Osasunak punturik bildu gabe jarraitzen du Sadarretik urrun. Gaur Vila-reali egin dio bisita, eta, Real Madrilen eta Espanyolen zelaietan gertatu bezala, esku hutsik geratu da. Ezin zaio leporatu epelkeria, ahalegin handia egin baitu Vila-reali aurre egiteko. Jokalari kopuru berarekin, aurkaria baino are hobea izan da. Gero, Rosierrek txartel gorria ikusi ondoren, aurretik ipini da markagailuan. Atsedena ate joka zela gertatu da hori. Bigarren zati osoa geratzen zen. Eta oso luze egin zaie gorritxoei. Ate joka ibili da Vila-real, harik eta bi danbatekorekin puskatu duen arte. Osasunak ez du amore eman, eta puntu bat lortuko zukeen Raulek bukaerako aukerak baliatu izan balitu.
Aurreko partidetan bezala, Liscik apenas aldatu duen hasierako hamaikakoa. Berritasun nagusia Ruben Garcia izan da; hark bete du min hartuta dagoen Aimar Orozen tokia. Budimirrek, berriz, atzean utzi ditu arazo fisikoak, eta titular postua berreskuratu du, Raulen kaltetan. Izenez harago, eskema taktikoari dagokionez ere ohiko apustuari eutsi dio teknikari italiarrak: hiru erdiko atzelarirekin jokatzea hobetsi du.
Bi taldeek bizitasun handiz hasi dute partida. Zelaiaren bi muturretan egon da saltsa. Juan Cruzek aukera ona izan du Ruben Garciak maisuki ateratako falta batean, baina kanpora jaurti du. Vila-real kolpeak trukatzeko prest agertu da, eta Mikautadzeren eta Peperen bitartez bidali ditu lehen abisuak.
Osasuna geroz eta erosoago sentitu da minutuek aurrera egin ahala. Sendotasun handia erakutsi du defentsan, eta zorrotza izan da erasoan. Etekina atera dio, besteak beste, Victor Muñozen abiadari. Hegalekoak bere oinetan izan du neurketako lehen gola, 19. minutuan: jokaldi dotorea egin dute Rubenen eta Budimirren artean, baina Victorrek kale egin du errematean. Vila-realek ere izan du aukerarik, baina Sergio Herrerarekin egin du topo.
Erabat zoratu da partida lehen zatiaren amaieran. Zerua ilundu egin zaio Osasunari, Rosierrek bi txartel hori ikusi baititu oso tarte laburrean. Eta segidan, eguzkia atera da: luzapena agortzear zela, Thomasek baloia eskuarekin ukitu du area barruan, eta Budimirrek ez du hutsik egin penalti jaurtiketan.
Zorigaiztoko errebotea
Hortik aurrera, sufritzea zegokion Osasunari. Horren jakitun zen Lisci, eta, egitura sendotzeko, Herrando eta Osambela zelairatu ditu, Juan Cruz eta Ruben Garcia aulkian utzita. Gorritxoek ahal bezala eutsi diote harresiari, baina Vila-realen kolpeak indartsuak izan dira. Pau Navarrok, adibidez, zartako latza eman dio baloiari area ertzean, baina Sergiok gelditu ikusgarri batekin erantzun dio. Geroago, Gueyek gora errematatu du buruz.
Marcelinok agortuak zituen aldaketak 66. minuturako. Teknikariak 2011n galdu zuen azkenekoz partida bat Osasunaren aurka, eta ez zuen nahi bolada amaitzerik. Bada, 69. minutuan Mikautadzek eztandarazi egin du nafarren gotorlekua. Solomonek erdiraketa zehatza bidali dio, eta aurrelari georgiarrak, atzelari artean agertuta, sareetara bidali du baloia. Puntua ez zatekeen sari txarra Osasunarentzat, baina ezer gabe geratu da 85. minutuan Gueyek bigarren gola egin duenean, ipurdiarekin taldekide baten jaurtiketa desbideratuta. Raulek bi aukera garbi izan ditu gero, eta penalti bat ere eskatu du, baina markagailua ez da gehiago mugitu.
VILA-REAL-OSASUNA
Vila-real. Luiz Junior; Foyth (Renato Veiga, 67. min.), Rafa Marin, Pau Navarro (Comesaña, 58. min.), Pedraza; Akhomach (Buchanan, 46. min.), Thomas (Oluwaseyi, 58. min.), Gueye; Moleiro (Solomon, 67. min.); Pepe eta Mikautadze.
Osasuna. Sergio Herrera; Rosier, Boyomo (Kike Barja, 89. min.), Catena, Juan Cruz (Osanbela, 46. min.), Bretones; Torro, Moncayola, Ruben Garcia (Herrando, 46. min.); Víctor Muñoz (Becker, 77. min.) eta Budimir (Raul, 77. min.).
Golak. 0-1: Budimirrek, penaltiz (45. min.). 1-1: Mikautadzek (69. min.). 2-1: Gueyek (85. min.).