Atletico Madril Osasuna baino gehiago izan da gaur Civitas Metropolitano estadioan (3-0). Etxekoek Txapeldunen Ligarako sailkapena ziurtatu dute garaipenari esker, eta bisitariei, berriz, urrundu egin zaie zazpigarren postua, zeinak Conference Liga jokatzeko eskubidea ematen baitu. Osasunak hiru puntura du Athletic, baina talde asko daude lehia horretan.
Gaur, egurra jaso du Jagoba Arrasateren taldeak. Lehen minututik atzean sarrarazi du Atleticok, eta gola sartzeko aukera mordoa izan ditu Espainiako taldeak. Lehen hamasei minutuetan, hiru jaurtiketak jo dute Osasunaren atearen zutoinetan, eta bi gol ere baliogabetu dizkiete etxekoei.
Hortik aurrera, hobera egin dute nafarrek: goian presio egiten hasi dira, eta baloiaren jabetza lortu dute hainbatetan. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, gola sartu diote Osasunari, ongien jokatzen ari zenean: Griezmannek egin du jokaldia, eta Carrascori utzi dio, hark errematatu zezan.
Bigarren zatian, bost atzelarirekin jokatu du Osasunak, baina ez du nahi zuena lortu Arrasatek. Neurketa kontrolpean zuen etxeko taldeak, eta Saulek bigarren gola egin du 61. minutuan. Correak, hirugarrena, 81.ean.
Sailkapen nagusian bederatzigarrena da Osasuna, 47 punturekin. Hiru partida falta dira liga amaitzeko.
Atletico Madril: Grbic; Carrasco (Kondogbia, 84'), Gimenez, Hermoso, Molina, Witsel, Koke (Rivas, 83'), Saul, De Paul (Reguilon, 84'), Morata (Correa, 45') eta Griezmann (Martin, 89').
Osasuna: Herrera; Peña (Ibañez, 67'), Aridane, David Garcia, Manu Sanchez, Moncayola, Oroz, Torro (Muñoz, 74'), Budimir (Kike Barja, 67'), Ruben Garcia (Kike, 67') eta Chimy Avila (Juan Cruz, 45').