Sadar gotorleku izaten segitzea. Osasunako jokalariak helburu horrekin zelairatuko dira gaur Elxen aurka jokatzeko (19:30, La Liga). Orain arte bi neurketa jokatu dituzte bertan, eta bietan hiru puntuak poltsikoratu dituzte. Ez dute erronka erraza, ordea. Eder Sarabiak zuzentzen duen taldea igo berri da Lehen Mailara, baina ezustea ematen ari da aurreneko jardunaldietan. Orain arte ez du partidarik galdu, eta Europarako sailkatzeko postuetan da.
Irabazteaz gain, gorritxoek neurketa oso onak jokatu dituzte etxean, eta horri ere segida eman nahi diote. Asteburuan galdu egin zuten Vila-rearen zelaian, baina txukun aritu ziren. Lehen zatiaren amaieran jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren, baina puntu bat urratzear egon ziren. Vila-realek 85. minutuan sartu zuen garaipenaren gola.
Alessio Liscik hasierako hamaikakoan egon ohi diren bi jokalari faltako ditu gaurko neurketan: Valentin Rosier eta Aimar Oroz. Atzelaria zigortuta dago, epaileak kaleratu egin baitzuen Vila-realen aurkako partidan; erdilaria, berriz, oraindik ez da osatu. Haatik, Liscik deialdian sartu ditu Moi Gomez eta Juan Cruz; baita aste honetan lehen taldearekin entrenatu diren harrobiko hiru jokalariak ere: Dimitrios Stamatakis atezaina, Raul Chasco atzelaria eta Asier Osanbela erdilaria.
Liscik goraipatu egin zuen atzo Elx nola ari den denboraldi honetan: «Gauzak oso ondo egiten ari dira, eta merezita daude partidarik galdu gabe. Niretzat, behintzat, ez da ezustea izan, baizik eta egiten ari diren lan onaren emaitza». Aurkariaren ezaugarrien artean ondorengo hauek nabarmendu zituen: «Baloiarekin oso ondo moldatzen da taldea, eta jokaldi luzeak egiten ditu. Beraz, partidaren gakoetako bat zera izango da: baloiaren jabetza guk izatea. Gainera, haien bi aurrelariak bolada oso onean daude. Adi egon beharko dugu, eta pazientziaz jokatu».