KIROLA

Osasuntsua arriskutsua denean

Bilboko kaleak korrikalariz beteko dira bihar gauean. Bilbao Night Marathonen lehiatuko dira, 20:30etik aurrera. 42, 21 edo 10 kilometroko ibilbidea egingo dute izena eman duten 10.000 korrikalarik baino gehiagok.

Hiri Krosa, Bilboko Aste Nagusian, 2010ean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Natalia Salazar Orbe.
2014ko urriaren 17a
09:41
Entzun

Guggenheim museoaren aurrean izango dituzte irteera eta helmuga. Berez, osasunerako plan ezin aproposagoa da. Baina ez beti. Kirolak baditu arriskuak.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak deritzo beharrezkoa dela norbere egoera fisikoa proba horietarako behar bezala dagoela bermatzea, eta kirolarientzako propio prestatutako azterketa medikoak egiteko gomendioa plazaratu du. Joseba Atxutegi elkargoko zuzendaritza batzordeko kidea eta familia medikua da. "Ikusi dugu gero eta jende gehiago ari dela parte hartzen herri maratoietan, Santurtzitik Bilborako martxan eta herri lasterketetan. Kirola egiten duen jende guztiak azterketa egin beharko luke".

Azkenaldian halako probaren batean ari zirela hildako kirolari kopuruari buruzko azterketa egin zuen medikuen elkargoak duela urtebete. "Bilbo-Bilbo martxa zikloturistan pertsona bat hil zen duela bi urte, eta Behobia-Donostia lasterketan ere arazoak egon izan dira". Iaz, esate baterako, 30 urteko Nafarroako emakume bat hil zen.

Elkargoaren ondorioa argia izan zen: kirolariek eurentzako propio prestatutako azterketak egin behar dituzte. "Bakoitzak egin gura duen kirolaren arabera erabakiko da zer-nolako azterketa egin behar dioten". Proba horiek bi urtean behin egiteko gomendioa eman du.

Kirolarien osasun azterketa berezia da, eta zentro pribatuetan egiten dute. Izan ere, Osakidetzan ez dute horrelakorik egiteko baliabiderik. "Oinarrizko elektrokardiograma bat egin behar da, eta baita esfortzu proba bat ere. Horrez gain, uste dugu ekokardiograma bat ere beharrezkoa dela". Azterketa sakon horregaz "arriskuak gutxitu egiten dira. Izan ere, zerbait ondo ez dagoela antzemanez gero, medikuak jakingo du zenbateko esfortzua egin dezakeen kirolariak eta nora arte irits daitekeen".

Erabateko segurtasunik ez

Era berean, bat-bateko heriotza eragin dezaketen patologia batzuk aurkitzeko baliagarriak dira proba horiek. Dena den, azterketa horiek eginda ezin da ziurtatu kirolariek arazorik izango ez dutenik. "Ezinezkoa da neurtzea kirola egitean sortzen den estresa. Oso handia da, eta era horretako probakaz soilik jakin daiteke patologiaren bat dagoen. Maila jakin baterainoko segurtasuna besterik ez dute ematen". Azken batean, arrisku handienak zeintzuk diren antzematen dute, eta kirolariari esaten diete praktika zehatz bat egin dezakeen ala ez. "Medikuntzako alor guztietan bezala, inoiz ez dugu izango %100eko segurtasunik. Baina arriskuak gutxitzeko modu on bat da hau".

Baliteke esfortzu proba egin duen norbaiti esan behar izatea praktikatzen duen kirola utzi egin behar duela. "Batzuetan esan behar zaie ezin dutela korrika egin; igeriketa edo mendi ibiliak egitea egokiagoak direla eurentzat. Beste kirol mota batzuetara orientatzeko modu bat ere badira".

Inoiz ariketa fisiko askorik egin ez duen pertsona batek familia medikuarengana ere jo dezake. "Izan ere, ehun kilo dituen pertsona bat ezin daiteke bat-batean korrika egiten hasi. Beraz, lehen arretako medikuak berak esan dakioke oinez atera daitekeela edo bizikleta estatikoan ibili". Halakoetan, garrantzitsua da erritmoa neurtzea. Lagun bategaz oinez doala, berba egiteko gai izan behar duela esaten dio ariketa fisiko apur bat egiten hasi gura duen orori. "Horrez gain, pultsometro bat eskuratzeko gomendatzen diet. Horrek bihotzaren taupadak zenbatzen ditu. Neurri aproposa da ikusteko esfortzu gehiegi egiten ari zaren ala ez. "Inoiz ez zaio kasu egin behar, beste barik, lagun batek egiten duenari edo Interneten irakurri dugun zerbaiti". Hala ere, benetan kirola egin gura dutenentzako ez du inolako zalantzarik: "Mediku espezializatu batengana joan behar da".

Asfedebi Bizkaiko Kirol Federazioen Elkartearen barruan era horretako hainbat mediku espezializaturen zentroak daude martxan. Bilboko Miribilla auzoko Custom4us da horietako bat; eta Iñaki Erdoiza bertako kirol medikuntzako arduraduna da. Azkenaldian nabari dute eurengana azterketa medikoak egitera jotzen duten kirolarien kopuruak izugarri egin duela gora. Iaz, esaterako, 6.000 azterketa egin zituzten. Hiru urtean kopurua bikoiztu egin da.

35 urtetik gorako gizonak

Kirol azterketa egiten dutenen soslaia zein den irudikatu du: "Gehien-gehienak gizonezkoak dira, emakume gutxi batzuk ere badauden arren. Eta, batez ere, 35 eta 40 urtetik gorakoak izan ohi dira. Adin horretatik aurrera kezkatu egiten dira. Asko, dena den, ingurukoek bultzatuta etortzen dira, senideak gerta dakiekeenaren beldur direlako".

Federatutako kirol askotan oinarrizko probak besterik ez dutela eskatzen salatu du. Esfortzu proba egiten diete, bestalde, azterketa sakonak eskatzen dituztenei. "Garrantzitsua da jakitea norberaren bihotzak zelan erreakzionatzen duen esfortzu baten aurrean". Bizikleta estatiko baten gainean zein korrika egiteko zinta batean egin daiteke proba. Elektrokardiograma bategaz, Conconi deritzon azterketa baten bitartez egiten dute. Egin beharreko esfortzua handitu egiten dute probak aurrera egin ahala, bezeroak gehiago ezin duela esan arte. Hori guztia monitorizatu egiten dute.

Zenbait kardiopatia baztertzeko balio du esfortzu probak. "Batez ere, arritmiak antzemateko modu bat da. Egunerokoan baliteke inolako arazorik ez izatea; baina bihotza taupada azkarrak ematen hasten denean, arritmiak sor daitezke, bihotza ez delako gai abiadura horren erritmoari ondo eusteko". Hala ere, populazioaren %5ek soilik du arazo hori. "Nork daki, ordea, probarik egin gabe, arrisku taldearen barruan dagoen?". Faktore askok dute zerikusia bihotzaren arazo horietako bat gertatzeko: estresak eta nekeak, besteak beste.

Kirol zentro horietako adituek kirolariei lagundu egiten diete aukeratu duten kirol mota zein baldintzatan eta zein neurritan egin behar duten zehazten. "Lasterketarako erritmoak zehazten dizkiegu, eta hortik ez pasatzeko gomendatzen diegu. Gure aholkuak jarraitu ezean, min har dezakete bai artikulazioetan bai bihotzean".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.