Leire Oskozek jantzi du Ados pilotaren San Fermin torneoko lau eta erdiko txapela

16-8 atzetik ibili eta gero, neurketa irauli du, eta 22-18 gailendu zaio Ane Mendibururi. Une zailetan ez du amore eman, eta azken txanpan gehiago asmatu du. Gainera, indarrez ere hobeto amaitu du.

Leire Oskoz, txapelarekin, podiumaren gorenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leire Oskoz, txapelarekin, podiumaren gorenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko uztailaren 5a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Kirolean, amore ez emateak saria izaten du askotan. Gaur hala izan da, eta Leire Oskozek horri esker irabazi du Ados Pilotaren lau eta erdiko San Ferminen torneoko txapela. 22-18 hartu du mendean Ane Mendiburu, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finalean. Partidak bi zati oso desberdin izan ditu. 16-8ra arte, Mendiburu oso nagusi izan da, eta Oskoz kontrakarrean aritu da. Mendiburuk gertu zuen txapela, konfiantza handiz ari baitzen, serio jokatuz eta errenta ondo kudeatuz. Baina kirolak badu erakargarri egiten duen zerbait: gauzak goitik behera aldatu daitezke denbora gutxian. Hala gertatu da gaur. Oskozek ez du burua makurtu: pixkanaka jokoaren ekimena hartu du, eta konfiantza berreskuratu du. Horrek zalantza eragin dio Mendibururi, eta 14 eta 2ko partzial batekin txapela jantzi du. «Etxekoei, lagunei eta entrenatzaileei eskaini nahi diet txapela. Oso pozik nago. Partida oso gogorra izan da, Ane bikain aritu da, batez ere hasieran. Baina ez dut etsi, eta partida amaieran nik asmatu dut. Horri esker irabazi dut».

Giro paregabea izan da Labriten, eta zaleak ederki gozatu dira. Aukerak merezi zuen, partidaz gozatzeaz gain bertaratu direnek sarreragatik ordaindu duten dirua ADACEN elkartearentzat izan baita, garuneko kaltea dutenei laguntzeko Nafarroako elkartearentzat. Festa giroan jokatu da finala. Mendiburuk bikain ekin dio finalari, 3-0 aurreratu baita. Sakeari esker, tantoak mendean izan ditu, eta ondo mugitu du Oskoz. Ederra izan da egin duen hirugarren tantoa, besagain pilota zabalera mugituz. Hasiera horretan, Oskoz defentsan aritu da batez ere, eta ezin izan du jokoaren ekimena hartu. Urduri ere antzeman zaio apur bat. 5-1ekoarekin partida etetea erabaki du.  

Oskozek jokatzeko modua aldatu beharra zuen, biziago eta zuzenago jokatu, piloteoan Mendiburu nagusi baitzen. Etenaren ostean, lehen tantoa Mendiburuk egin du. Baina hurrengoan Oskozek asmatu du, oldarkorrago jokatuz. Behintzat hortik aurrera tantoak zertxobait parekatu dira, eta Oskozek apur bat gehiago mugitu du Mendiburu. Baina hark ondo eutsi dio, eta txokoan utzitako pilota batekin egin du zortzigarren tantoa: 8-3. Gainera, hurrengo tantoa sakez egin du. 9-3koarekin, partida haustear zegoen. Serio aritu da Mendiburu, ideiak argi zituela, eta aurkaria batetik bestera mugituz; Oskoz, aldiz, kontrakarrean eta deseroso.

Hortzak estutu beharra zuen Oskozek. Aurrean asmatzen ez zuenez, pilota lau eta erdikoaren arrastora bidaltzen ahalegin da, eta lau tanto egin ditu segidan: 10-7. Baina berriro ere sakea berreskuratu du Mendiburuk, eta horrekin berriro ere min egin du. Beste behin ikusi da lau eta erdikoan lehen pilotakada horrek nolako garrantzia duen. Mendiburuk zazpi tantoren errenta lortu du: 14-7. Errenta kudeatzen ikusi zaio tanto horietan, arriskatu gabe baina pilotari sendo joz.

16-8koarekin, Mendiburuk bideratua zuen norgehiagoka. Baina Oskozek ez du amore eman, eta ekinean jarraitu du. Jokoaren ekimena lortzen saiatu da, eta apur bat gehiago arriskatu du. Gainera, lehiakorrago aritu da, eta hobeto kokatu da kantxan. Mendiburu akatsen bat egiten hasi da, eta zalantza egin du. Zalantzekin batera, nekea azaldu zaio. Oskoz, ordea, konfiantza hartzen hasi da, aldea murrizten ari zela ikusita: 16-13. Aurrean asmatuz joan da, eta arriskatu duenean ondo atera zaio.

Mendiburuk 17. tantoa egin du, baina ez du lortu Oskozen joko bolada etetea. Alderantziz: jokoaren ekimena txapeldunarentzat izan da azken txanpa horretan, eta 19-18koarekin aurretik jarri da lehen aldiz. Indarrez eta hauspoz hobeto eutsi dio, eta txapela harentzat izan da azkenerako.

Peña II.a-Zabala etzi

Astelehenean, San Fermin egunez jokatuko da gizonezkoen San Fermin torneoko lau eta erdiko finala. Bertan Jon Ander Peña eta Javi Zabala arituko dira nor baino nor gehiago. Biek atzo lortu zuten finalerako sailkatzea. Peña II.ak 22-15 hartu zuen mendean Artola, eta Zabalak, 22-13 Peio Etxeberria. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.