Bost partida galdu gabe, hiru garaipen jarraian, eta Konferentzia Ligako txartela esku artean: luzaroan zalantzati ibili ondoren, hazita zegoen Osasuna. Gaur, ordea, ligako talderik onenetako bati egin dio bisita. Vila-realek puntuak lortzeko premia zuen, Txapeldunen Ligako borrokan sendo jarraitzeko. Bada, horien ziztadek zulatu egin dute gorritxoen burbuila. Sergio Herrerak lau aldiz atera behar izan du baloia ate barrutik. Defentsan hauskorregi jardun du Osasunak, eta Vila-realek ez du gupidarik izan. Bapo egin dute etxekoen erasoko jokalariek. Nafarrek astindu bat baino gehiago jaso dute sasoi honetan bisitari gisa, eta gaurko lehia bilduma horretako beste ale bat izan da. Bere txarrean, bi gol sartu dituzte bigarren zatian, eta markagailua apur bat apaindu.
Ezin da jakin Osasuna sendoago ariko zen Catena jokatzeko moduan egon izan balitz —zigortuta zegoen—. Kontua zera da, hura gabe nafarrek zulo handia izan dutela defentsaren erdigunean. Vicente Morenok Unai Garcia ipini du adabaki gisa, bosteko lerroari eutsi nahian. Bada, kapitain gorritxoak lehen zati beltza izan du, zerikusia izan baitu tarte horretan Vila-realek egindako hiru goletan. Askorik ere ezin zaio leporatu, ligan hiru minutu eskas jokatuta baitzen gaurko lehiaren aurretik.
Etxekoek erasoko lehen jokaldian hartu dute aurrea, Parejok zelaiaren azken laurdenean baloia bere egin, eta Ayozek erremate indartsu batez Sergio Herrera gaindituta. Unaik leku gehiegi eman dio aurrelariari. Nahiko ona izan da Osasunaren erantzuna. Jokoaren ekimena bere egin, eta hegaletatik min egiten saiatu da. Moi Gomezek eta Torrok behin eta berriz aldatu dute jokoa alde batetik bestera, Bretones eta Aresoren bila. Hori bai, gorritxoek ez diote aparteko etekinik atera baloi jabetzari. Budimir areaz kanpotik saiatu da jokaldi borrokatu batean, baina ez du atezaina artegatu. Arriskutsuen kornerretan agertu da Nafarroako taldea.
Vila-realek, berriz, izu-laborria eragin du kontraerasoetan eta atzelari gorritxoen bizkarrera egindako pase luzeetan. Barryk eta Pepek aztoratu egin dute Osasuna, eta bien artean kozinatu dute bigarren gola, 33. minutuan. Barryk hasi eta bukatu du jokaldia, eta tartean, pase loratu bikaina eman dio Pepek. Unai bigun agertu da berriro. Lehenago, ondo itzali du Herrandok kontrol txar baten eraginez piztutako sutea, baina kale egin du berriro 39. minutuan, Vila-realen hirugarren golean. Herrando ere ez da fin ibili Peperen aurrean, eta azkenean, baloia sarean sartu du Ayozek.
Ez du amore eman
Atsedenean, Moi Gomez kendu, eta Bryan Zaragoza zelairatu du Morenok, eta bere horretan eutsi dio bost atzelariko eskemari. Osasunak lerroak atzeratu ditu, kaltea gutxitzeko asmoz. Bada, Comesañak baloia langara bidali du bigarren zatia hasi orduko. Okerretik okerrera zihoan neurketa iruindarrentzat, eta ordubeteren langa gainditzearekin batera, Iker Muñoz Unai Garciaren ordez sartu, eta lauko defentsa ezarri du teknikari gorritxoak. Hortik bost minutura iritsi da Osasunaren lehen gola. Torrok bere egin du baloia Foythen pase txarra jasota, Budimirri pasatu dio, eta Ruben Garciak zehaztasun osoz bukatu du jokaldia.
Itxaropenak gutxi iraun du, 70. minutuan etxekoen laugarrena sartu baitu Pepek. Zelaira sartu berritan, labana gurinetan bezala sartu da Baena ezker hegaletik, eta haren erdiraketa aise sareratu du Pepek, bigarren zutoinean. Neurketa ia erabakita gelditu da, baina ekinean jarraitu du Osasunak, beste gol bat sartzeraino. Cardonak penalti inozo bat egin dio Peñari —orpoa zapaldu dio baloia areatik ateratzeko bidean zela—, 79. minutuan, eta Budimir jada aulkian zenez, Aimar Orozek jaurti du. Aratzurikoak taldearen lema hartu du azken minutuetan, eta gorritxoek erasoan finitu dute partida. Garesti ordaindu dituzte, ordea, defentsan egindako hanka sartzeak.
VILA-REAL-OSASUNA
Vila-real. Luiz Junior; Kiko Femenia (Pau Navarro, 46. min.), Foyth (Kambwala, 76. min.), Costa, Cardona: Pepe, Parejo (Denis Suarez, 82. min.), Comesaña, Gueye (Baena, 70. min.); Barry (Buchanan, 71. min.) eta Ayoze.
Osasuna. Sergio Herrera; Areso (Kike Barja, 91. min.), Boyomo, Unai Garcia (Iker Muñoz, 61. min.), Herrando, Bretones; Torro, Moi Gomez (Bryan Zaragoza, 46. min.), Ruben Garcia (Ruben Peña, 76. min.), Aimar eta Budimir (Raul, 76. min.).
Golak. 1-0: Ayozek (2. min.). 2-0: Barryk (33. min.). 3-0: Ayozek (39. min.). 3-1: Ruben Garciak (66. min.). 4-1: Pepek (71. min.). 4-2: Aimarrek, penaltiz (81. min.).