatearekin du zerikusia: orain arte, Liscik ezin izan dio bere zigilua ipini Osasunari. Batzuetan modu bizi eta dinamikoan jokatu dute gorritxoek, baina azken lehietan asko kosta zaie txinparta piztea. Horretan zerikusia izan dezake Aimar Oroz falta izanak. Aratzurikoak azken lau partidak galdu ditu, ezker oinean duen lesio baten ondorioz, eta taldeak igarri egin du. Itsasargia da erasoko jokoan, baita itsasgarria ere, zelai erdia eta aurreko lerroa lotzen baititu.

Aimarren gisara, Juan Cruz ere buruhausteak ari da edukitzen arazo fisikoekin. Orkatila kili-kolo izan zuen lehenik; alergiak jo zuen gero; eta asteazkeneko entrenamendua aldez aurretik bukatu behar izan zuen, izterreko minez. Haren tokian Jorge Herrandok joka lezake. Hirugarren partida izango luke titular moduan. Alternatiba segurua da, neurria ematen baitu zelaian den aldiro. Beste aukera lau atzelarirekin jokatzea izango litzateke. Kasu horretan, erasoko jokalari batek hartuko luke Juan Cruzen tokia hasierako hamaikakoan. Apustu arriskutsua izango litzateke Atletico Madrili aurre egiteko.

Liscik «sinesteko» eskatu die jokalariei. «Gure lanean eta jokoan sinesten badugu, ziurrenik gertuago egongo gara punturen bat lortzetik», esan zuen atzo entrenatzaile italiarrak.

Julian Alvarez, esne mamitan

Lehen hiru partidetan bi puntu baino ez zituen bildu Atletico Madrilek; Simeoneren aroko liga hasieratik eskasena izan zen. Haatik, hobera egin du ordutik. Etxetik kanpo zalantzati jarraitzen du, baina irabazi egin ditu etxean jokatu dituen azken lau neurketak. Eta ez hori bakarrik: bost gol sartu zizkion Real Madrili bizilagunen arteko lehian, eta beste bost Eintracht Frankfurti Txapeldunen Ligan. Udan jokalarien joan-etorri handia izan zen, baina apurka, piezak bere tokian jartzen ari da Simeone. Taldeko izarrik distiratsuena Julian Alvarez da. Ate aurrean asegaitz dabil iaz iritsi zenetik. Liga honetan sei daramatza jadanik. Haren gol batek erabaki zuen Osasunak Metropolitanon jokatu zuen azken partida, aurtengo urtarrilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.